Jai egunak dira. Familiak mahaiaren bueltan elkartuta eta menu bereziak prestatuz eta dastatuz ospatzen dira etxe askotan. Egun politak izaten dira, falta direnen hutsunea nabarmenagoa izan arren, daudenak elkartzeko balio izaten dutenak, zintzilik geratutako elkarrizketei bidea emateko balio dutenak, eman gabeko besarkadak emateko egunak edo mesedeak egiteko egunak. Julio esaten zuen moduan: Batzuk etorri, besteak joan; bizitzak berdin jarraitzen du.
Edonola ere, beti jarraitzen duena, eta orain dela 500 urte baino gehiagotik jarraitzen duena, larunbateroko Tolosako azoka da; aurreko larunbatekoa 500 urte horietako beste azoka bat izan zen, Gabon ukituarekin. Ohiko mahaietan produktu eskaintza handia, oso handia, kardua nobedade modura, Gabonetako apaingarri eskaintza zabalarekin, bertako fruta eskaintza bikainarekin, bai freskoan jateko edo baita askok horrenbeste deseatzen dugun konpotan jateko. Saltzaileek ere dastatu ahal izan zuten konpota, alkatea buru zela udal korporazioak banatu baitzuen konpota larunbateko azokan. Tradizio bihurtzen ari den ohitura.
Azoka berezia zela-eta gonbidatu zituzten postuak nabarmendu ziren. Denetariko produktuak ikusi, dastatu eta erosi ahal izan ziren; egurrean, buztinean, larruan edo metalean egindako artisau produktuak, ozpinetan jarritako jakiak, pateak, hestebeteak, likoreak, mota guztietako azkenburukoak, txokolateak eta ardoak. Jende asko erakarri zuten postuak izan ziren. Ohikoan azokan ibiltzen direnentzat plazerra izan zen San Frantzisko kalea, alondegiko plaza, Trianguloa, Justizia plaza, Zerkausia edo Berdura Plazan zehar itzulia egitea. Amaigabeko eskaintza eskura, lerro hauen idazleak ziur esan dezake larunbatean Tolosan aurki zitezkeen produktuak nekez aurki daitezkeela komertzio eta logistika zentro handietan. Asteroko azokak eskaintzen duen kontsumo jasangarriaren alde egiteko beste arrazoi bat.
Lore apaingarriak eskaintzen zituzten postuek berez erakartzen zuten arreta Berdura plazan; Pazko lora, lore zentro, lore sorta eta lorontzietako lore asko saldu zuten. Ezin uka daiteke festa egun hauetan mahaiak dotore jartzea oso gustuko duela jendeak, eta salmenta zifrek hala baieztatzen dute.
Oraindik kontsumitu daitezkeen Ibarrako piperminak zituzten postuek arreta berezia piztu zuten. Oso garaiko produktua da, urteko sasoirik epelenean kontsumitzen da gehien, baina urtetik urtera gehiago luzatzen da bere produkzioa, aurreikusitakoa edo pentsatutakoa baino gehiago azken urteetan. Zalantzarik gabe, plazerra da pipermin horiek kontsumitzea, baina honen inguruko hausnarketa ez da nolanahikoa. Tomateak eta lekak ere ikusi ahal izan ziren, nahiz eta gehien nagusitu zirenak neguko barazkiak izan ziren. Azalorea, romanescua, azak, kalea edo pak choi-a bezalako mota guztietako Brassicazeak, borrajak, kardua, zerbak, eskarolak, barietate ezberdinetako kalabazak, eta lekale bikainak. Produktu mikologikoen zerrendan gamuzak eta bertako niskalBizitzakoa nabarmendu ziren, baita mendiko angulak, trompetak eta senderuelak ere. Moko fin askoren gozagarri izan ziren salgai zeuden trufak. Denak ere produktu bikainak jai egun hauetarako.