Azoka Lagunentzako lehen ikastaroan babarruna protagonista

Tolosako Udala
2020/11/11 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Azoka Lagun izatearen abantailetako bat da ikastaro esklusiboetan parte hartzeko aukera. Larunbat honetan izango da lehena: “Nola Prestatu Tolosako Babarrunak?” izenburupean.

  • Babarrunari lotutako azoka berezirik egingo ez denez, Azoka Lagunak egitasmoaren baitan, Tolosako Babarrunak bereizten eta prestatzen erakutsiko da ikastaroan, Sonia Tapia eta Xabier Goikoetxearen eskutik.

  • Azokako postuetan osagai guztiak bildu eta sukalde lanetan murgiltzeko deia egiten die udalak tolosarrei.

 

 

Tolosako Azoka, herriko ekonomiaren oinarri nabarmenetako bat izateaz gain, herritarren elkargune garrantzitsuenetako bat ere bada. Hau mantentzearren eta belaunaldi berriak azokara hurbiltzearren, garai berrietara egokitzeko apustu sendoa egin du udalak.

Apustu horren erakusle da duela bi aste martxan jarritako Azoka Lagunak egitasmoa. Larunbateroko jarduera babesteko eta sustatzeko, erosketa-ohituretan eragiteko eta ezagutzaren transmisioa gauzatzeko erabiltzaileak biltzen dituen fidelizazio kluba da Azoka Lagunak, eta dagoeneko 1.500 pertsonak eman dute izena.

Egungo egoera dela-eta, erantzukizunagatik, babarrunaren azoka berezirik ez egitea erabaki da eragile ezberdinekin elkarlanean. Ukaezina da, baina, azaroa Tolosako babarrunarekin estuki lotzen den hilabetea dela eta beraz, Azoka Lagunak egitasmoaren eskutik Tolosako babarrunak prestatzen ikasteko ikastaroa eskainiko da.


 

Lehen ikastaroa azaroaren 14an

Aurreko bi asteburuetan Triangulo plazan kokaturiko etxolan Azoka Lagun bezala identifikatuko dituen poltsa jasotzeko aukera izan ondoren, klubeko kideei zuzenduriko lehen ikastaroa abian da.

Datorren larunbatean, azaroaren 14an, 10:00etan emango den ikastaroa perla beltzari buruzkoa izango da. Babarrunak tolosar erara prestatzen irakasteaz gain, sakramentuak nola egin ere azalduko da: aza, odolkia, mondejua eta saiheskia.

Ikastaroa Sonia Tapia sukaldariak eta Tolosako Babarrunaren elkarteko Xabier Goikoetxeak eskainiko dute, eta aurrez aurreko ikastaroa izatea aurreikusita bazegoen ere, egungo osasun-egoera dela-eta, online egitea erabaki da.

Klubeko kideek baino ez dute parte hartzeko aukera izango. Beraz, ikastaroan parte hartu nahi izanez gero, www.tolosakoazoka.eus webgunean izena ematea beharrezkoa da.

Ikastaroak errezetaren prestaketa denborak errespetatuko dituenez, aproposa izango da azalpenak jarraitu ahala babarrunak prestatzen joateko. Lanak aurreratu eta babarrunak pul-pulean dauden bitartean itxaronaldia interesgarriago egiteko, gainera, bitxikeria eta istorio ugari kontatuko dituzte Sonia Tapiak eta Xabier Goikoetxeak. Bada zer kontatua eta ikasia.

Asteburu honetan, hortaz, Azokako postuetan osagai guztiak bildu eta sukalde lanetan murgiltzeko deia egiten die udalak Azoka Lagunei. Ikastaroaren bideoa gordeta geratuko da, aurrerago ere erabilgarri izan dadin. Perla beltzarena, platerkada paregabea baita udazken-negu girorako.