Abenduaren 5ean piztuko dira Gabonetako argiak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/11/29 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Pizte ekitaldia 19:00etan izango da, Plaza Berrian, Musika Eskolako ikasleek girotuta. Hain zuzen, ikasle gaztetxoenek piztuko dituzte aurten argiak.
  • Argiak piztu ostean argazkiak ateratzeko aukera izango da, horretarako jartzen den photocall-arekin. 

 

Datorren asteartean, abenduak 5, piztuko dira Gabonetako argiak Tolosan, herriko kale, plaza eta auzoak Eguberri giroan murgiltzeko. 

Pizte ekitaldia arratsaldeko 19:00etan izango da Plaza Berrian eta Musika Eskolako akordeoi eta biolin taldeak bertan izango dira 18:45az geroztik, ekitaldia girotzen. Aurten, gainera, Musika Eskolako ikasleak izango dira argiak piztearen arduradun.  

Behin argiak piztuta, urtero legez, argiztatutako panpinen photocall bat jarriko da, nahi duen orok argazkiak atera ditzan. Kasu honetan, eguraldi ona lagun izanez gero, plazan bertan egingo da, kiosko aurrean. Euria egingo balu, ordea, photocalla kioskoan bertan izango da. 

Eguberrietan ere jasangarritasuna bermatuz

Urtero bezala, gune ezberdinak argiztatuko dira: eraikinak, plazak, kaleak, lorategiak... baita auzo eta landa guneak ere. Garai berezia izan arren, Tolosako Udalak jasangarritasunaren ardatzari helduko dio, eta iaz egin bezala, Eguberrietako argiteria ohikoa baino ordubete lehenago itzaliko du, hau da, gaueko 22:00etan. Egun esanguratsuetan ere, hau da abenduak 24 eta 31 eta urtarrilak 6an, gau osoan zehar argiak piztuta izan beharrean, ordu berean itzaliko dira. Erabilitako argiak, gainera, kontsumo baxuko Led argiak dira. 

Gabonetan, ekintzak barra-barra

Gabonetarako egitarau anitz bezain zabala antolatzen ari da Udala, beste eragile askorekin batera: Gure Zirkuko emanaldiak, Olentzero zein Erregeen etorrerak, Olentzaroren Basoko ibilaldiak, kirol zein kultur ekitaldiak… Gabonetako programazio guztiaren berri aurrerago emango du Udalak. 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA