Zarataren kontrolerako eremua Trianguloan eta gehieneko bolumenaren muga berria, karroza eta konpartsen lehiaketako berrikuntza nagusiak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/01/30 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Trianguloa eta San Frantzisko pasealekuko 1 eta 2 atarien artean ezarriko da 'zarataren kontrolerako eremu berezia': eremu horretan zuzeneko musika egiten duten konpartsak baino ezingo dira kokatu.
  • Triangulotik harago, karroza/konpartsek egunean zehar egin dezaketen gehieneko zarata 90 dB-tara mugatuko dutela iragarri du ere Nuria Carbonell Kultura, Festak eta Gaztediko zinegotziak, eta gauekoa, 65 dB-tara.
  • Izen-emateak Udate Udaleko Arreta Zerbitzuan edo Udalaren www.tolosa.eus web orrian otsailaren 15a bitarte.
  • “Helburu dugu Inauterien nortasuna zaintzea eta babestea, guztiok izatea lekua jaian, baina errespetuz, jaiarekiko zein tolosar eta bisitari guztiekiko” adierazi du zinegotziak.

Hilabete geratzen da Inauterietarako eta Udalak, gaur, asteazkena, urtarrilak 30, zabaldu berri du Karroza eta Konpartsen lehiaketan izena emateko epea. Karroza, konpartsa eta plataformarik gabeko konpartsek har dezakete parte eta otsailaren 15era bitarte egin daitezke eskaerak.

Kultura, Festak eta Gaztediko zinegotzi Nuria Carbonellek agerraldia eskaini du Karroza eta Konpartsen lehiaketa zabaldu dela eta berau zein karroza/konpartsen jarduna arautzen duten oinarriak jendaurrean aurkezteko.

Bi berrikuntza nagusi daude aurtengoan Carbonellek xehatu duenez, biak gehiegizko zarataren bueltakoak: “azken urteetako giroaren aurrean neurriak hartu ditugu egoerak hobera egin dezan: arazo orokorra da Inauterietan zaratarena, baina bereziki nabarmena Trianguloa plazan. Kontuan harturik plaza hau herriaren eta festaren ardatz dela, eta festaren erakustokirik handiena dela, aurten, lehenengo aldiz, musika jartzeko aukerak mugatu ditugu. Hala, Trianguloa eta San Frantzisko pasealekuko 1 eta 2 atarien artean 'zarataren kontrolerako eremu berezia' ezarriko da. Honek esan nahi du eremu horretan zuzeneko musika egiten duten konpartsak baino ezingo direla kokatu. Gainerako konpartsa ibiltari guztiek, Triangulotik pasatzean, soinu ekipoak itzalita izan beharko dituzte. Eremu honetan egon daitezken konpartsek identifikagailu berezia izango dute”. Karroza/konpartsek egunean zehar egin dezaketen gehieneko zarata 90 dB-tara mugatuko dutela iragarri du ere zinegotziak, eta gauekoa, 65 dB-tara.

“Helburu dugu Inauterien nortasuna zaintzea eta babestea, guztiok izatea lekua jaian, baina errespetuz, jaiarekiko zein tolosar eta bisitari guztiekiko” adierazi du Nuria Carbonell zinegotziak.

Bi neurri horietatik harago, oinarrietan zehazten da ibilbidea ere: Rondilla kalea, San Frantzisko pasealekua, Oria kalea, Nafarroa etorbidea eta Foruen etorbidea. Esleitutako lekuan ezarriko dira karroza/konpartsak, geldirik. Ibilbide horretan toki finko bat nahi duten konpartsa txikiek ere eskatu egin behar dute.

Ordutegiari dagokionez, karroza eta konpartsen emanaldiak 9:00ak eta 23:00ak artean eskaini behar dira, eta emanaldirik ez dagoen bitartean musikaren bolumena erdira jaitsi behar da. Musika 01:00etan amaituko da.

Horrez gain, Kultura, Festak eta Gaztediko zinegotziak “txarangekiko errespetua” eskatu du, “batik bat kalejira garaian. Horretarako, ibilbidean eta alboetan dauden karroza/konpartsen musika ekipoak itzalita egongo dira 18:00etatik 20:00etara”.

Bestalde, galarazita dago edari alkoholikoak agerian eramatea eta sustatzea, konpartsak egiteko kotxeak erabiltzea, konpartsek haimak edo karpa txikiak instalatzea, eta publizitatea egitea.

Diru-laguntzak banatzeko ekarpen finkoak zein erlatiboak definitu ditu Kultura, Festak eta Gaztedia Departamentuak:

  • Finkoen artean, irteera kopurua karrozen kasuan (2 egun 1.100 euro, egun 1 800 euro), eta konpartsen alorrean, berriz, tamaina, partaide kopurua, zuzeneko musika, antzezpena eta koreografia. Atxikitako oinarrietan daude xehatuta kopuruak.

  • Ekarpen erlatiboak dira, berriz, gizon eta emakumeen parekidetasunaren bermea eta euskararen erabilera.

Irizpide horien arabera zehaztuko da karroza/konpartsa bakoitzak jaso beharreko diru kopurua. Carbonellek aurreratu du musika zuzenean egiten dutenek eta antzezlanen bat aurkezten dutenek puntuazio handiagoa izango dutela aurten.

Izen-emateak Udate Udaleko Arreta Zerbitzuan (astelehenetik ostiralera 07:15etik 14:15era), edo Udalaren www.tolosa.eus web orrialdearen bitartez burutu behar dira. Esan bezala, otsailaren 15a bitarte egin daiteke.

Oharra. Palkoen zozketa otsailaren 14an gauzatuko da eta zezen plazako sarreren salmenta otsailaren 18an hasiko da. Xehetasunak aurrerago eskainiko dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA