Gabonetako otorduetarako errezetak egiten irakatsiko da Azoka Lagunentzako abenduko ikastaroan

Tolosako Udala
2020/12/10 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • AMA jatetxeko sukaldariek Eguberrietako otorduetan jateko aproposak diren hiru errezeta kozinatzen erakutsiko dute.

  • Ikastaroa bi modutara jarraitu ahal izango da: presentzialki edo streaming bidez.

 

Urtero abenduan egin ohi den Gabonetako Azoka Berezirik ez da ospatzerik izango aurten. Covid19-aren ondorioz bizi den egoera kontuan izanik eta unean uneko osasun arauak jarraituz hartu du erabakia udalak. 

Bada, Tolosako eta inguruko herrietako herritarrentzat azoka berezi honek duen garrantzia kontuan ere izan da eta hori dela eta, hutsune hori bete asmoz, Azoka Lagunak proiektuaren testuinguruan beste ikastaro bat antolatu da.


AMA jatetxeko Javi Rivero eta Gorka Rico sukaldarien eskutik, Gabonetako otorduetarako hiru errezeta kozinatzen ikasteko aukera eskainiko du ikastaroak, Tolosako Azokan bertan eros daitezkeen produktu ezberdinak erabiliz. 


Ikastaroa abenduaren 15ean izango da, iluntzeko 19:00etan, eta jarraitzeko bi aukera izango dira: presentzialki, kultur etxean, eta online, streaming bidezko bideo-emisioa jarraituz. Ikastaroa presentzialki jarraitzeko lekuak mugatuak ziren, eta agortu dira dagoeneko, baina online jarraitzeko izen-ematea irekia dago Azoka Lagunentzat. Ikastaroa doakoa da eta udalak bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak.  


 

Egin Azoka Lagun!

Ikastaro honetan eta etorkizunean antolatuko diren ikastaroetan parte hartu nahi izanez gero, edota Tolosako Azokako produktu eta informazio esklusiboa jasotzeko, Azoka Lagun gisa izena ematea beharrezkoa dela ere gogorarazi du Udalak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

Ostegunetan 17:00etatik 19:00etara etortzeko, EZINBESTEKOA da hitzordua izatea.

ESKATU HITZORDUA