- Hiru dira aldaketa nagusiak: estropadak jokatuko dira berriro ere Oria Ibaian; haurrei begirako emanaldi bat ere izango da Kuadrilla Egunean, eta zezen suzkoa hilaren 21eko gauean.
Sanjoanetarako ia guztia prest du Tolosak. Festak hasteko egun gutxi batzuk baino falta ez direla aurkeztu dute udalak eta herriko zenbait taldek aurtengo jaietako egitaraua. Ekainaren 21etik 24ra ospatuko dira, nahiz eta asteburu honetan ekitaldi ugari izango diren jada.
Egitarauak ohiko ekintzak jasotzen ditu: alardea, suak, kontzertuak, haurrentzako ikuskizun eta jolasak, kale animazioa, kirol ikuskizunak… Baita nobedade hainbat ere.
Andu Martinez de Rituerto alkateak eskerrak eman dizkie ekitaldi horien guztien antolaketan parte hartu duten eragileei: «Tolosan, Sanjoanak, Inauteriak eta bestelako jai asko bezalaxe, eragile askoren parte hartze eta elkarlanari esker egiten dira. Elkarte gastronomikoak, kirol klubak, kultur taldeak… Guztiok duzuen konpromisoa eskertu nahi dut».
‘Sorotan Bele Gogoan’, ostiralean
Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertu berezia izango da jaien bueltako lehen ekitaldia: ostiralean, 22:30ean Euskal Herria plazan. ‘Sorotan Bele Gogoan’ izeneko emanaldiarekin 90eko hamarkadan erreferente izan zen musika taldeari omenaldia egingo dio bandak, eta oholtzan Gorka Sarriegi eta Urbil Artola, taldeko kide ohiak izango dira, bestelako gonbidatu gehiagorekin batera.
Taldearen kanturik ezagunenetakoak eskainiko dituzte. «Guretzat erronka polita izan da hau prestatzea. Duela 30 urte sortu ziren kantu asko, baina oraindik entzun eta kantatzen ditugu. Kantu ia denak ezagunak egingo zaizkie entzuleei, eta giro ederra sortuko da ziur», azaldu du Ivan Arostegi, bandako zuzendaritzako kideak. Horrez gain, gogoratu du hilaren 24an ere San Joan eguneko kontzertua eskainiko dutela, 13:00etan Berdura Plazan.
Gainerakoan, lehen asteburuan kirolak, haurrak, sagardoa, musika eta bertsoak izango dira protagonista. Besteak beste, TAKEk antolatzen duen 3x3 txapelketak hartuko ditu Alondegi plaza eta San Frantzisko pasealekua. Azken leku honetan txirrindulari lasterketa ere izango da, goizean. Hori dela eta, trafikoan aldaketak izango dira egun osoan zehar.
Aiora Zulaika ‘Pirritx’, txupinazoko protagonista
Egun batzuetako atsedenaren ondoren, ekainaren 21ean lehertuko da berriro ere festa Tolosan. Aurtengo Sanjoanetako txupinazoa, hain zuzen, Aiora Zulaikak botako du, ‘Pirritx’ pailazoari bizia ematen 25 urte betetzen baititu aurten.
Hala eta guztiz ere, egun horretan protagonista nagusia bera izango bada ere, talde-aitortza ere badela adierazi du Aitzol Gartzia jaietako zinegotziak: «Pirritx, Porrotx eta MariMotots pailazo taldeak hiru hamarkada baino gehiago daramatza Euskal Herriko txokoetara bizipoza eramaten, balio eraikitzaile eta gai sozialak azaleratuz. Taldean, gainera, aktore lanetan dabiltzan eta bestelako ardurak dituzten tolosar gehiago ere badaude gaur egun: Oihana Sanchez eta Gari Aranzabal, eta lehenago Kristina Ropero ere aritu zen. Euskarari eta euskal kulturari egin dioten ekarpena nabarmena da; hori, gainera, gaztetxoekin».
Hiru nobedade nagusi: estropada, haurren ikuskizuna eta zezen suzkoa
Aurtengo jai egitarauak hiru berrikuntza nagusi izango ditu. Lehena, txupinazoaren egunean bertan, hilaren 21ean: inauterietako arrakasta ikusirik, zezen suzkoa izango da berriro ere. Nafarroako Zubia eta Plaza Zaharra zeharkatuko ditu suzko zezenak, 22:00etatik aurrera.
Bigarren aldaketak, Kuadrilla Egunean izango bada ere, haurrei eragiten die. Izan ere, egun horretan haurrei zuzendutako ikuskizuna izango da aurten, adin tarte horrek ere izan dezan egun horretan gozatzeko aukera: 18:30ean Gari, Montxo ta Joselontxo pailazoen ikuskizuna izango da Alondegi plazan. Hala eta guztiz ere, jaietan izango dira haurrentzako hitzordu gehiago: Haurren Hiriak jolasak eta ikuskizunak uztartuko ditu ekainaren 16an, egun osoz, Zumardiaundian; hilaren 23an, berriz, haur parkea izango da Alondegi plazan.
San Joan bezperan iritsiko da hirugarren nobedadea: Sanjoanek estropadak berreskuratuko dituzte. Arraunak lekua izan du historikoki herriko jaietan, eta azken urteotan izan ez badira ere, aurten TAKeko batelen arteko desafioa izango da. Hain zuzen, Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan aritu izan diren infantil, kadete eta jubenil mailako taldeak arituko dira nor baino nor gehiago. Gainera, TAKek emakumezkoen traineruaren aurkezpena egingo du segidan Trianguloa plazan. Bide batez, ontziaren izen berria ere emango da ezagutzera.
Musika estilo anitzeko kontzertu eskaintza
Musika alorrean, emanaldi ugariz gozatzeko aukera izango da. Ekainaren 21ean, txupinazo egunean, esaterako, bi kontzertu izango dira Plaza Berrian: Peachy Joke eta Nogen. Hain zuzen, talde tolosarra zortzi luzez izan da oholtzetatik kanpo, eta herrian bertan itzuliko dira.
Kuadrilla Egunean, Et Incarnatusen solstizio kontzertua izango da eguerdian, iaz bezala, Urkizuko Gorostizuko belardian. Erromeriek, Xiberoots taldeak eta DJek osatuko dute egun horretako eskaintza. Tolosan ikuskina piztu izan duten bi taldek joko dute San Joan bezperan: Puro Relajok eta Rockalean taldeek. Horiez gain, Raimundo El Canastero ere arituko da. San Joan egunean, berriz, erromeria doinuak izango dira nagusi.
Kale animazioa ere ez da faltako: txarangak, dultzaineroak, txistulariak, banda, batukada...
Eskopetari konpainia berria, eta ardurarako deia
San Joan egunak emango die amaiera aurtengo jaiei. Egun horretan eskopetarien konpainia berria izango da aurten, Berazubi auzoarena. 80 parte hartzaile inguruko taldea osatu dute, eta Agustin Artola izango da kapitain. Loredun txaleko urdin iluna jantziko dute, kolore horia duen lazoarekin. Guztira 1.600 parte hartzaile inguru izango dira, 19 konpainiatan banatuta.
Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzak asko zorroztu du eskopetarien araudia. Hori dela eta azken hilabeteotan eskopetak erregistratu behar izan dituzte parte hartzaile guztiek, irteteko baimena eskuratu ahal izateko. Testuinguru horretan, ardurarako deia luzatu dute eskopetari konpainia guztietako kapitainek eta udalak.
Itxaso Barrenetxeak, Aurrera elkarteko konpainiako arduradun eta aurtengo kapitain nagusiak, aurtengo arau aldaketak eta bestelako gomendioak gogorarazi ditu:
-
Ahalik eta segurtasun-neurri handienak hartu beharko dira arma erabiltzerakoan.
-
Parte-hartzaile orok armen erabilera segurua egin beharko du.
-
Kapitainek arma erabiltzea debekatu ahal izango dute, arriskua egon daitekeela uste dutenean.
-
Erabat debekatuta egongo da arma kargatuta eramatea.
-
Salba botatzen den bakoitzean, muniziorik ez dagoela egiaztatu beharko da.
-
Arratsaldeko 20:30etik aurrera, ezingo da kaletatik armekin ibili.
Jai berdinzaleen alde
Festen atarian jai berdinzaleen aldeko aldarria egin du Goiuri Ezeiza Kultur eta Berdintasun zinegotziak: «Festa baketsu, alai eta parte hartzaileak bizi nahi dtugu Tolosan, beste leku guztietan bezalaxe, errespetuan eta berdintasunean oinarrituta».
Zentzu horretan, indarkeria matxistaren aurkako ‘Libre nonahi’ kanpaina indartu du aurten udalak. Izan ere, ostalaritzari begirako protokolo bat landu du Berdintasun Sailak Jai Berdinzaleen Behatokiak duen planarekin lerrokatuta. «Jai giroko gune nagusietako bat dira, eta orain arte egin dira lanketa txiki batzuk, baina modu sakonagoan gaiari heltzeko unea dela hausnartu ostean, protokolo hau martxan jartzea erabaki dugu», azaldu du Ezeizak. Esperientzia piloto modura taberna batekin egingo dute lanketa, Orbela tabernarekin hain zuzen, protokoloaren bideragarritasuna kontrastatu eta baloratzeko.
Gune Morea, indarkeria matxistarik gabeko gunea ere kokatuko du Udalak, informazio eta arretarako, Andragoran. Gune hau ekainaren 22tik 24ra bitartean egongo da zabalik (biak barne) 00:00etatik 05:00etara. Udaltzaingoak ere 24 orduz emango du arreta, 943 675 858 telefonoan.
Sanjoanak 2024 | Egitaraua
Ostirala, ekainak 14
‘Sorotan Bele Gogoan’ kontzertua: Tolosako Udal Musika Banda eta Sorotan Bele.
Larunbata, ekainak 15
-
09:00-13:30 Alondegi plaza.
3x3 Saskibaloi txapelketa, TAKEk antolatuta.
-
09.30, San Frantzisko pasealekua.
XLIV. Jose Mª Anza Memoriala txirrindulari-lasterketa, Oriako Txirrindulari Eskolak antolatuta.
-
15:30-21:00 San Frantzisko pasealekua.
3x3 Saskibaloi Txapelketa, TAKEk antolatuta
-
17:30, Trianguloa.
Herri kirolen erakustaldia.
San Joan Sagardo Txapelketa, Batasuna Elkarteak antolatuta. Txapelketak iraun bitartean, dastaketa: bakailaoa, sagardotan egositako txorizoa eta sagardoa.
Tolosa CFren Gimnasia Erritmikoko emanaldia.
Igandea, ekainak 16
HAURREN HIRIA, Zumardiaundian
11:00-14:00. JOKAI (jolas mitologikoak).
16:30 Tomaxen Abenturak: antzerkia
18:00 TramaMatraka: musika ikuskizuna
Egun osoan zehar: Hondarrezko irudiak
|
-
11:30, Alondegia plaza.
Oroimenerako kontzertua, Buru bihotzez elkarteak antolatuta: ‘Orkestrina band Jazpana’.
-
18:00, Berdura Plaza.
Bertso jaialdia: Bertso jaialdia, Harituz Bertsozale
-
Taldeak antolatuta: Sustrai Colina, Nerea Ibartzabal, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal. Gaijartzailea: Imanol Artola 'Felix'.
-
19:30, Andre Maria parrokia.
Kontzertua: Loinatz, Oroith eta Hodeiertz Abesbatzak, Requiem (Maurice Duruflé).
Ostirala, ekainak 21. Txupinazo eguna
Jubilatuen meza.
Helduen bazkaria eta dantzaldia.
Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera.
Txupinazoa udaletxeko balkoitik. Segidan, Iraunkorrak txaranga, kalez kale.
Kontzertua: Peachy Joke
Zezen suzkoa
Kontzertua: Nøgen.
Larunbata, ekainak 22. Kuadrilla Eguna
Haurren entzierroa.
Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera.
Kuadrillen Eguneko txupinazoa, Jainekin Txarangak eta GiroArte dultzaina taldeak alaituta. Txosnagunean hamaiketakoa.
BatuMore Batukada feminista kalez kale.
Et Incarnatus Orkestraren solstizio kontzertua.
Kuadrillen herri bazkaria.
Erromeria Iratzar taldearekin. Tartean, Larrain Dantza, Tolosako Dultzaineroekin.
Kalejira Mulambo perkusio-taldearekin.
Gari, Montxo ta Joselontxo haurrentzako ikuskizuna.
DJ Txekor
Kontzertua: DUDIK-P.
Kontzertuak: Xiberoots eta DJ Fulana.
Jainekin Txaranga.
Igandea, ekainak 23. San Joan bezpera
Haurrentzako jolas parkea.
Estropadak TAKek antolatuta.
San Joan Tenis Txapelketako finalak.
Emakumezkoen Tolosaldea traineruaren aurkezpena.
Haurrentzako jolas parkea.
Udal txistulari bandak, antzinako erronda-bidea eginez, San Joan zortzikoa joko du.
San Joan su txikia, Eduardo Mocoroa Musika Eskolako Ikasleen bandak girotuta.
Lehenengo bezperak.
Kontzertua: Puro Relajo.
San Joan sua. Ondoren, Udal Musika Banda, Udaberri dantza taldea eta Santa Maria kapera. San Joan zortzikoa jo ondoren, Musika Banda kalez kale ibiliko da.
Kontzertua: Raimundo el canastero.
Astelehena, ekainak 24. San Joan Eguna
Zinegotziei deia, Udal Txistulari Bandaren eskutik.
Diana, Alde Zaharreko kaleetan zehar, Udal Musika Bandaren eskutik.
Diana, Tolosako eta Iruñeko Udal Txistulari Banden eskutik.
Diana, Tolosako Dultzaineroen eskutik.
Eskopetariak eta Udal Musika Banda bilduko dira. Diana, desfilea eta, ondoren, San Joan Alardea, Gipuzkoako antzinako foru-milizien oroimenez.
Meza Nagusia, Santa Maria Kaperaren parte hartzearekin.
Ondoren, Andre Maria plazatik.
Prozesioa. Amaitu ondoren, eskopetari konpainiak Euskal Herria plazan bilduko dira berriro, bertan azken deskargak egiteko.
Tolosako eta Iruñeko Udal Txistulari Banden eta Udal Musika Bandaren kontzertua.
Udalbatza, Udal Txistulari Banda, Udal Musika Banda, bordondantzari eta eskopetariek ohiko ibilbidea egingo dute: Andre Maria, Arramele, Trianguloa plaza eta Zumardiaundia.
Kalean txaranga.
Suak: Vulcano piroteknia.
Erromeria: Muxutruk.
Kontzertua: Joxe Mendizabal.