Albizturko Alberto Labaka Elolak irabazi du Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/11/22 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Bigarren Joxe Mujika legorretarra izan da, eta hirugarren saria Sebas Gartziarena berastegiarrak eskuratu du. 
  • Rosa Maria San Jose eta Rafael Diaz izan dira Gure Kaiola elkartearen XXXVII. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko garaile.

 

Jendetza bildu da gaur Tolosan, Babarrunaren Festaren aitzakian. Festa giroa nonahi izan da goiz osoan zehar.

Eguerdia pasatzerako, tolosar eta bisitarien begiradak bi lehiaketetan zentratu dira. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako 30. edizioan, Albizturko Iriarte baserriko Alberto Labaka Elolak jantzi du txapela. Parte hartu duten 25 ekoizleen artetik, berea da aurtengo babarrun alerik onena.

Pozarren hartu du saria, irabazi duen laugarrena: «Duela 25 urte irabazi nuen lehiaketa lehen aldiz. Ilusio handia egiten du. Ez gara ekoizle handiak eta salmentarako ez dugu arazorik, baina egindako lanaren aitortza da, produktu ona egiten duzunaren erakusle. Aitarekin ikasi nuen babarruna egiten, eta segida eman diot». Aurtengo aleari dagokionez, aitortu du ez dela urte errazena izan, abuztuko beroek landareak hondatu baitzituzten: «aurten gutxiago bildu dugu, baina jasotakoa oso ona da», gehitu du.

Bigarren saria Legorretako Toki Eder etxeko Joxe Mujika Garmendiarentzat izan da, eta hirugarrena, iaz txapeldun izan zen Ibaiondo baserriko Sebas Gartziarena berastegiarrak eskuratu du.

Gure Kaiola elkarteak antolatzen duen bikotekako XXXVII. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoan, berriz, Rosa Maria San Jose eta Rafael Diaz izan dira txapeldun. Bigarren saria Mikel eta Alberto Aragonek lortu dute, eta hirugarren Miguel Mari eta Manu Gorostiaga izan dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA