-
Pasaden igandean, azaroak 12, Babarrun Kofradiaren kapituluarekin hasitako Babarrunaren Festak jarraipena izango du azaroaren 15, 18 eta 19an.
-
Babarrun ekoizleen lehiaketak, azoka bereziak eta Gure Kaiola elkartearen lehiaketa gastronomikoak eta bazkariak bat egingo dute Tolosako Babarrun Kofradiak bultzatutako Euskal Jaiarekin.
-
Tolosako Udalak, Babarrun elkarteak, Gure Kaiolak, Babarrunaren Kofradiak, Tolosako sukaldariek, Gainditzen elkarteak eta Euskal Jaia osatzen duten eragileek bat egin dute Babarrunaren Festaren osaketan. Eragile zein banako guztien elkarlana eskertu du Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak.
Azaroaren 15, 18 eta 19an babarruna izango da Tolosako protagonista. Tolosako Babarrunaren Kofradiaren igandeko kapituluari jarraiki, Pul pul jardunaldi gastronomikoa izango dugu bihar, azaroak 15, eta asteburuan, Euskal Jaiak, Ekoizleen lehiaketak, azoka bereziak eta Gure kaiolaren lehiaketa gastronomikoak hartuko dute testigua. Olatz Peon Ormazabal alkatearen hitzetan, “babarruna gure sentitzen dugu tolosarrok, gure izaeraren parte eta gainera erreferente da bertako nahiz kanpotarrentzat. Jaia bera, zein herriko eragile ezberdinen inplikazioa dira horren erakusle”.
Tolosako Babarrun Elkartean xehetu dute 2017ko Babarrunaren Festaren egitaraua. Bertan izan dira, alkatearekin batera, JoseMari Aramendi, Babarrun Elkarteko lehendakaria; Imanol Zubelzu, Tolosako Babarrunaren Kofradiako Maisu Handia; Jesus Gallego, Gure Kaiola elkarteko kidea; eta Tolosako sukaldariak.
1994an elkartea sortu zenetik, elkarteak berak eta ekoizleek burutu duten lanak babarrunaren izena entzutetsu bilakatzea lortu du; “prestigioduna kalitate gorenagatik” alkateak adierazi bezala: “ Egun elkarteko 38 baserritarrek Tolosako Babarrunaren 18 tonelada ekoizten dituzte Tolosako Babarruna kalitate zigilupean. Olatz Peon Ormazabalek nabarmendu du Tolosako eta eskualdeko lehen sektorean pisua duen produktua dela: “landa garapen ekonomikoan ondorioa izanik”. Gaineratu du ikusgarritasuna ematea beharrezkoa dela: “babarruna bizitzera dator jendea Tolosara, egunotan bereziki; gure babarruna dastatu eta lekale honen inguruan garatzen diren ekintzetan parte hartzera. Larunbateroko azoka, zein azoka berezi hau, lehen sektorearen erakuslehio eta erakarpen faktore garrantzitsu dira beraz”.
Babarruna erdigune
4 egunetan banatutako egitaraua antolatu dute Udalak eta eragile ezberdinek elkarlanean.
Igandeko Kofradiaren Kapituluari jarraiki, berrikuntza gisa, Pul pul jardunaldia izango dugu bihar, asteazkena, 19:00etan Topicen. Babarruna ardatz izanik, elikaduraren garrantzia izango da aztergai.
Asteburuari begira, ekoizleak izango dira protagonista larunbatean, lehiaketa eta azoka tarteko. Aurten 24 postu izango dira. Gainera, San Blas elkartearen odolki lehiaketa, bigarrenez, Babarrun Festarekin batera ospatuko da. Guztira, 13 parte-hartzailek eman dute izena. Egun berean, IX. Euskal Herriko Frisoi Txapelketa hartuko du Ferialekuak.
Bestalde, pasaden ostiralean publiko egin zen eran, Babarrun Kofradiarekin elkarlanean burututako Euskal Jaien bigarren edizioa izango dugu larunbatean. 1913an eginiko “Fiestas Euskaras” deiturikoak, jarraipena du mendeurrena pasata. Eragile ugarik bat egingo dute, musika, tradizioa eta gure kultura uztartzen dituen jai borobila eskaintzeko.
Gainera, Beotibar pilotalekuan, emakume rakestisten partidua eta omenaldia izango dugu “raketistak lehen eta orain” lelopean.
Igandean berriz, sukaldariak protagonista, Gure Kaiola elkarteak antolatutako lehiaketa gastronomikoa eta bazkari herrikoia tarteko. Tolosa zein gure mugetatik haratagoko 30 sukaldari inguruk hartzen dute parte urtero lehiaketan. Ondoren, 500 lagunentzako babarrun jana izango da Zerkausian. 31. edizioa izango da aurtengoa. Gure Kaiolarekin harremanetan jartzeko bazkarirako: 600 859 683; gurekaiola@hotmail.com.
Iaz ekindako ibilbideari jarraipena emanaz eta gorren sentsibilizazio astearekin bat eginaz, Gainditzen elkartearen eskutik, zeinu hizkuntzako interprete bat egongo da Babarrunaren Festan.
Egitaraua atxikita*
Haurkizunarentzat enkantea
2015ean eta 2016an bezalaxe, Haurkizuna Fundazioarentzat izango da babarrun enkantearekin lortutako dirua. Haurkizunak Ekuadorren martxan duen gizarte garapen proiektu bati lagunduko zaio.
Alkateak eragile zein banako guztien elkarlana eskertu du: “Prentsaurreko honetan batu garen, eta beste hainbaten laguntzarik gabe, Babarrunaren Festa ez litzateke gaur egungoren parekoa izango. Guztiei eskerrak hilabeteak atzera hasita gauzatzen ari zareten lanagatik. Lapikoak sutan dira jada”. Jendea ekimenetan parte hartzera gonbidatuz borobildu du agerraldia.