San Frantzisko pasealekuko azokako postuak Euskal Herria plazara lekualdatuko dira larunbatetik aurrera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/04/26 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Osasun larrialdia indargabetuta, larunbateroko azoka ohiko eremuetara itzultzen ari da, poliki poliki. Trianguloko postuak Zerkausira lekualdatu ziren otsailean, eta orain San Frantzisko pasealekukoak itzuliko dira Euskal Herria plazara.

  • Pandemia garaia baliatu du Udalak, Azoka Lagunak proiektua abiarazteaz gain, azoka garai berrietara egokitzeko urratsak egiteko eta larunbateroko azoken eremuen azterketa eta berrantolaketa egiteko, azoka guneen irisgarritasunaren eta dinamismoaren mesedetan.

 

Pandemia garaian indarrean izan diren neurriei jarraituz, eta pertsonen arteko distantzia mantentzeko, ohiko hiru plazetatik harago, Trianguloan eta San Frantzisko pasealekuan kokatu dira azokako postuak.

Covid-aren aurkako neurriak malgutzearekin batera, otsailean lekualdatu ziren Trianguloko postuak Zerkausira, eta orain, apirilaren 30etik aurrera, San Frantzisko pasealekuko postuak Euskal Herria plazara itzuliko dira eta berrantolatu egingo da postuen kokapena.

Beraz, larunbatetik aurrera ohiko 3 plazetara itzuliko da Tolosako Azoka.

Postuen berrantolaketa, irisgarritasunaren eta dinamismoaren mesedetan

Pandemia garaia baliatu du Udalak, Azoka Lagunak proiektua abiarazteaz gain, azoka garai berrietara egokitzeko urratsak egiteko eta larunbateroko azoken eremuen azterketa eta berrantolaketa egiteko, azokak indartzeko estrategia zabal baten baitan. Azokagile eta ekoizleekin proposamena landu eta adostu ondoren, larunbatean antolaketa berria martxan jarriko da Euskal Herria plazan, aurretik Zerkausian egin den moduan.

Guztira 27 postu izango dira Euskal Herria plazan: hamaika janarienak eta hamasei gainerako produktuenak (jantziak, oinetakoak, osagarriak…). Antolaketa berriarekin, postu guztiak plazaren erdialdean kokatuko dira, hau da, ez da posturik egongo arkupeen azpian. Itxura zirkularrean jarriko dira postuak: erdian egongo dira elikagaien postuak eta inguruan, aldiz, gainerako produktuenak.

Berrantolaketarekin, postuak modu ordenatuan kokatuko dira, irisgarritasuna hobetuko da eta dinamismoa emango zaio azoka guneari. Halaber, azokako eremuen berrantolaketarekin itxura bateratua eman nahi zaie 3 azoka guneei.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA