Inauterietako balkoi lehiaketa martxan da, hautagaitzak aurkezteko sistema berri batekin

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/02/11 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Balkoiak Ostegun Gizen goizerako apaindu beharko dira, eta formulario bidez eman beharko da izena.

  • Tolosako Udalak eta Tolosa&Co elkarteak sustatutako lehiaketa da, eta irabazleak 300 euroko saria jasoko du.

 

Inauterietan balkoiak apaintzeko lehiaketa bueltan da. Tolosa Turismoak eta Tolosa&Co herriko merkatarien elkarteak sustatuta, bi hamarkada baino gehiagoko ohitura indartzeko xedea du egitasmoak, jaietan zehar udalerriko kaleak kolorez betez. 

Lehiaketan parte hartzeko, norbere edo bizilagunen hautagaitza aurkeztu beharko dute interesdunek. Gustoko duten edozein balkoi aurkeztu ahalko dute herritarrek lehiaketara. Epaimahaikideek aipamena jasotako balkoi guztiak ikusi eta lehiaketarako aintzakotzat hartzea bermatu nahi da horrela. 

Parte hartzeko sistema berri honekin, helburua bikoitza izango da: batetik, interesdun guztien parte hartzea bermatzea, eta bestetik, lehiaketan parte hartzeko izena eman ez duten balkoi dotore eta koloretsuenek ere saria irabazi ahal izatea. Balkoiek Ostegun Gizen goizerako egon beharko dute apainduta, eta 300 euroko saria izango du irabazleak Tolosa&Co dendetan erabiltzeko. 

Hautagaitzak aurkezteko honako formularioa bete beharko da eta otsailaren 26a bitarte izango da horretarako aukera: https://forms.gle/54H95CieZ2vkgJV26.

Epaimahaia, moda eta espazioen dekorazioan adituek osatua, Tolosako kaleetatik igaroko da goiz horretan bertan eta balkoi original, koloretsu eta erakargarriena aukeratuko du. Irabazlea egun horretan bertan emango da jakitera Tolosa Turismoa (@tolosaturismoa) eta Tolosa&Co-ren (@tolosandco) sare sozialen bitartez, eta saria Tolosa&Co-ko establezimenduetan erabili ahal izango du irabazleak.

Herritarrak oihalak eta apaingarriak Tolosako dendetan erostera animatu nahi dituzte antolatzaileek, komertzio txikia babestuz eta bertako saltzaileak ere ohitura honen parte hartzaile eginez. Gogoko zerbitzuaren bidez ere eros daiteke behar den oro, whatsapp bat bidaliz 688 750 783 zenbakira, eta nahi den lekuan jaso ahalko da egunean bertan. 

Hamarkadatako tradizioa

Inauterietan balkoiak apaintzeko tradizioa duela bi hamarkada baino gehiago sortu zen Tolosan. Inspirazioa Azkaratek Galtzaundiri eskaini zion bertsoetako bat izan omen zen; bertan, jaiegunetan etxeetako leiho eta balkoiak apaintzeko elementu gisa ohegainekoak jartzearen inguruan aritzen zen. Horrela hasi omen ziren alde zaharreko Letxuga kaleko merkatariak barandetan oihalak jartzen. 

Harrezkero, ohitura haziz joan zen, eta tolosarrak balkoiak, terrazak eta begiratokiak oihal koloretsuz apaintzera animatu ziren, urtez urte tonalitate eta motiboak aldatuz.

Azken urteotan parte-hartze txikiagoa nabaritu da, eta horrek bultzatu du Tolosako Udaleko turismo saila ekimen hau berreskuratzera. Berezitasun honi eustea eta Tolosa festa honetan kolorez betetzea dira helburuak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA