Tolosa Goxua etxetik ospatzeko hiru modu izango dira aurten

Tolosako Udala
2020/10/26 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Haur eta gaztetxoei zuzendutako lehiaketa bat jarri da martxan Tolosa Turismoa-ren sare sozialetan. Halaber, aste honetan bost tarta zozkatuko dira.

  • Urriaren 31n, larunbatez, Tximista pastel bana oparituko dute bost gozotegik, bertan erosten duten guztiei.

 

 

Urria gozogintzari bereziki lotutako hilabetea da, Tolosako Goxua azoka ezaguna ospatzen baita. Tolosako, eskualdeko zein Euskal Herriko txoko ezberdinetako gozogileek euren produktuak kalera ateratzen dituzten eguna izateaz gain, gozoaren festa erraldoia ere bada.

 

Jende asko erakartzen duen azoka da, gozozale askorentzat erreferente bihurtzeraino. Aurten, ordea, Covid-19a dela-eta, osasun-neurri eta gomendioak jarraituta eta jende pilaketak ekiditearren, Tolosa Goxua ez da aurreko urteetan bezala ospatuko.

Baina gozogileek egiten duten lanaren eta herriaren bizian duten garrantziaren aitortza gisa, Goxua etxetik beste modu batera bizitzeko hiru egitasmo jarri ditu martxan udalak, herriko bost gozogile artisauekin –Eceiza, Gozona, Gorosti, Rafa Gorrotxategi eta Saizar– elkarlanean.


 

Haurren gozogintza lehiaketa

Etorkizuneko gozogileak topatzeko helburuarekin, haurrentzako gozogintza lehiaketa bat ospatuko da datozen bi asteotan. 12 urte arteko gazteek, Tolosako gozotegietako 5 errezeta bereizgarrienetako bat egin ahal izango dute etxean, Tolosa Turismoa blogean argitaratu diren bideoak jarraituz.

 


 

Errezeta prestatu ondoren, emaitzaren argazki bat bidali beharko da 669 629 945 telefonora. Errezeta bakoitzeko irabazle bana izendatuko dute gozotegietako arduradunek, eta saridunak memoria jolas bat eskuratuko du, diplomaz gain.

Lehiaketa haurrei begira antolatu bada ere, bideo-errezeta hauen bitartez herriko gozogileek beren ezagutza tolosar guztien eskura jarri nahi izan dute eta, beraz, herritar guztiei errezetak egiteko gonbita luzatzen zaie.

 

Tarten zozketa

Aste honetan zehar, astelehenetik ostiralera tarta bana zozkatuko da Tolosa Turismoa-ren sare sozialetako profiletan. Bertan emango dituzte parte hartzeko argibideak.


 

‘Tximistak’ opari, gozotegietan

Tolosa Goxua 2020 eguna ospatzeko, eta larunbat berezi hori goxatzen jarraitzeko, datorren urriaren 31n, Tolosako gozotegiek pastelak banatuko dizkiete euren establezimenduetan zerbait kontsumitzen duten bezeroei. Aurten, aukeratu den pastela Tximista izan da.

Egungo testuinguruan, tokian kontsumitzeak duen garrantziaz jabetzeko eta bertako kontsumoa sustatzeko helburuarekin antolatu da ekimen hau; tokiko establezimenduek herriari egiten dioten ekarpena ikusarazteko eta, bide batez, bezeroak erakartzeko eta fidelizatzeko.

Izan tokiko establezimenduetan kontsumitzen, edota gozogileen bideoen bitartez gozoak etxean prestatzen,Tolosa Goxua ospatzeko dei egin die Tolosako Udalak herritarrei, beti ere, erantzukizunez jokatuz eta neurriak errespetatuz.