- Pizte ekitaldia arratsaldeko 19:00etan izango da, Triangulo Plazan, Musika Eskolako musikariek girotuta.
- Energia aurrezteko Planari jarraiki eta jasangarritasunaren aldeko apustuan, aurtengoan, Eguberrietako argiteria ohikoa baino ordubete lehenago itzaliko da egunero eta kale argiztapena Tolosa guztira zabaldu eta kostua arintzeko argiak sakabanatuago jarri dira San Frantzisko pasealekuan eta gainerako argiak Larramendiko parkean jarri dira.
Dagoeneko hilabete baino gutxiago falta da Gabonetan murgiltzeko eta horren harira, Tolosako Udalak prest du jada herria girotuko duen Eguberrietako kale argiteria.
Hain zuzen ostiralean, abenduak 2, piztuko dira Gabonetako argiak. Pizte ekitaldia arratsaldeko 19:00etan izango da Triangulo plazan eta Musika Eskolako musikariez girotuta egingo da. Horrela, beraz, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Tolosako kaleetan Gabon giroa nagusituko da herritarrak jai giroan murgildu eta tokiko merkataritza sustatzeko.
Urtero bezala, gune ezberdinak argiztatuko dira: eraikinak, plazak, kaleak... baita auzoak ere. Aurten, baina, mundu mailako egungo egoeraren eraginez argindarraren kostuak izandako gorakadagatik eta iraunkortasuna sustatzeko asmoz, Tolosako Udalak hainbat aldaketa edo neurri hartu ditu Eguberrietako argiteriaren inguruan.
Eguberrietan ere, energia jasangarritasuna oinarri eta ardatz
Aurreko urteekin alderatuta, aldaketa nagusietako bat Eguberrietako argiteria pizteko ordutegia murriztearena da. Argiak abenduaren 2tik urtarrilaren 8ra bitartean egongo dira jarrita, baina aurreko urteetan 23:00ak arte piztuta egoten baziren ere, aurten 22:00etan itzaliko dira. Hau da, kaleko gainerako argiekin batera piztuko dira, baina ordubete lehenago itzaliko dira egunero.
Egun esanguratsuetan ere, hau da abenduak 24 eta 31 eta urtarrilak 6, kaleko argiak 22:00etan itzaliko dira, nahiz eta orain arte gau osoan zehar piztuta egoten ziren.
Horrez gain, kale argiztapena Tolosa guztira zabaltzeko asmoz eta kostua arintzeko helburuarekin, aurten San Frantzisko pasealekuan argiak modu sakabanatuagoan jarri dira, zehazki hiru zuhaitzetatik behin jarri ordez, lau zuhaitzetik behin jarri dira. Horrela, soberan geratzen diren argiak Larramendiko parkean jarri dira.
Eguberrietako argiteria, beraz, modu orekatuan herriaren luze eta zabalean kokatu da, ohikoa den moduan Tolosako kale, plaza, eraikin eta auzo oro jai giroan murgiltzeko eta, horretarako, kontsumo baxuko Led argiak erabili dira.
Eguberriak haur, gazte zein helduen gozamenerako
Eguberrietako argiteriarekin batera, herria zein herritarrak jai giroan murgiltzeko Gabonetarako programa oparoa antolatzen ari da Udala.
Horri lotuta, Tolosako haurrek urtero bezala Gabonez gozatu dezaten Gure Zirkuko emanaldiak, haur parkea, Olentzero zein Erregeen kabalgatak edota Olentzaroren Basoko ibilaldiak aurreikusi dira, besteak beste. Era berean, Gabonetako azoka berezia, Musika Eskolaren kontzertu solidarioa, Gazte Astea edota kirol zein kultur ekitaldi andana izango dira aukeran: Shanti areto-futbol txapelketa, elkartasun krosa, Euskadiko Gazte Orkestra, Alos Quartet eta gonbidatuak taldea, Kutxidazu bidea, Ixabel musikala…
Gabonetako programazio guztiaren berri aurrerago emango du Udalak.