Amaitu da itxaronaldia: heldu da Tolosako babarrunaz gozatzeko garaia. Aurten inoiz baino gehiago atzeratu da uzta, eta horrek Babarrunaren Festa eta Euskal Jaia atzeratzea behartu zituen jaiaren antolatzaile diren erakundeak. Aldaketak aldaketa, festa girorik ez da faltako.
Abenduaren 14an, larunbatez, ospatuko da aurtengo Babarrunaren Festa, udalak ez ezik, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Elkarteak, Babarrunaren Kofradiak eta Gure Kaiola elkarteak elkarlanean antolatuta. Gaur eman dituzte egitarauaren inguruko xehetasunak.
Azoka, dastaketa eta bi lehiaketa
Trianguloa plaza izango da jaiaren epizentro nagusia, bertan kokatuko baita Babarrunaren Festako azoka berezia. 15 postu izango dira, 09:00etatik 14:00etara. Hestebeteak, gaztak, eztiak eta, nola ez, babarrunak erosteko aukera izango da.
Postuak jartzerako, pul-pulean izango dira jada babarrunak, su-motelean. Izan ere, plazaren alboetako batean, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXX. Lehiaketa ospatuko da. 06:30ean hasiko dira prestatzen lehiaketan parte hartuko duten 21 ekoizleren babarrunak. Tolosako Babarrunaren Kofradiako kide batek eta Andoni Riaño (Alondegia), Gorka Rico (AMA) eta Pili Manterola (Iribar) sukaldariek osatutako epaimahaiak 12:45ean emango du ezagutara nor den aurtengo babarrun alerik onenaren ekoizlea.
San Frantzisko pasealekuan, berriz, Gure Kaiola elkarteak antolatutako Babarrun Lehiaketa Gastronomikoaren XXXVII. edizioa ospatuko da. 22 lehiakidek parte hartuko dute, 08:30ean hasita, eta ekoizleen iazko lehiaketan txapeldun izan zen Zumaiako Joxe Mari Aramendiren babarrunak prestatu beharko dituzte. 13:30ean iragarriko du epaimahaiak irabazlea.
Uzta berria dastatzeko aukera ere izango da. Babarrunaren Kofradiak 12:00etan babarrun-platertxoak banatuko ditu Trianguloa plazan, eta ondoren, ohitura bihurtu den bezala, herriko elkarte eta tabernetan babarrun-jateak egingo dira.
Euskal Jaia: bi erromeria eta txaranga
Goizean zehar ez da girorik faltako: Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Udaberri Dantza Taldea eta trikitilariak ibiliko dira kalez kale.
Arratsaldean, berriz, erromeria saio berezia izango da, lehen aldiz. Herriko hiru talde batuko dira emanaldia eskaintzeko: trikitilariak, dultzaineroak eta txistulariak. Berdura Plazan izango da, 18:00etatik aurrera.
Erromeriaren ondoren, Jainekin Txaranga ibiliko da kalez kale, bi txandatan: 20:00etan eta 00:30ean. Tartean, Gozategi taldearen kontzertua izango da, Plaza Berrian, 22:30ean.
Ekoizleen lanari balioa eman nahian
Prentsaurrekoan, Aitor Agirresarobek Tolosako Udaleko Merkataritza, Turismo eta Azokak Saileko zinegotziak azpimarratu duenez, «festa hau kate luze baten azken katebegia da. Ez da soilik ospakizun gastronomiko bat, ekoizleen lana aitortzeko eta bertako produktuen balioa nabarmentzeko aukera ere bada. Aurten, gainera, inoiz baino agerikoagoa izan da lurrarekiko dugun menpekotasun eta lotura. Ez da urte erraza izan ekoizleentzat, baina lan mardulari esker, berriz ere kalitaterik goreneko eskaintza izango dugu».
Tolosako Babarrunaren Ekoizleen izenean Xabier Goikoetxeak nabarmendu nahi izan du urte honetan bizi izandakoa ezohikoa bada ere, «ezaugarri bikaineko alea» dela aurtengoa. «36 kide gara elkartean, 20 hektarea inguru ditugu, eta 12.000 kilo bildu dira aurten; bereziki asko jaitsi da kostaldeko gunean. Ekoizle gehien barrualdekoak gara, baina kostaldean dugu azalera handiena. Aleari dagokionez, prestatzeko lan gehiago emango du, baina aurreko urtekoa baina hobea dela esango nuke». Babarrunaren uztak aurten izan duen bilakaeraren inguruan, itxaronaldiak merezi izan duela berretsi du Kofradiako Armintz Gorrotxategik, heldutako uzta «zaporetsua eta distiratsua» dela azpimarratu baitu.
Autobus zerbitzua Usabaletik
Esneki azoka berezian egin moduan, autobus zerbitzu berezia izango da, kanpotik datozen bisitariek eta eskualdeko herritarrek autoak aparkatzeko erraztasun gehiago izan dezaten. Usabal industriaguneko eta kiroldegiko aparkalekuak erabiliz gero, zuzenean erdigunera autobusez joateko aukera izango da, doan.
Lau geltoki izango ditu: Usabal kiroldegiko, Oria beilatokiko eta Iruñea etorbideko -Amarotz- autobus geltokietan; handik, zuzenean erdigunera joango da eta geldialdi bakarra egingo du, bidaiariak utzi eta hartzeko: Jon Andoni Irazusta (‘biala’) pasealekuaren hasierako geltokian.
09:30ean hasiko da zerbitzua kiroldegitik eta 14:30ean aterako da azken aldiz, industrigune aldera, Jon Andoni Irazusta pasealekutik. Tartean, etengabe ibiliko da bueltaka. Hiribusak, berriz, ohiko ordutegi eta ibilbidea jarraituko du egun osoan zehar.
Abenduaren 14ko egitaraua
6:30
|
XXX. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketaren hasiera
|
Trianguloa plazan
|
8:30
|
Gure Kaiola elkarteak antolatuta, XXXVII. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera
|
San Frantzisko pasealekuan
|
09:00 - 14:00
|
Azoka berezia
|
Trianguloa plazan
|
11:00
|
Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako epaimahaiak bere lanari ekingo dio
|
Trianguloa plazan
|
11:00
|
Buruhandi eta erraldoiak
|
Tolosatik zehar (Gernikako Arbolatik Trianguloa plazara eta ondoren Alde Zaharreko kaleetan)
|
11:30
|
Trikitilariak
|
Tolosatik zehar
|
12:00
|
Dantza ikuskizuna Udaberri dantza taldearen eskutik
|
Trianguloa plaza (ondoren kalejira Alde Zaharreko kaleetan)
|
12:00
|
Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik, Tolosako babarruna jateko aukera
|
Trianguloa plazan
|
12:30
|
Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko epaimahaiak bere lanari ekingo dio
|
San Frantzisko pasealekuan
|
12:45
|
Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako sari banaketa
|
Trianguloa plazan
|
13:30
|
Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko sari banaketa
|
San Frantzisko pasealekuan
|
14:30
|
Tolosako elkarte eta tabernetan babarrun jatea
|
|
18:00
|
ERROMERIA trikitilari, dultzainero eta txistulariekin
|
Berdura plazan
|
20:00
|
JAINEKIN txaranga
|
Alde Zaharreko kaleetan
|
22:30
|
GOZATEGI
|
Plaza Berrian
|
00:30
|
JAINEKIN txaranga
|
Alde Zaharreko kaleetan
|