Tolosak ‘Dendatu’ ekimena aurkeztu du, Gipuzkoako saltokietarako autodiagnostiko-erreminta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/10 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Dendatu izeneko autodiagnostikorako tresnaren aurkezpena egin dute. Haren helburua da saltokiek beren egoera jasangarritasun- eta zirkulartasun-irizpideetan aztertu ahal izatea, beren kudeaketa Ekonomia Zirkular batera egokitu ahal izateko eta trantsizio ekologikoaren erronkaren aurrean modu lehiakorrean kokatzeko.

Tolosa izan da egitasmoa aurkezteko aukeratutako Gipuzkoako udalerrietako bat. Aurkezpen-ekitaldian,  Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena diputatuak, Olatz Peon Tolosako alkateak, Maite Valmaseda Gipuzkoako Merkataritza Federazioko gerentea eta Sinnple enpresako Maria Rodriguezek hartu dute parte. Hogei bat komertzio ere gerturatu dira aurkezpenera.

Dendatu, prentsaurrekoan azaldu dutenez, ekonomia zirkularra bultzatzen jarraitzeko eta saltokien ingurumen-jarduera hobetzeko helburuarekin sortu da, denden bolumena, tamaina edo jarduera-sektorea edozein dela ere. Ildo horretan, Jose Ignacio Asensio diputatuak adierazi du, “diagnostikoa da lehen urratsa sektore ekonomiko guztietan trantsizio ekologikoa erraztuko duten eguneroko praktiketan aldaketak egiten hasteko”. Era berean, Asensiok  gaineratu duenez, “Dendatu Gipuzkoako saltokien eskura jartzen dugun tresna bat da, trantsizio ekologikoaren eskakizunei aurrea hartzeko eta lehiakortasuna indartzeko, jasangarritasunari dagokionez. Jasangarriagoak izateak, energia aurrezteak, hondakinak murrizteak eta bestelako praktikek gure lehiarako gaitasuna indartzea ahalbidetuko digute, gure ingurunea zaintzen dugun bitartean”.

Tolosa  izan da Dendatu aurkezteko aukeratu duten udalerrietako bat, kontuan hartu baita merkataritza-sektoreak hirian duen ezarpen eta protagonismo handia. Ildo horretan, Olatz peon Tolosako alkateak gogorarazi du oso garrantzitsua dela proiektu hori Tolosan aplikatzea, "beharrezkoa da tokikoa babestea merkataritza ehuna indartsu mantentzeko,  gure hiri-paisaia eta hiri ekonomia, merkataritzari hain lotuta daudenak, mantentzeko baita ere. Zentzu horretan,  azken urte luzeetan hainbat proiektu garatu ditugu elkarlanean, online salmentari edota belaunaldi aldaketari lotuta. Ez dira makalak sektoreak aurrean dituen erronkak eta horietan guztietan bidelagun izan gara eta izango gaituzte. Tolosako merkataritzak baditu, erronka horiei aurre egiteko nortasun ezaugarri propioak, oso garrantzitsuak direnak: kalitatea, ekintzailetza eta dinamismoa. Etengabeko hobekuntzan aritzeko grina ere bai. Dendatu erreminta saltokien posizionamendua eta lehiakortasuna hobetzeko izango da baliagarria, beste hainbat alorretan bezala, jasangarritasunean ere izan gaitezen Tolosako komertzioan aitzindari".

Tresna metodologikoa Naturklimaren webgunean egongo da eskuragarri, eta autodiagnostiko formatuan egingo da 15 minututan. Horri esker, Gipuzkoako edozein dendak diagnostiko bat izango du, irizpide zirkularretan nola kokatuta dagoen eta GJHak (Garapen Jasangarriko Helburuak) nola betetzen diren jakiteko, hala nola saltokietako hondakinen kudeaketa, bilgarriak, argiaren faktura, aireztapena, produktuen trazabilitatea, hornitzaileak, eta abar.

Autodiagnostikoa oso modu intuitiboan egingo da eta guztira 18 galdera egingo dira, lau arlo desberdinetan banatuta: ‘Zure establezimendua’, ‘Zure plantilla’, ‘Zure produktua’ eta ‘Negozioaz haratago’.

Behin prozesua amaituta, saltokiak txosten bat jasotzen du, lau arloetako bakoitzean eta lan egindako GJH bakoitzean lortutako jardunaren kalkuluarekin. Saltokiaren egungo egoerari buruzko informazioa emateaz gain, lau ekintza erraz proposatzen dira, jasotako erantzunekin lotuak. Haiei esker, establezimenduko kudeatzaileek erabakiak hartu ahal izango dituzte beren ingurunerik zuzenenean duten eragina hobetzeko. Dendatu oso harrera ona izaten ari da Gipuzkoan, eta kalkuluen arabera, 2022. urtearen amaierarako lurraldeko 200 saltokik baino gehiago izango dira autodiagnostikoa osatu dutenak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA