ESNEKIren bigarren edizioko lehiaketa eta azokarako izen emateak ireki dira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/09/21 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Euskal Herriko gazta eta esnekien profesionalen topaketak Tolosan elkartuko ditu ekoizle eta zaleak, azoka berezi zein gazta lehiaketan, azaroaren 3 eta 4an.
  • Ekoizleentzako izen-ematea irekita dago, eta eskaerak aurkezteko epea urriaren 20ra bitarte egin ahalko da esneki.eus webgunearen bitartez.

 

ESNEKI 2023ko azaroaren 3an eta 4an egingo da. Euskal Herriko esneki ekoizleak biltzen dituen azokaren eta txapelketaren bigarren edizioa izango da aurtengoa eta Tolosako Trianguloa plaza, San Frantzisko ibilbidea eta Beotibar Frontoia izango ditu agertoki nagusi. Eliker, Kalitatezko Elikaduraren Zentroak, Tolosako Udalak, HAZIk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Leartiker eta Esneki Zentroak elkarlanean antolatutako esnekien inguruko topaketa gastronomikoa da ESNEKI.

Bertan, esnekien azoka berezia eta Euskal Herriko Gaztarik Onena erabakitzeko lehiaketa egingo dira, besteak beste. Azokan postuan jartzeko nahiz lehiaketan parte hartzeko ekoizleentzako izen-ematea irekita dago, eta eskaerak aurkezteko epea urriaren 20ra bitarte egin ahalko da, esneki.eus webgunearen bitartez. Aurkeztu beharreko agiriak, betebeharreko baldintzak eta esleipen sistemaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago.

Azokari dagokionez, Euskal Herrian ekoiztutako gaztak, jogurtak, izozkiak, kremak, mamiak eta orotariko esnekiak egongo dira erakusgai, dastagai eta erosgai. Guztira, 60 postu jarriko dira.

Aldi berean Euskal Herriko gazta onena hautatzeko txapelketa eta Frisoi txapelketa ospatuko dira. Gazta lehiaketari dagokionez, hamar mailatan banatuko da lehiaketa: gazta fresko eta gaztanberak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak, pasta egosiak, gazta kremak eta jogurtak. Maila bakoitzean beste bi azpi-kategoria ere izango dira: alde batetik, gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutakoena; eta bestetik, hirugarren bati esnea erosi eta eraldaldatzen dutenena. Azpikategoria bakoitzeko saridun bat egongo da; eta ondoren, “txapeldunen txapelduna” izango den gazta hautatuko da. Lehiaketak irauten duen bitartean, aurten ere gazta aukera zabal hori ezagutzeko eta jateko dastaketa gidatua egingo da.

ESNEKI-ren egitaraua hainbat ikastarok eta esnekien profesionalentzako kongresuak osatuko dute.

Udazkeneko azoka bereziak

Udazkena azoka gastronomiko berezien sasoia da. Lehenengoa perretxikoari eskainitakoa izango da. Urriaren 19tik 21era egingo dira Mikologika XII. Mikologia jardunaldiak. Handik astebetera, hilaren 28an, Tolosa Goxua egingo da, gozoak maite dituztenentzako eta gozogileentzako Gozoaren Azoka berezia. Esnekiren txanda izango da gero, azaroaren 4an, eta 18an babarrunaren egun handia helduko da Tolosara, XXVIII. Tolosako Babarrunaren
Jaiarekin.

Gabonetako azoka bereziak itxiko du azoka gastronomiko berezien sasoia. Abenduaren 16an egingo da, jaien atarian.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA