Harrera ona izan dute ostalaritza sektoreari bultzada emateko bonuek

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/09/24 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Erritmo onean ari dira saltzen tabernak eta jatetxeak laguntzeko Suspertu Tolosa bonuak, eta zenbait establezimendutan agortu dira dagoeneko.

  • Urriaren 25era arte eskuratu ahal izango dira bonuak.

 

Duela bi aste pasatxo abiatu zen herriko ostalaritza establezimenduak babesteko Suspertu Tolosa bonuen salmenta. Komertzioak laguntzeko bonuekin gertatu moduan, harrera ona izan du egitasmoak, eta dagoeneko agortu dira zenbait jatetxe eta tabernetarako bonuak.

14 taberna eta jatetxetan baino ez dira geratzen eskuragarri bonu ale batzuk: Ikatza, Elurra, Iurre, Plan B, Botarri, Izarra, Eguzki, 66, Saikin, Amaiur, Alondegia, K2, 3 Taberna eta Bide Bide dira, hain zuzen.

Bonuak eskuratu nahi dituztenek, establezimendu horietakoren batera joan beharko dute, urriaren 25a baino lehen. 30 euroren truke, 45 euroko balioa duen bonu orri bat jasoko dute, udalak 15 euro gehituko baitizkio laguntza modura.

Orri horietako bakoitzean 5€-ko bosna bonu eta 10€-ko bina izango dira, guztiak erosketa egindako establezimendu horretan bertan gastatzeko –abenduaren 7a baino lehen–, nahi adina kontsumiziotan banatuta.

Bonuen salmenta kanpainarekin, 30.000 euroko diru-laguntza jarri du martxan, Tolosako Udalak, ostalaritza sektoreari bultzada bat eman asmoz. Egitasmoak, ordea, herritarren parte hartze zuzena ere eskatzen du, gero eta bonu gehiago saldu, orduan eta handiagoa izango baita ostalariek jasoko duten diru-laguntza. Zentzu horretan, bertan kontsumitzearen garrantzia nabarmentzea ere bada kanpainaren beste helburuetako bat.

Bonuen inguruko informazio eta argibide gehiagorako www.suspertutolosa.eus webgunea bisita daiteke. Zalantzak argitzeko, berriz, merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 697521 telefonora deitu (10:00etatik 13:00etara) daiteke.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA