Berastegiko Sebas Gartziarena, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako garaile

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/12/14 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Estitxu Sudupek jaso du bigarren saria, eta Albizturko Alberto Labakarentzat izan da hirugarrena.

  • Gure Kaiola elkarteak antolatutako XXXVII. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa, berriz, Iñaki eta Xabier Beitiak osatutako bikoteak irabazi du.


Babarrunaren Festaren eta Euskal Jaiaren aitzakian, jendetza bildu da Tolosan, beste behin. Goizeko lehen ordutik giro ona izan da nagusi herriko kale eta plazetan.

Azoka bereziko postuen eskaintzan ez ezik, bi hitzordutan zentratzen dira begiradak gaurko egunean. Alde batetik, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketan. 29. edizioa izan da aurtengoa, eta parte hartu duten 25 ekoizleen artean, Berastegiko Ibaiondo etxeko Sebas Gartziarena izan da txapeldun. 

Lehiaketa bigarrenez irabazi du Gartziarenak, 2019. urtean ere jaso baitzuen txapela. Ohore handia dela aitortu du: «Maitasun handiarekin egindako babarrunak dira. Berastegiko lurrek ziur aski zerikusia dute, muturreko giroan hazitako aleak direlako. Alea lortzea berarekin dagoeneko txapeldun gara. Udaberrian ereiteko komeriak izan genituen, hezetasun handia zegoelako eta lurra hotz zegoelako. Udako eguraldiak ere ez du lagundu, baina pixkanaka ernaldu da. Nahi baina gutxiago jaso arren, jasotakoa kalitate onekoa da. Sariak bultzada bat emango digu. Talde xume bat gara, dozena bat lagunekoa, eta irabaziekin Senegalen proiektu solidarioak laguntzen ditugu». 

Bigarren saria Tolosako Gorregi baserriko Estitxu Suduperentzat izan da, eta hirugarren Albizturgo Iriarte baserriko Alberto Labaka sailkatu da.

Bestetik, Gure Kaiola elkarteak antolatutako XXXVII. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa ospatu da San Frantzisko pasealekuan. Hemen ere 25 bikotek parte hartu dute, eta Tolosako Iurre elkarteko Iñaki eta Xabier Beitiak osatutako bikotea izan da garaile. Tolosaldeko bikote onenaren saria ere eskuratu dute. Ibarrako Bixente Artola eta Alberto Zubelzuk lortu dute bigarren saria, eta hirugarrena Juan Rangel eta Marina Plano garinoaindarrentzat izan da.

Giro paregabea izan da Tolosako kaleetan. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, trikitilariak, eta Udaberri dantza taldea izan dira kalez kale. 

Arratsaldean, berriz, erromeria saio berezia izango da Berdura Plazan, herriko trikitilari, dultzainero eta txistularien eskutik. Ondoren, Jainekin Txarangaren emanaldia izango da, eta 22:30ean, Gozategi taldearen kontzertua, Plaza Berrian.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA