Zeinu Hizkuntzan egindako Filmen Nazioarteko XI. Jaialdia abenduaren 12an izango da

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/12/09 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Gainditzen, Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorren elkarteak, antolatu du aurten ere, eta film laburren emanaldia eta sari banaketa, bazkaria eta hitzaldia egongo dira.

 

 

Mugak eta oztopoak gainditzea eta sentsibilizazioa sustatzea ditu helburu Gainditzen-ek, Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorren elkarteak. Gorren komunitatearen mugak eta haien errealitatea gizarteratzeko eta ezagutzera emateko lan egiten du, eta bide horretan egin berri dute sentsibilizazio astea Tolosan. Abenduaren 12an, berriz, Zeinu Hizkuntzan Egindako Filmen Nazioarteko Jaialdia egingo dute.

Gorren komunitatea osatzen duten pertsonei errekonozimendurako espazio bat eskaintzea eta aukera berriak sustatzea da jaialdiaren helburuetako bat. Horrez gainera, entzuten duten pertsonak gorren komunitatera erakartzea ere lortu nahi da, gorrek egunerokoan dituzten komunikazio arazoei irtenbidea eman eta zeinu hizkuntza bultzatuz.

Azken urteotako hitzorduari hutsik egin gabe eta egoerak ezarritako baldintzak eta zailtasunak gaindituz antolatu du Gainditzenek aurtengo jaialdia, XI.a. Olatz Peon Tolosako alkateak gogorarazi du, “dagoeneko tolosarrontzat urteroko zita” dela jaialdia, “aurtengo testuinguruan are eta beharrezkoagoa dena, musukoen erabilerak komunikazio oztopoak eta komunitate honek dituen beharrak areagotu egin dituelako”.

Azaroan egindako sentsibilizazio astearen harira Gainditzenek emandako azalpenei helduz, eta pandemiak komunitate honen egunerokotasunera ekarri dituen zailtasunak, mugak eta egoerak kontuan hartuz, Gainditzenek urte luzez egindako lana, eta bereziki aurten egindakoa, azpimarratu, balioan jarri eta goraipatu ditu Peonek: “Benetan txalogarria eta beharrezkoa delako herritarrak sentsibilizatzeko eta pertsona gorren komunitateak dituen beharrak gizarteratzeko egiten duzuen lana”. Hala, abenduaren 12an Leidorren egingo den zinema jaialdira joateko gonbita egin du alkateak.

Egun osoko egitaraua abenduaren 12rako

Egun bakarrera mugatu dute aurten zinema jaialdia, baina egitarau betea antolatu dute. Honakoa da Zeinu Hizkuntzan Egindako Filmen Nazioarteko XI. Jaialdiaren egitaraua:

  • 11:00etatik aurrera, XI. Gor zinemaldian parte hartzen duten 11 film laburren proiekzioa, Leidorren (10:15ean irekiko dituzte aretoko ateak). Amaieran zozketak eta sari banaketa egingo dute.

  • 14:00etan, bazkaria Botarri jatetxean.

  • 18:00etan, Santiago Frigola, katalaneranzko zeinu hizkuntzaren ikerlariaren “El séptimo arte como fuente de Lengua de Signos”, kultur etxean.

Zinemaldirako sarrerak 5 euroan eskuratu ahalko dira, Gainditzenen webgunean edo elkartearen Facebook orrian. Hitzaldiko gehieneko aforoa 60 pertsonakoa izango da, eta parte hartzeko aurrez eman beharko da izena gainditzen-g@hotmail.com helbidean.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA