Tolosak 20.000 biztanleko langa pasa duela ospatuko du urriaren 26ko Goxua azoka bereziak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/10/21 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Mugarri hori ospatzeko, Tolosaren ‘T’ formako bizkotxo erraldoi bat sortuko dute herriko gozogileek, hiru ikastetxeetako ikasleekin batera.
  • Goxua azokaren 29. edizioan gozogileen 22 postuk parte hartuko dute; sagar tarta lehiaketa, berriz, San Frantzisko pasealekura lekualdatuko da.

 

Hasi da azoka berezien garairik emankorrena Tolosan. Casino Elkarteak antolatzen duen Mikologika amaitu berritan, asteburuko Goxua azoka aurkeztu da, gaur, 100 urte bete berri dituen Eceiza gozotegiaren lantegian. 

Bertan izan dira hiru gozotegietako arduradunak -Gozona gozotegiko Raquel Ibañez, Rafa Gorrotxategiko Armintz Gorrotxategi eta Eceizako Moira Eceiza-, Aitor Agirresarobe Tolosako Merkataritza, Turismo eta Azoketako zinegotzia eta Tolosako Herrikide Ikastetxeko, Laskorain Ikastolako eta Samaniego Herri Ikastetxeko ordezkariak. 

Aurtengoa 29. edizioa izango da, eta larunbatean, urriaren 26an ospatuko da. Guztira 22 postu izango dira larunbatean Trianguloa plazan, 09:00etatik 14:00etara. Hango eta hemengo postre eta gozoak ezagutzeko aukera zabala izango da: erroskilak, pastelak, tartak, txokolateak, nahiz bertako bonba eta xaxu ezagunak…

‘T’ formako bizkotxo erraldoi bat, ikasleekin batera

Ohikoa baino bereziagoa izango da Goxua tolosarrontzat. 20.000 biztanleko langa pasa du udalerriko erroldatuen kopuruak eta mugarri horri keinu bat egin nahian, Tolosaren ikur den ‘T’ formako bizkotxo erraldoi bat sortuko dute herriko gozogileek, hiru ikastetxeetako ikasleekin batera. Ondoren, eta ohikoa den moduan, herritarren artean banatuko da.

Hain zuzen, Herrikide ikastetxeko, Samaniego Herri Ikastetxeko eta Laskorain Ikastolako ikasleek bizkotxoa egiteko ardura izango dute. Ikastetxe bakoitzak 30 bizkotxo bilduko ditu eta gozogileek egindako bizkotxoekin batera ‘T’ erraldoia osatuko dute. Azoka egunean, berriz, gozogileek ‘20.000 tolosar’ leloa idatziko dute bizkotxoan eta gero ikastetxeko bakoitzeko bina ordezkarik hau apainduko dute.

Sagar tarta lehiaketa

Aurten ere izango da ohiko postre-lehiaketa, eta beste behin sagar tarta izango da aurkeztu beharreko gozoa.  Berrikuntza bat izango du: San Frantzisko pasealekura lekualdatuko da.

Parte hartu nahi duen orok tarta 10:00etatik eta 11:00etara utzi beharko du San Frantzisko pasealekuan, erabili eta botatzeko erretilu edo ontzi batean. Betiko legez, unean bertan egingo da izen-ematea eta erabilitako errezeta aurkeztu beharko da. Parte hartzaileek gutxienez 18 urte izan beharko dituzte.

Elena Arzakek, Eva Arguiñanok, Armintz Gorrotxategik eta Jon Sorrarainek osatutako epaimahaiak, 11:00etatik 11:30era dastatuko ditu tartak, eta segidan jakinaraziko ditu nortzuk izan diren saridunak. Irabazleak Tolosako gozotegietan erabiltzeko 240 euroko erosketa txekea jasoko du eta, bigarren saridunak, berriz, 180 eurokoa.

Txokolate dastaketa, asteartean

Horrez gain, datorren asteartean, hilak 29, munduko kakao eta txokolate ezberdinen dastaketa izango da, Euskal Gastronomiaren Akademiak eta Rafa Gorrotxategik antolatuta. Ekitaldia Topic zentroko areto nagusian izango da, 19:00etan, eta sarrera librea izango da, eserlekuak agortu bitarte.

Egitaraua

Urriak 26, larunbata, Trianguloa Plaza

9:00 - 14:00

Tolosa Goxua Azoka Berezia

10:00 - 12:00

Tolosako 3 ikastetxeetako umeek T formako bizkotxo erraldoia apainduko dute Tolosako Gozogileen laguntzaz.

12:00 - 12:30

Bizkotxo dastaketa: Tolosako gozogileek bertaratutakoen artean banatuko dituzte.

12:30

Tolosa Kantari

 

Urriak 26, larunbata, San Frantzisko pasealekua

10:00 - 12:00

XXIX. Postre lehiaketa: zurea da Sagar Tartarik onena?

10:00 - 11:00

Tartak aurkezteko epea

11:00 - 11:30

Epaimahaiak sagar-tartak dastatuko ditu: Elena Arzak, Eva Arguiñano, Armintz Gorrotxategi eta Jon Sorrarain.

11:45 - 12:00

Sagar tarta lehiaketaren sari banaketa

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA