- Usurbilgo Otar Goxo eta Gasteizko Beñat harategiek irabazi dute II. Euskal Herriko Hanburgesa Lehiaketa, Hanburgesa Berritzaile Onenaren eta Hanburgesa Tradizionalik Onenaren mailan, hurrenez hurren.
- Lau egunez haragiaren sektoreko inguruko ekoizleen topaleku izan da Tolosa, eta haragien aniztasuna ikusgarri egiteko helburuarekin, formazioa, dastaketak, salerosketa eta festa uztartu ditu hitzorduak.
Harrera ona egin diote tolosarrek Bertako Haragien Azokari. Euskal Herriko haragi mota ugariren erakusleiho izan da Tolosa, eta lau egunez, inguruko ekoizle, harakin eta sukaldariak batu eta formazioa, dastaketak, salerosketa eta festa uztartu ditu.
Sektorearen inguruan jakinmina sustatuz
Ikusmina piztu dute lehen egunetako formazio saioek. Ostegunean, esaterako, 35 lagun batu ziren Kultur Etxean, ‘Elkartu eta elkarbanatzen’ saioan, sektoreaz hausnartu eta esperientziak partekatzeko. Aurten, gainera, protagonista guztiak emakumeak izan dira: Izaro Zubiria, Helena Muñagorri, Nerea Viana eta Josebe Blanco.
Ostiraleko ikastaro praktikoa ere arrakastatsua izan zen. Haragi ezberdinak zatikatzen eta kozinatzen irakatsi zuten eskualdeko sei harakin eta sukaldarik: Miguel Cruz, Javi Rivero, Gorka Rico, Xabi Gorrotxategi, Joxe Mari Barriola eta Felix Belaunzaranek. Besteak beste, arkumea, behia, txerrikumea eta oilaskoa izan zituzten hizpide.
75 pertsona baino gehiagok izena eman bazuten ere, gehiago izan ziren Zerkausira bertaratu zirenak, eta adi-adi jarraitu zituzten jarraibide guztiak. Ondoren prestatutakoa dastatzen aukera izan zuten bertaratutakoek.
Profesionalen topaketa baino gehiago
Bertako Haragien Azokak, halaber, entzun eta ikastetik bezainbeste izan du dastatzetik eta ikustetik. Larunbatean jende ugari pasa zen Trianguloko haragi ekoizleen azokatik. Zazpi postu izan ziren: Aralaŕeko (Moxal haragia, Amezketa); Zuzitza (Txahal haragia, Amezketa); Ueta Etxaldea (Txekor haragia, Lizartza); Joseba Altuna (Euskal Herriko baserriko oilaskoa, Amezketa); Perrapa baserria (Baserriko txekor haragia, Hernani); Berastegiko arkumea (herriko arkume ekoizle talde bat); eta Amalarre, Izarre-Txiki baserria (Galloway eta Aberdeen Angus arrazako behien haragia, Bidania-Goiatz).
Haragia dastatzeko aukera ere izan zen. Azokako postuetako haragi pintxoak banatzeaz gain, Txomin Parrillak bertako haragi pieza ezberdinak txingarretan erre zituen, zuzenean: hain zuzen, hamar arkume -lau burruntzira eta beste sei zikiro erara-, 60 kilo saiheski, hiru basatxerri urdaiazpiko eta 30 Lumagorri oilasko, teknika ezberdinak erabiliz.
Hanburgesa onenaren lehiaketako txapelak, Gasteizera eta Usurbilera
2024ko Euskal Herriko Hanburgesa Berritzaile Onena eta Hanburgesa Tradizionalik Onenak eman dituzte ezagutzera, II. Euskal Herriko Hamburgesa Onenaren lehiaketan. Usurbilgo Patxi Iparragirreren Otar Goxo Harategiak eta Gasteizko Beñat Harategiak irabazi dituzte lehiaketako bi txapelak, hurrenez hurren.
Parte hartzea handia izan da, 54 hautagai izan baitira lehiaketan: 29 gipuzkoar, 11 arabar eta 14 bizkaitar.
Bigarren eta hirugarren postuan geratu dira, Hanburgesa Berritzaile Onenaren kategorian, Tolosako Miren Harategia eta Gasteizko Mari Harategia. Hanburgesa Tradizionalik Onenaren kategorian sailkatu diren ekoizleen artean, berriz, Gasteizko Santi Harategia eta Ibarrako Joxe Mari Barriola Harategia.
Zumarditxikiko festagunea ere jendez lepo
Festarako tartea ere izan da Zumarditxikian, Foodtruck gunean. Haragiarekin egindako mokaduen eskaintza eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izan da bertan, eta jendetza bildu da espazioa zabalik izan den hiru egunetan.
Zortzi posturen eskaintza gastronomikoaz gozatzeko aukera izan da, eskualdeko produktu aniztasunean oinarrituta: Bertakoteka, Eguzkilore Taberna, Goya, Karela Xare Talka, Harakno, Ondalan, Iparra eta Rafa Gorrotxategirenak, hain zuzen. Besteak beste, Petti abeslariaren eta Lilo taldearen zuzeneko akustikoek eta Esanezin, Ane Martija, DJ Katanga, Bele, STR, DJ Katanga eta Andoni Ollokiegiren emanaldiek girotu dute gunea.
Aurreikuspenak beteta
Aitor Agirresarobe Murgi Tolosako Udaleko Merkataritza, Turismo eta Azoketako zinegotziaren arabera, «aurreikuspenak beteta» amaitu da Bertako Haragien Azoka.
«Bertako haragien ekoizpena jarri dugu erdigunean, inguruko ekoizleak eta eskaintzaren aniztasuna balioan jarri eta kozinatzerakoan dauden aukerak ezagutzera emateko. Tolosaldea aniztasun horren erakusle da, eta aukera horietan sakontzeko ahaleginean jarraituko dugu. Pozik gaude erantzunarekin, jendetza ibili baita. Balorazio sakonagoa egingo dugu datozen egunotan, baina ekoizle eta gainerako parte hartzaileekin tartetxo batean hitz eginda, gustura sumatu ditugu. Salmentatik harago, proiektuak ikusgarri egin eta harremanak egitea zen helburu nagusia, eta lortzen lagundu dugulakoan nago. Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten ekoizle, harakin, sukaldari, musikari eta laguntzaileei», adierazi du.