Bihar piztuko dira Tolosako Gabonetako argiak

Tolosako Udala
2021/12/02 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Kale argiztapena bihar, abenduaren 3an, piztuko da ilunabarrean 17:30ak aldera, aurten ere merkataritzari babesa emateko eta garai hauetako ilusio eta magiari eusteko.

  • Argiteriaren inguruko iradokizunak Udalak kudeatuko ditu, hortaz, herritarrek UDATEra jo beharko dute edozein argibidetarako.

 

Aurten ere Tolosako Udalak Gabonetako argiekin apaindu ditu herriko kaleak, urteko garai honetako ilusio eta magiari eusteko eta herriko merkataritza babesteko. Kale argiztapena bihar, abenduak 3, piztuko da ilunabarrean, 17:30ak aldera. Egunetik egunera, ilunabarra atzeratuz joan ahala, argiak beranduago piztuko dira, argiteria publikoarekin batera, erloju astronomikoak erabiliz.

Osasun egoeraren eraginez urte berezia izaten ari da aurtengoa ere, eta tokiko merkatariak eta euren saltokiak babesteko, eta bertako kontsumoa sustatzen jarraitzeko, Gabonetako argiteria jarri du Udalak urtero lez. Zehazki, kontsumo txikiko 204.840 Led argi puntu jarri dira Tolosan. Astean zehar, 23:00etan itzaliko dira argiak, eta ostiraletik igandera, berriz, gauerdian. Gau berezietan, abenduak 24 eta 31 eta urtarrilak 5, gau osoan zehar egongo dira piztuta.

Gune ezberdinak argiztatuko dira aurten ere, hala nola, eraikinak, plazak, kaleak, eta baita auzo eta landa auzoak ere. Aurten, apaingarri bereziak jarri dira Zerkausian, San Frantzisko pasealekuan, Araba etorbidean eta Pedro Tolosa pasealekuan, eta argi puntu berriak Batxiler Zaldibian. Kale argiztapenaren kostua 55.000 eurokoa izan da.

Argiteriaren inguruko iradokizunak Udalak kudeatuko ditu, hortaz, herritarrek UDATEra jo beharko dute edozein argibide edo beharrizanetarako.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA