Babarrunaren Festa eta Euskal Jaia, joan den urteko arrakasta errepikatzeko asmoz

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/11/07 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Azaroaren 14tik 17ra ospatuko da Tolosako Babarrunaren Festa: azoka bereziaz gain, lau lehiaketa izango dira.

  • Tolosako Babarruna Elkarteak 25. urteurrena beteko du

 

Jendetza bildu zen Tolosan joan den urteko Tolosako Babarrunaren Festaren eta Euskal Jaiaren aitzakian. Arrakasta erabatekoa izan zen: jende asko, giro paregabea... Olatz Peon alkatearen esanetan, “herritarren, eta bereziki, gazteen parte hartzea ikaragarria izan zen”. Bada, arrakasta horri eustea erronkatzat hartuta, aurkeztu dituzte 2019ko Babarrun Festa eta Euskal Jaia.

 

Bertako produktuekin, ikastaroa

Pul-pul jardunaldiak emango dio hasiera festari, azaroaren 14an. Aurten itxuraldatuta dator, gainera, publikoaren parte-hartze aktiboa sustatze aldera, hitzaldi formatua alboratu eta sukaldaritza-ikastaro bihurtuko baita. Ama Tabernako Javi Rivero eta Gorka Ricok bertako produktuekin errezetak prestatuko dituzte, bakoitzaren jatorri eta ezaugarriak azalduz. 15 lagunentzako lekua izango da, eta interesatuek komunikazioa.tbk@gmail.com helbidera idatzi beharko dute izena emateko.

 

Hiru lehiaketa larunbatean

Larunbata, azaroaren 16a, izango da egunik garrantzitsuena. Azoka bereziarekin batera, hiru lehiaketa izango dira egun horretan. Goiztiarrena XXXII. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa izango da. Sukaldariak 06:30ean hasiko dira babarrunak prestatzen, eta 12:15ean emango du epaimahaiak bere erabakiaren berri. 12:45ean, San Blas Elkarteak antolatutako XXVII. Odolki Lehiaketaren sari banaketa izango da. Bien bitartean, 10:15etik 13:00etara, Euskal Herriko XI. Frisoi Txapelketa izango da Ferialekuan.

 

Musika, dantza eta jaia

Eguna girotzeko, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak, Udaberri Dantza Taldea eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa ibiliko dira, kalez kale.

Arratsaldean, Euskal Jaiaren barruan, joan den urtean estreinakoz egindako bi saio errepikatuko dira. Oihana Iguaran eta Agin Laburu bertsotan izango dira Beti-Alai jatetxeko balkoian; beranduago, Joxe Elorza eta Iñaki Larrañaga trikitilariek egingo dute saioa, Orbela tabernako balkoietatik. Jainekin Txarangak, DJ Txurruk eta Gozategi taldeak girotuko dituzte kaleak, iluntze eta gau partean.

Eta, nola ez, egunari dagokion kolorea emateko, Tolosako Babarrunaren Kofradiak euskal jantziak erabiltzeko deia luzatu du.

 

Bazkari herrikoia

Igandeko Gure Kaiola elkarteak antolatutako bazkari herrikoiak emango dio itxiera Tolosako Babarrunaren Festari. Txartelak salgai dira jada, elkartean bertan, 600 859 683 telefono zenbakian edo gurekaiola@hotmail.com helbidean, 27 euroren truke. Aurrez, Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa izango da. Bikoteka banatuta, 08:00etan ekingo diote lanari parte hartzaileek, eta irabazleen izen-abizenak bazkalostean emango dituzte ezagutzera.

 

Kate oso baten lana

Babarruna da festaren oinarri nagusia, baina baserritarrek eta eragileek egindako lanik ez balego, ez genuke festarik, ezta perla beltzarik ere. Bide horretan, “eskualdeko baserritarren lana” goraipatzearekin batera, Babarrunaren festa kate baten erakusleiho ere badela azpimarratu du alkateak: “Elikaduraren kate honetan, ekoizleak ezinbestekoak dira; baita gure azoka ere, tokiko produktuak saldu eta erosteko. Noski, sukaldariak, profesionalak eta etxekoak. Eta festa hau posible egiten duten eragile guztiak: Babarrun Kofradia, Gure Kaiola, San Blas, Tolosako sukaldariak eta Babarruna Elkartea”.

Hain zuzen, azken honek 25. urteurrena beteko du aurten. Kontsumitzaileari jatorriaren eta kalitatearen ziurtagiria duen produktua eskaintzeko helburuarekin hasi zuen bere ibilbidea elkarteak, eta egun 37 ekoizlek osatzen dute. 20.000 kiloko ekoizpena lortzen dute urtean, eta aurtengoari dagokionez honakoa nabarmendu du Xabier Goikoetxea elkarteko gerenteak: “Berantiarra da, baina ona, osasungarria, eta aurreko urtekoa baino hobea. Azkarrago egosten da, eta salda hobea ematen du, finagoa”.

 

 

Egitaraua

 

AZAROAK 14

 

18:00. Pul-pul jardunaldia: 'Bertako produktuak, platerera', Sukaltalka espazioan. Eserleku-kopurua: 15. Lekua gordetzeko, helbide honetara idatzi: komunikazioa.tbk@gmail.com

 

AZAROAK 15

 

19:30. Tolosako babarrunaren ohorezko kideen izendapena, Tolosako udaletxeko pleno aretoan. Ekitaldi irekia.

 

AZAROAK 16

 

06:30. XXXII. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketaren hasiera Trianguloa plazan

08:00. San Blas Elkarteak antolatuta XXVII. Odolki Lehiaketaren hasiera San Franzisko pasealekuan

09:00-14:00. Azoka berezia Trianguloa plazan

10:15-13:00. Euskal Herriko XI. Frisoi Txapelketa, Ferialekuan

11:00. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako epaimahaiak bere lanari ekingo dio, Trianguloa plazan

11:00. Dantza ikuskizuna Udaberri taldearen eskutik, Trianguloa plazan, eta ondoren, kalejira, “Bentazaharreko Mutiko Alaiek” lagunduta, Tolosako kaleetan barrena

11:15. Erraldoiak Trianguloa plazan

12:00. Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik, Tolosako babarruna jateko aukera, Trianguloa plazan

12:00. Tolosako eta Lazkaoko trikitixa ikasleen kalejira Asier Gozategiren eskutik.

12:15. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako sari banaketa, Trianguloa plazan

12:45. XXVII. Odolki Lehiaketako sari banaketa

13:00. Euskal Herriko XI. Frisoi Txapelketako sari banaketa

14:30. Tolosako elkarte eta tabernetan babarrun jatea

18:00. Oihana Iguaran eta Agin Laburu bertsotan, Beti-Alai jatetxeko balkoian

18:30. Jainekin txaranga, Maria Luisa Agirre doktorearen plazatik hasita

19:15. Joxe Elorza eta Iñaki Larrañaga Orbelako balkoian; ondoren, kalejira trikitilariekin Euskal Herria plazara

20:00-22:00. DJ TXURRU, Euskal Herria plazan

23:00. Gozategi, Plaza Berrian

00:30. Jainekin Txaranga, Plaza Berrian hasita.

 

AZAROAK 17

 

08:00. Gure Kaiola elkarteak antolatuta, XXXIII. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera, Trianguloan.

13:00. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko epaimahaiak bere lanari ekingo dio, Trianguloa. plazan

14:30. Herri bazkaria, Zerkausian

* Oharra: Bazkariko txartelak salgai Gure Kaiola elkartean, 27 €-ren truke (16 urtetik behera 15€), astelehenetik ostiralera, 19:30etik 21:00etara, azaroaren 4tik 16ra; 600 859 683 telefonoan; edo gurekaiola@hotmail.com helbidean.

16:30. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko sari banaketa, Zerkausian.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA