-
Karakolek, azokako, alde zaharreko eta Topic-eko bisita gidatuek, eta kultur alorrean barneratutako ekimenek osatuko dute eskaintza: zezen Plazan kokatua dagoen zirkuko tailerrak; eta Tolosa Kantari.
Gastronomiak, ondareak eta kulturak bat egingo dute, beraz, bi asteburutan banatu den ekintza sortan. Tolosako udaleko Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotzi den Nerea Letamendiak aurkeztu du Aste Santuari begirako programazioa, Gure Txokoa elkarteko Jose Luis Arratibel eta Peio Doyhartzabal sukaldariarekin batera. Alboan izan dituzte ere egitarauaren parte diren beste hainbat erakunde, elkarte eta eragile.
Hilabeteak atzera hasi ziren Hiri Ekonomiaren Mahaian, eragile bakoitzak eskaini zezakeena aztertu, mahai gainean jarri eta erakargarria den programa sortzeko.
Larunbatetan, hutsik gabe, azokako hiru guneetan zabalduko dituzte baserritarrek beren produktuak. Azoka pilare nagusi da udalaren turismo estrategian. Lehen sektorearen garapenean ezinbesteko izateaz gainera, jende asko erakartzen du Tolosara. Bertako eta kalitatezko produktuen saltoki da, baserritarrekin hartu-emanean aritzeko beta dute herritar zein bisitariek gertutasunez, eta Lurretik Sukaldera postuan, bertako eta unean sukaldatutako jakiak dasta daitezke. “Hori asko baloratzen dute bisitariek” adierazi du Letamendiak.
Lehen larunbatean, martxoak 24, II. Gure ardo txuri txokoak hartuko du Trianguloa. 12 urteren ostean berreskuratu zen iaz, eta arrakastatsu gainera. Ardo txuri ugari, herrialde ezberdinetakoak, eta pintxoak dastatzeko aukera izango da.
Hurrengo larunbatean berriz, martxok 31, karakolen txanda izango da, eta Botarri eta Astelehena jatetxeko sukaldariek 2500 karakol sukaldatu eta banatzeaz gainera, ohiko karakolen lasterketak borobilduko du ekimena.
Horrez gain, bisita gidatu ugari izanen dira: azokakoak, Alde Zaharrekoak edota Topic-eko bisita gidatu teatralizatuak. Lehen biek Tolosaldea Tour turismo bulegoa izango dute abiapuntu.
Kulturak, ohi bezala Tolosan, protagonista izaten jarraituko du Aste Santuan ere. Larunbat honetan bertan, Dantzari Txiki Eguna, Udaberri Dantza Taldearen eskutik. Euskal Herri osoko 500 dantzari ingururen plaza izango da Tolosa. Topic-en ere, Down Sindromearen Nazioarteko egunaren ingurumarian, Verdini Metodoa, antzerkia eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna, eskainiko da. Eta zentroak jada martxan duen aldi baterako erakusketa ere zabalik egongo da. Aurten, estreinakoz Aste Santuan, Zezen Plazan kokatua dagoen zirkuak ere tailer ugari eskainiko ditu. Berehala agortu dira plaza guztiak. Eta martxoaren 31an, hileko azken larunbatetan bezalaxe, ez du hutsik egingo Tolosa Kantarik.
Datuek berresten dute Merkataritza, Feriak eta Turismo sailaren apustua: 2017an %6 bisitari gehiago jaso zuen Tolosaldeak. “Iazko Aste Santuan ere datu onak eskuratu genituen. Hori mantendu eta era jasangarrian hobetzen jarraitzeko, Donostiara edota Bilbora etortzen diren milaka turistak gurera etortzeko lanean ari gara”.
Nerea Letamendiak aurreratu duenez, Bilbon izango da udala Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean, Basque Fest jaialdian, herria eta eskualdea ezagutara ematen: “herri dinamiko bezain erakargarria sustatzeko egiten dugu lan; bisitariak erakarri eta era jasangarrian hazteko, eta sektoreak dakartzan onurak baliatuz, gizartean positiboki eragiteko”.
Aste Santua Tolosan 2018
MARTXOAK 24 larunbata
09:00-14:00 Larunbateko azoka Zerkausian
11:00-14:00 Gure Ardo Txuri Txokoa Gure Txokoa Elkarteak antolatuta, Trianguloan
11:00 Azokara bisita gidatua
11:30: Dantzari Txiki eguna Udaberrik antolatuta
10:00 Alde Zaharrean bisita gidatua
12:00 Alde Zaharrean bisita gidatua
12:00 TOPIC-en bisita gidatu teatralizatua
12:00 Alde Zaharrean bisita gidatua
15:00 Alde Zaharrean bisita gidatua
18:30 Down Sindromearen Nazioarteko eguna. Verdini Metodoa, Antzerki-Dantza TOPIC museoan
20:00 Musika Poteoa
21:00 Erromeria Zerkausian
MARTXOAK 31 larunbata
9:00-14:00: Larunbateko Azoka Zerkausian
10:00: Alde Zaharrean bisita gidatua
11:00: Azokara bisita gidatua
11:00: Karakolen karrera Trianguloan
12:00: Karakol dastaketa. Karakol razioa eta ardoa 2,5 eurotan
12:00: Alde Zaharrean bisita gidatua
12:00 TOPIC-en bisita gidatu teatralizatua
12:00-14:00 Tolosa Kantari
15:00 Alde Zaharrean bisita gidatua
16:00 Alde Zaharrean bisita gidatua