- Pantxineta izango da aurtengo protagonista, euskal gozogintzaren pastel tradizionala.
- Sagar tarta lehiaketa eta haurrentzako gozogintza tailerrak egingo dira aurten ere.
Iritsi gara herriaren izaeran bereizgarri diren azoka gastronomikoen garairik emankorrenera. Atzo Mikologika hasi zen, igandera arte luzatuko den perretxiko eta onddoen inguruko azoka berezia. Gaur, berriz, herriko artisau-gozogintza protagonista duen Tolosa Goxuaren egitaraua aurkeztu da Ibañez-Gozonaren lantegian. Bertan izan dira Aitor Agirresarobe Tolosako Merkataritza, Turismoa eta Azoketako zinegotzia, Gozona gozotegiko Raquel Ibañez, Rafa Gorrotxategiko Rafa eta Armintz Gorrotxategi eta Pastelería Eceizako Javier Eceiza.
Urriaren 28an ospatuko da Tolosa Goxua, goiz guztian zehar, eta Tolosako Trianguloa izango du agertoki nagusi. Egun handia da gozoa gustoko dutenentzat, hango eta hemengo gozo desberdinak ezagutu eta dastatzeko aukera ematen baitigu ekitaldi honek. Aurten, 22 postu jarriko dira Trianguloan, 09:00etatik 14:00etara bitarte. Bertan topatu ahal izango dira erroskilak, pastelak, txokolateak nahiz bertako bonba eta xaxu ezagunak, besteak beste.
Urtero gozo ezberdin bat izaten da protagonista; edizio honetan, pantxinetak hartuko du lekukoa. Euskal sukaldaritzaren pastel tradizional hau dastatzeko aukera izango da festan.
Haurrentzako gozogintza tailerra
Etxeko txikienen artean gozogintzarako grina sustatzea ere bada Tolosa Goxuaren beste asmoetako bat. Helburu honekin, azken urteotan haurrentzako tailerrak antolatu dira.
Aurten, pantxineta egiten ikasi ahal izango dute 10 eta 11 urte arteko gaztetxoek Tolosako gozogileekin batera. Trianguloan egingo da tailerra eta ordu beteko bi txanda izango dira, 10:00etan hasita. Izen-ematea ezinbestekoa da plazak mugatuak direlako. Doakoa da, eta https://goxua.eliker.eus/ webgunearen bitartez egin behar da.
Sagar tarta lehiaketa
Tolosa Goxuan tradizio bilakatu den beste jardueretako bat da postre lehiaketa; aurten, sagar tarta lehiaketa izango da berriro. Parte hartu nahi dutenek euren tartak 09:30etik 10:30era bitartean utzi beharko dituzte Trianguloan, erabili eta botatzeko erretilu edo ontzi batean. Momentuan bertan egingo da izenematea eta erabilitako errezeta aurkeztu beharko da. Parte hartzaileek gutxienez 18 urte izan behar dituzte.
Ondoren, 10:30etik 11:30era epaimahaiak tartak dastatuko ditu eta ebazpena 12:00etan emango da, sari banaketan.
Postre lehiaketaren 28. edizio honetako irabazlea nor izango den erabakiko duen epaimahai taldea Elena Arzak, Armintz Gorrotxategi eta gonbidatu batek osatuko dute. Lehenengo saria 240 euroko erosketa txekea izango da eta bigarren saria berriz, 180€ eurokoa. Txeke hauek Tolosako hiru gozotegi artisauetan - Pastelería Eceiza, Ibañez-Gozona eta Rafa Gorrotxategi - erabili ahal izango dira.
Egitaraua
Urriak 28, larunbata, Triangulo Plaza
9:00 - 14:00 Tolosa Goxua Azoka Berezia
9:30 - 12:00 XXVIII. Postre lehiaketa herrikoia: Sagar Tarta lehiaketa
10:00 - 12:00 10-11 urte arteko haurrentzako tailerra: pantxineta ikastaroa Tolosako gozogileekin. 2 txanda egingo dira.
12:20 Tolosa Kantari Trianguloan
12:30 Pantxineta dastaketa