- Tolosan egiten diren bisita gidatuen amaieran, bisitariei bertako produktuen dastaketa egiteko eta erosteko aukera eskainiko dizkie Jo! Topaguneak.
- ‘Tolosaldea: ongi etorri eta on egin!’ sustapen bideoa aurkeztu dute sektoreko eragileek, “gure balioak partekatzen dituzten turistak erakartzeko”.
Gastronomia da, turismoaren ikuspegitik, Tolosaldearen indargune nagusienetako bat. Bada, eskualdean, eta Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailak koordinatuta, sektoreko 40 enpresa baino gehiagok egiten dute lan, sarean, hori sustatzeko.
Paraleloan, garapen agentziak eta eskualdeko udalek Turismo Jasangarriaren Plana jarri zuten martxan 2023an, Europako Next Generation funtsen finatziazioari esker eta Euskadiko Helmugako turismo-jasangarritasuneko lurralde-planarekin lerrokatuta. Planak eskualdearen garapen turistiko egoki baterako proiektu ugari jasotzen ditu. Lehiakortasunarena da planak jasotzen dituen lan-lerroetako bat, eta horrekin lotuta, besteak beste, bertako produktuak balioetsi eta esperientzia gastronomiko berriak sortzeko helburua finkatu zen.
Lanketa horren fruituak eman dituzte ezagutzera, gaur, Tolosan: Jo! Topagunea, eskualdeko produktuak ezagutzera emango dituen harrera puntua eta sustapen kanpaina berria. Bertan izan dira, Clara Navas, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaria; Azahara Dominguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatua; Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria; Alaitz Labaien, Tolosaldea Garatzeneko lehendakariordea; Olatz Ilarregi, garapen agentziako Turismo Saileko arduraduna, eta Iñaki Lopetegi, Jo! Topaguneko ordezkaria, besteak beste.
Topagune eta dastaleku
Eskualdera bisitan datozenei bertan ekoiztutako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera emango dizkien gunea da Jo! Topagunea. Hain zuzen, herrian bisitarientzat eskaintzen diren bisita gidatuen bukaeran bertako produktuen dastaketak eskainiko ditu, baita salgai jarri ere. Tolosako babarrunak, Ibarrako piparrak eta eskualdean bertan ekoiztutako gazta, sagardo eta txakolina… Horretarako, Tolosako Alde Zaharrean, Kale Nagusiko 20.ean zehazki, hutsik zegoen lokal bat atondu dute.
Tolosaldea Garatzenen eta Tolosako Udalaren arteko hitzarmenetik sortu da zerbitzu berria. Horrela, Tolosaldeko turismo bulegotik eskaintzen diren bisita gidatuen eskaintza osatzea da helburua. Orotara 153 bisita gidatu eskainiko ditu urte t’erdiko epean, 2025 osoan zehar eta 2026ko martxora arte, orduan amaitzen baita zerbitzu-kontratuaren esleipena. Tailerrak ere egitea aurreikusten dute.
Esperientzia gastronomiko berria Tolosan
Jo! Topaguneak bertako produktuen dastaketa barne hartzen duten bisita gidatuak eskainiko ditu datorren urteko martxora arte, hiru guztira. Tolosaldeko Turismo bulegoan egin beharko dira erreserbak eta ordainketak. Hauxe da eskaintza:
Tolosako Azokara bisita gidatua eta bertako produktuen dastaketa
Larunbatero, 11:00etan. Ordubeteko iraupena eta ondoren dastaketa.
25 pertsona gehienez.
Hizkuntzak: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.
Azoka berezietan ere egingo dira, azoka horien produktu eta espazioetara egokituta.
Tolosako Alde Zaharrera bisita bidatua eta bertako produktuen dastaketa
Uztailean eta abuztuan, astelehenetik ostiralera, egunero. 11:00etan.
Iraupena: ordu bat eta ondoren dastaketa.
25 pertsona gehienez.
Hizkuntzak: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.
Andre Maria elizara bisita gidatu eta bertako produktuen dastaketa
Uztailean eta abuztuan, astelehenetik ostiralera, egunero. 12:30ean.
Iraupena: ordu bat eta ondoren dastaketa.
25 pertsona gehienez.
Hizkuntzak: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.
Sustapen kanpaina berria: ‘Tolosaldea: Ongi etorri eta on egin’
Turismo gastronomikoaren aldeko apustua indartzeko, sustapen kanpaina berria ere landu dute Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailak eta turismo gastronomikoaren klubeko kideek, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren laguntzarekin.
Eskualdeak duen eskaintza oparoa azaldu ez ezik, sare publiko-pribatu horrek partekatzen dituen balio eta oinarriak zabaltzea, balio horiekin bat egiten duten bisitariak erakartzea eta turismo jasangarri bat garatzea dira kanpainaren helburuak.
Tolosaldea. Ongi etorri eta on egin! kanpainak, bertako ekoizle, pintxo taberna, denda, sagardogile, erretegi eta jatetxeek eskualdeari egiten dioten eta hain begi bistakoa ez den ekarpena nabarmentzen du: tradizioa, berrikuntza, lurra, transmisioa, paisaia, harremanak, zaporeak, kontakizunak, sormena, sustraiak, aniztasuna, inklusioa eta azken finean, zaintza.