Bisitari kopuruen aurreikuspenak gainditu dira ezohiko uda honetan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/09/11 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Gastronomia, azoka, natura, ondare kulturala eta Tolosak eskaintzen dituen ingurune lasaiak, bisitariak erakartzeko arrazoi nagusi aurtengo udan.

 

COVID 19aren ondorioz aurtengo udara ezohikoa izan da eta beraz, ezinezkoa da, turismo ikuspegitik, 2020ko bisitari datuak azken urteetako datuekin alderatzea. Edozein kasutan, Tolosako Hiri Ekonomia Mahaiak ezohiko uda honetan aurreikusitako datuak gainditzea lortu dela azpimarratu du. Izan ere, aurreikuspenak ez ziren baikorrak eta egoera aldakorra izan da, baina ekainetik abuztura bitartean bisitarien kopuruak goranzko joera izan du.

2018az geroztik Tolosako Udaleko Turismo sailaren helburu nagusienetariko bat izan da edukiaren digitalizazioa. Horretarako, ekintza ezberdinak jarri dira martxan: turismoko webgunea, turismoari bideraturiko sare sozialak, bilatzaileetan webgunearen posizionamenduaren hobekuntza eta etorkizuneko turismorantz ere urratsak egiten jarraitzeko, Instagram bidezko bisita gidatu birtualak, besteak beste.

Azken hau oso erabilgarria izan da ezohiko udaldi honetan, bisita gidatuak bakarrik egitea ahalbidetu baitie bisitariei jende pilaketak saihestuta eta bakoitzak nahi izandako erritmora. Honen adierazle dira bildutako datu onak: euskaraz 863 bisitaldi izan ditu gida birtualak; gazteleraz, 851; katalanez, 675; ingelesez, 575 eta frantsesez, 559.

Uda honetan Tolosako turismo bulegoan bildutako datuak berriz, ondoregoak dira: udan 2508 pertsona gerturatu dira turismo bulegora, eta horietatik %50a euskaldunak, %41,4a estatukoak eta %8,6a atzerritarrak izan dira. Datu hauek, aurten barne-turismoak izan duen garrantziaren adierazle dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldea berraktibatzeko abian jarritako “Gipuzkoa Passport” kanpaina ere lagungarri izan da turisten mugimendu honetarako, gurean 304 pasaporte banatu direlarik. “Gipuzkoa Passport”en helburua Gipuzkoak eskaintzen dituen plan guztiak ezagutaraztea da; eta gure kasuan, barnekaldeko turismoaren eskaintzak balioan jartzea.

Turismo eskaintza oro egoera berrira egokitu behar izan da aurtengoan, beharrezkoak izan diren babes neurriak hartuz eta edukierak mugatuz, bereziki bisita gidatuei dagokienean. 

Tolosako eskaintzak harrera ona izan du bisitarien artean, Topic museoak 1138 bisitari erregistratu baititu eta udalak antolatutako eta eskainitako aurrez-aurreko bisitez ere 340 pertsonek gozatu ahal izan dute. Tolosar asko izan dira, Andre Maria koroa eta kupula edota ondare materiala ezagutzera gerturatu direnak.

Ostalari eta ostatuek ere, aurreikuspenen aurrean, egoerari eutsi diote, zailtasunak-zailtasun eta egoerak ezarritako baldintzak kontuan izanda, bereziki, edukiera mugei dagokienez. 

Udazkenera begira ziurgabetasuna da nagusi sektore guztien artean; horregatik, ekainetik hona izandako bisitari kopuruen goranzko joera mantentzeko udazkeneko eskaintza egokituko du udalak tokiko eragileekin elkarlanean. Helburua: indarrak batuta lanean aritzea aurtengo udazkenean ere Tolosa erakargarria izan dadin bisitariak gurera etor daitzen, horrek gure hiri-ekonomian duen eragin zuzen eta positiboagatik.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA