- Azokaren erreferentzialtasuna mantendu eta hobetzeko pausuak definituko dira.
- Gizartearen kontsumo ohituren eta baserritar, ekoizle eta saltzaileen beharren aldaketek bultzatuta jarri du abian ikerketa Merkataritza, Feriak eta Turismo departamentuak.
- Nerea Letamendia, zinegotzia: “azokak herriari ekarpen ekonomiko handia: sortzen duen zeharkako gastuaren inpaktua 3,5 milioi eurotakoa da. Onura sozial garrantzitsua du ere: baserritar, ekoizle zein saltzaileentzako sozializatzeko gune da, komunitatean egon eta hartu-eman zuzenak garatzeko asteroko unea, bisitarientzat esperientzia gune erakargarria izateaz gainera”.
- Ekainean hasita, 4 hilabete irautea dago aurreikusia, analisi, sorkuntza eta plangintza diseinu faseak barneratuz. Urri erdialderako egongo da prest.
Udalak Tolosako azoka eraldatu, berregituratu eta modernizatzeko ikerketa jarri du abian. “Helburu orokortzat dugu Tolosako Azokaren erreferentzialtasuna mantendu eta hobetzeko pausuak ematea, eta hori lortzeko, inplikatutako agente guztien beharretara egokitutako azoka diseinatzea”. Hala adierazi du Nerea Letamendia, Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotziak gaur goizean Zerkausian burututako agerraldian. Alboan izan du ikerketaren garapena daraman Flow enpresako proiektu kudeatzailea den Celestino Martinez.
Ekaina hasieran hasi zen azokaren hiru gune nagusiak, Zerkausia, Berdura plaza eta Euskal Herria plaza, aztergai izango dituen ikerketa hau. Tolomendi Landa Garapen Elkartearekin eta hiru guneetako saltzaileekin adostua izan da. Letamendiak azaldu du bi arrazoi nagusirengatik jarri dutela abian: “gizartearen kontsumo ohituren aldaketa batetik, eta baita baserritar, ekoizle eta saltzaileen behar aldaketa ere. Erosketak egiteko eran aldaketa handiak eman dira, eta sortu dira, egungo gune eta teknologia berriak medio, bezero profil gehiago, anitzagoak eta behar ezberdinekin. Erantzun osoena nahi diegu eman” nabarmendu du. Horretarako instrumentu izango da ikerketa honetatik eratorriko den diagnostikoa eta dagokion aktuazio plana.
Letamendiak nabarmendu du tokiko azoken etorkizuna ziurtatzeko, “lankidetzan” jardutea funtsezkoa dela: “erakunde zein eragileek, Garaikoa baserritarren elkartea kasu, eta zaindu egin behar dugula salmenta gunea, seguru eta erakargarria izanaz, eta aldi berean, erosteko esperientzia derberdinak bilatu eta sustatu”.
Hori horrela, Letamendiak gidatzen duen sailean garatutako Hiri Ekonomiaren Plana du testuinguru azokaren azterketa honek: “Azokak ere osatzen du Hiri Ekonomia, ostalaritza, merkataritza, kultura... -kin bat. Osagarri gara eta hori, Hiri Ekonomiaren Mahaiaren bitartez, optimoa izatea da jomuga. Horrexegatik, azoka bere osotasunean aztertzearekin bat, ingurua ere aztergai izango da. Aldi berean bat dator eskualde mailan garatzen ari garen Jan Tolosaldea proiektuarekin eta baita Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailetik azoken ingurumarian bultzatzen ari diren politikekin”.
Azokak duen erreferentzialtasun hori mantentzeko, 5 meta finkatu dira ikerketa honetan: etorkizuneko azokaren oinarriak ezartzea, guneak zein eragileak aktore izanik; azokaren irudia indartzea; azokaren antolaketa kontrastatzea: postuen kokapena eta eragileen beharrak aztertuz; eremuaren diseinua optimizatzea gaur egungo beharretara egokituz; eta azokako erosketa jardunbidea hobetzea. Horiei erantzutzeko hainbat faktore izango dira kontuan: postuen kokapena, bezeroen fluxuak, ordutegiak, dekorazioa edota kudeaketa, beste hainbaten artean.
“Balio ekonomiko eta sozial azpimarragarria du azokak -gehitu du Ferien zinegotziak- lehen eta hirugarren sektorea uztartuz, garrantzizkoak bezain estrategikoak biak Tolosan. Azokak hiru gune ditu; produktuak ere antolatuak, desberdinduak eremuka. Euskal Herria plazak eraldaketa handi bat jasan du: autoak atera ziren bertatik, Topic sortu zen, Bide-bide hotela inauguratu berri da. Aldaketa horien aurrean, pertsona fluxua irabazi du, eta horrek eragina du noski azokan. Lehen sektorearen erakusleiho bihurtzen dira, berriz, larunbatero Zerkausia eta Berdura Plaza, bertakoa eta garaian garaikoa den produktua eskura dugu”. Sektorearen “lehiakortasuna eta bertakotasuna” nabarmendu ditu Letamendiak: “azokak herriari ekarpen ekonomiko handia egiten dio eta enplegu sortzaile da, EHUrekin elkarlanean iaz gauzatu zen ikerketak azalerazi zuen eran: Tolosan, Berdura Plaza eta Zerkausiko guneak aztertuta, azokak sortzen duen zeharkako gastuaren inpaktua 3,5 milioi eurotakoa da, batez ere inguruko merkataritzan. Eta ez bezeroei datorkigun eskaintza soilik, onura sozial garrantzitsua du: baserritarrentzako sozializatzeko gune da, komunitatean egon eta hartu-eman zuzenak garatzeko asteroko unea”.
Udalaren eskumena da azoka beraren sustapena, kudeaketa, sentsibilizazioa eta azpiegituren kudeaketa. Hainbat berrikuntza txertatu dira azken urteotan: irudi eraberritua, portaprezioak, kutxa eta poltsa berriak.
Horri jarraiki gauzatuko den ikerketak 4 hilabete irautea dago aurreikusia, analisi, sorkuntza eta plangintza diseinu faseak barneratuz. Lehenak 6 aste iraungo luke; sorkuntza faseak, berriz, beste 4 aste inguru; eta beste hainbeste plangintza eratzeak. Urri erdialderako lanketa burutua egongo da. Ohikoa izango da datozen larunbatetan ikerlari ezberdinak egotea baserritarrekin eta erosleekin hartu-emanean datuak eskuratzen.
Azoka, bizipen gune
Jende askok bisitatzen du Tolosa, abiapuntu azoka izanik. Hain zuzen, hori da azterketa honetan jorratuko den bigarren atal nagusia, azoka esperientziak bizitzeko den gunea: bertan gertatzen ari dena ikusi, dastatu (lurretik sukaldera postuan), ekoizleekin hartu-eman zuzena izan... Letamendiak gaineratu du bisitarien gorakadaren aurrean, jakin nahi dutela egun azokak eskaintzen duen esperientziak “asebetetzen” ote dituen: “ondare sozial eta kultural ikaragarria eman dio azokak Tolosari, eta orain berau babestu, mantendu eta indartzeko gara lanean”.