Lekarozko Kortariko Bordaren ‘ERREKA’ gazta urdina izan da txapelduna ESNEKIren Euskal Herriko gaztarik onena hautatzeko txapelketaren III. edizioan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/11/09 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Guztira 101 gazta, jogurt eta esne pasteurizatu aurkeztu dira III. Euskal Herriko Gazta eta Esneki Txapelketara.

 

Gazta eta esneki ekoizle nahiz zaleen erreferentziazko tokia izan da Tolosa beste behin, ESNEKI azoka bereziari esker. Tolosako Udalak, HAZIk eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, eta Basque Culinary Center, Esneki Zentroa Leartiker, EFRIFE, GIFE eta Tolomendiren laguntzarekin, indartsu bueltatu da ESNEKI bere hirugarren edizioan, bere erroak sendotuz eta jendartearen arreta bereganatuz.  

Lehiaketak eta azoka

101 erreferentziak hartu dute parte hitzordu nagusian, Euskal Herrian ekoiztutako Gazta eta Esnekien Txapelketaren hirugarren edizioan. Gastronomia munduko 24 lagunek osatu dute epaimahaia ebazpenerako. 

Bederatzi kategoriatan banatu da txapelketa hau: gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak, jogurtak eta behi esne pasteurizatua. Saridunak, bi azpi-kategoriatan banatu dira: alde batetik gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutakoena, eta hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena bestetik. Ohar honen amaieran topa daiteke saridun guztien zerrenda.

Ondoren, gazta kategoria bakoitzeko irabazleen artetik aukeratu du epaimahaiak txapeldunen artean txapelduna. Lekarozko Kortariko Borda-ren ‘ERREKA’-k jaso du Euskal Herriko gazta onenaren sari nagusi hori. Pozik, hunkituta eta familiarekin batera jaso ditu trofeoa, diploma eta txapela Irati Usandizagak.

Azokari dagokionez, denera, Euskal Herri osotik etorritako 25 ekoizlek jarri dute postua Tolosako erdigunean.  Forma, heldutasun, zapore eta kolore guztietako gazta nahiz esnekiak dastatu eta erosteko aukera eman diete hurbildu diren herritar guztiei.

Aldi berean, Euskal Herriko XV. Frisoi Txapelketa ospatu da Tolosako Ferialekuan. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 7 ustiategik ekarritako 88 abelburuk hartu dute parte lehian, adinaren araberako zortzi mailatan sailkatuta. Ezaugarri morfologiko egokienak dituen animaliak izango dira irabazle, Frisoi Elkarteak bere partetik jakinaraziko dituenak.

Esnegintzan murgilduz

Azoka bereziaz eta lehiaketez gain, bestelako jarduerak ere egin dira ESNEKIren barruan. Beotibar Pilotalekuan, esaterako, aurreko edizioan arrakastatsua izan zen ‘Euskal Herriko Gazta Mahaia’ egitasmoa errepikatu da, Euskal Herrian ekoiztutako gazta ugari ezagutzeko dastaketa gidatua. Aurten ez da bestelakoa izan, eta txanda guztietako txartelak agortu dira. 

Atzo Tolosako Ferialekuan egin zen ‘Errapetik ahorainoko bidea’ egitasmora eta gaur Tolosako San Francisco pasealekuan jarri den ‘Esnetan’ espaziora, berriz, familia ugari gerturatu dira. Besteak beste, txekorrak nola elikatu, esne motak bereiztu edo esnekiak sortzeko prozesuaren nondik norakoak ezagutu ahal izan dituzte etxeko txikienek, behiak jezteko simulatzailea erabiliz eta jogurtak eginez. 

Esnekiren hirugarren edizio honetan batu den «jendetza» eta parte hartze altua nabarmendu ditu Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko merkataritza, turismoa eta azoken saileko zinegotziak: «eragile ezberdinen arteko elkarlanaren indarra ikusi ahal izan dugu, eta sektoreak eta herritarrek erantzun ona eman dute, beste behin. Gazta eta esneki ekoizleen lana balioan jartzeko eta Euskal Herriko aniztasuna erakusteko ahalegin bat gehiago da ESNEKI, gazta, esnea eta esnekiak gure elikaduraren oinarrian sendo jarrai dezaten», azaldu du Agirresarobek.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak ere, ekoizleen lana azpimarratu du: «ESNEKI azoka honek gure gastronomia eta abeltzaintza tradizionalak indartzeko aukera paregabea ematen du, eta euskal esneki eta gazten kalitatea eta aniztasuna agerian uzten ditu. Sektorea bultzatzen jarraitu behar dugu, elikaduraren oinarrian dagoen baliabide bat izanik,  bertako ekoizleak babesteko eta euren lehiakortasuna bermatzeko».

 

III. ESNEKI TXAPELKETAKO SARIDUNAK
Euskal Herrian ekoitzitako gazta eta esneki mota guztien lehiaketa


 

ESNEKI Sari Nagusia, Euskal Herriko Gazta Onena

‘ERREKA’ (Kortariko Borda)  - Lekaroz

Maila bakoitzeko irabazleak:

Gazta freskoak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: ‘Askibil txuria’ - Askibil

Gazta laktikoak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: ‘Auntzai leuna’ - Askibil

Pasta bigunak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: ‘Muu..ka Gazta Biguna’ - Iztueta

Gazta urdinak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: ‘Erreka’ - Kortariko Borda

Ardi-gazta onduak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea:  ‘Arantzazu’ - Gomiztegi Kooperatiba

  • Esne erosle eta eraldatzailea: ‘Agour Ketua Ardia’ - Agour

Behi-gazta onduak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: ‘Patxakarri’ - Pirineki

  • Esne erosle eta eraldatzailea: ‘Agour Behia’ - Agour

Ahuntz-gazta onduak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: ‘Auntzai Moraita’ - Quesería Moraita

Jogurtak

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: ‘Jogurt krematsua’ - Iztueta

Behi-esne pasteurizatua

  • Esne ekoizle eta eraldatzailea: ‘Xarrondo esnea’ - Aritz Eizaguirre Urain

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA