- Gozoaren XXVI. azoka berezia ospatuko da, Tolosan, urriaren 26an, eta beste behin, herriko gozogileak eta hiru ikastetxeetako haurrak izango dira protagonista nagusiak.
- Alkatearen hitzetan "Goxua azoka berezi bat baino gehiago da; helburu pedagogikoa duen azoka da, erreferente bat bihurtu dena Tolosako gozogileek hasieratik azokarekin azaldu duten konpromisoagatik, eta guretzat azoka hau oso garrantzitsua da, gozogileak balioan jarri eta ezagutzera ematen dituelako".
Joan den asteburuko Mikologikaren ondotik, gozoaren txanda iritsi da: Tolosa Goxua, gozogintzaren azoka berezia ospatuko baita larunbat honetan, urriaren 26an.
26. ediziora iritsita, erreferente bihurtu da Goxua ; herritarrentzat, bisitarientzat eta baita ekoizleentzat ere. Eta zentzu horretan, badu zerikusirik luzaroan herriko gozogileek egindako lanarekin, Tolosa erreferente baita gozogintza artisauaren alorrean.
Horixe bera azpimarratu du Olatz Peonek: “ Euskal Herrian herri gutxi izango dira, hain txikiak izanik hainbeste gozogile dituztenak. Tradizioari eutsiz belaunaldi aldaketari ere heltzen jakin diotenak ”. Tolosa Goxuak, hain zuzen, gozogileen lana balioan jartzen duela nabarmendu du alkateak: “ Herri bizia gara, eta hori udaletik babestu, mantendu eta bultzatu behar dugu, eragileekin elkarlanean. Goxua, gozozaleentzat erreferente bat da, eta gozogileek hasieratik azaldu dute konpromisoa azoka berezi honekin ” .
Erroskilla, aurtengo produktu izarra
Orotara 24 postu izango dira aurtengo azoka berezian, gehienak Euskal Herrikoak, baina izango dira baita Errioxa, Kantabria edo Burgostik etorritakoak ere. Denetarik ikusi, dastatu eta erosi ahal izango da: tartak, pastelak, pastak, txokolateak, opilak, bizkotxoak, likoreak... Azken urteotan ohitura bihurtu den lez, Tolosako bost gozotegiek –Eceiza, Gorrotxategi, Gozona, Leioko-Gorosti eta Saizar– elkarlanean prestatutako gozoak banatuko dira doan eguerdi partera. Aurten, 3.000 erroskilla inguru banatuko dituzte.
Eta badu, bai, lotura Tolosarekin aurtengo gozoak. XIX. mendeko eskuizkribu batekin, hain zuzen. “ Escolastica de Salazar, Villafuertesko kondesa, eta Manuel José de Zavala kondearen emaztea, Aranburu Jauregian bizi izan zen. 1826 eta 1849 bitarteko bere idatzien artean, badira zenbait errezeta zahar, horietako bat erroskillena. Euskal gastronomiako errezeta zaharrenetarikoak dira. Duela gutxi Euskadiko Artxibo Historikora eraman dituzte dokumentu horiek, eta egokia iruditu zitzaigun istorio ezezagun hori argitara eramatea ” , azaldu du Raquel Ibañez gozogileak.
Helburu pedagogikoa
Tolosa Goxua “azoka berezi bat baino gehiago” da, Olatz Peonek eta Raquel Ibañezek argi utzi duten moduan. Izan ere, badu helburu pedagogiko bat. Herriko hiru ikastetxeetako haurrak engaiatzen dituzte, gozogintza artisauaren munduan barneratu daitezen.
Duela astebete pasatxo, ikastetxeak bisitatu zituzten gozogileek. LHko 4. mailako ikasleei, erroskillen errezeta zaharraren istorioa kontatzearekin batera, lanbidearen nondik norakoak, artisautzaren balioak eta garrantzia azaldu zizkieten. Hori, ordea, lehen urratsa baino ez zen izan. Larunbatean, beren alboan lan egiteko aukera izango baitute ikasle horietako batzuk.
‘Gozogile egun batez’ egitasmoaren bitartez, haurrek gozogintzara are gehiago hurbiltzeko aukera izango dute. Trianguloan erroskillak prestatzen jardungo dute, Tolosako bost gozotegietako arduradunek lagunduta. “ Hamaiketako osasuntsuak prestatzea da asmoa, haurren artean ohitura eta elikadura osasuntsuagoak sustatzeko ”, nabarmendu du Peonek. Elkar-eragin hori alde bientzat ere onuragarria dela azpimarratu du Ibañezek: “ Ikasteaz gain, haurrak gozogintzara hurbiltzen dira; eta gure lanaren balioen transmisioa egitea ahalbidetzen digu era berean ”.
Gazta tarta lehiaketa
Tolosa Goxuak ere badu kutsu herrikoi eta parte hartzaile bat, eta hori postre lehiaketak ematen dio, ezbairik gabe. Aurten, gazta tarta izango da lehiaketara aurkeztu beharreko postrea. Herritarrek Trianguloan aurkeztu beharko dituzte etxean prestatutako tartak, 09:30ak eta 10:30ak bitartean. Parte hartzaile bakoitzari, opari bana emango dio HAZIk.
Epaimahaia 10:30ean hasiko da tartak dastatzen. Aurten, Eva Arguiñano, Lourdes Rekondo, Imanol Zubelzu eta Armintz Gorrotxategi izango dira epaimahaikide, hiru ikaslerekin batera. Sari banaketa 11:45ean izango da. Irabazleak, Tolosako gozotegietan gastatzeko 200 euroko ordainsaria eskuratuko du; 150 euroko saria izango da bigarrenarentzat.
Egitaraua
09:00-14:00. Azoka berezia, Trianguloan.
12:15. Tolosa Kantari.
Gozogile egun batez
10:15. Gozogileak ikasleekin elkartuko dira Trianguloan.
10:30-12:15. Erroskillak prestatuko dituzte ikasle eta gozogileek.
12:15. Erroskillen banaketa.
Gazta tarta lehiaketa
09:30-10:30. Tartak lehiaketara aurkezteko denbora.
10:30-11:30. Epaimahaiak tartak dastatuko ditu.
11:45. Sari banaketa