Tolosako aurtengo udako eskaintza, bisitarientzat zein tolosarrentzat

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/06/28 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Tolosako ondarearen berezitasunak ezagutzeko ohiko bisita gidatuak eskainiko dira: Alde Zaharra, Azoka eta Andre Maria eliza eta bere gangak. 
  • Audiogidei esker, Tolosako historia ezagutzeko aukera bisitarien eskura egongo da uneoro.

 

Tolosaren historia eta ondarearen berezitasunak lau haizetara zabaltzeko turismo eskaintza osatu du, beste urte batez, Tolosako Udalak. Uda honetan, Tolosa ezagutu nahi duen orok bi aukera izango ditu eskura: bisita gidatuak eta audiogidak.

Hiru bisita gidatu

Azken urteotako joera jarraituz, Tolosako Alde Zaharra, larunbateroko Azoka eta Andre Maria parrokia ezagutzeko bisitak eskainiko dira, abuztuaren 31ra bitarte. Astelehenetik ostiralera, bisitak goizeko ordutegian egingo dira; larunbatean, berriz, goizez eta arratsaldez. 

Turismo Bulegoan edo online erreserba egitea nahitaezkoa izango da, eta erreserba egitean, hizkuntza hautatu ahal izango da: euskara, gaztelania, ingelesa edo frantsesa.

 

Zer ikusiko duzu?

Ordutegia

Alde Zaharra

Tolosako kale, plaza eta eraikin zaharrenek milaka istorio bitxi ezkutatzen dituzte, eta gaur egun duen itxurak ere baditu bere arrazoiak. Ezagutu itzazu bisitan zehar.

Asteartetik ostiralera: 11:00

Larunbatak: 10:00 eta 17:30

Andre Maria eliza

Gipuzkoako bigarren elizarik handienaren ganga originalak ezagutu, 110 eskailera igota.

Asteartetik ostiralera: 12:30

Larunbatak: 13:00 eta 16:00

Azoka

Larunbatero egiten da Azoka, duela zazpi mende. Ezagutu bilakaera, herrian duen garrantzia eta saltzen diren produktu esanguratsuenak.

Larunbatak: 11:30

 

Iraupena: ordu bat

Prezio arrunta: 4€

Tarifa murriztua: 2€ (erretirodunak, 4 eta 16 urte bitarteko haurrak, langabeak, Nekatur edo Basquecard txartela dutenak)

Doako tarifa: talde arduradunak eta 4 urtetik beherako haurrak

Salmenta, erreserbak eta elkargunea:

Tolosaldeko Turismo Bulegoa (Plaza Zaharra, 10)

943 697 413 / tour@tolosaldea.eus

 

Audiogidak, Tolosa norbere kasa ezagutzeko

Bisita norbere kabuz egin nahiago dutenentzat, audiogida izango dute eskura. Bisita gidatu birtual hauekin, bertatik bertara egiten diren bisita gidatuetan aipatzen diren berezitasunak jasotzeko aukera izango du erabiltzaileak, audio bidez. 

Tolosako interesgune nagusiak ezagutzeko ibilbide bat proposatzen du 17 kapitulu biltzen dituen audiogida-podcast honek, eta audioak berak gidatuko du erabiltzailea puntu batetik bestera; hori bai, nork bere erritmora egin ahal izango du, nahi duen geldialdi guztiekin. Gehienez ere bi minutuko iraupena du kapitulu bakoitzak. Besteak beste, Zerkausiko, Atodo, Iturritza edo Idiakez jauregietako edota Euskal Herria eta Euskal Pizkundearen plazako ezaugarri nahiz bitxikeriak kontatzen dituzte, audio-efektuekin murgiltze esperientzia bat lortuta. 

Audiogidetara sartzeko interes-puntu bakoitzean dauden ondare plaketan eskuragarri dauden QR kodeak eskaneatu daitezke, Tolosa turismoko webgunea bisitatu daiteke, edo Spotify eta Google Podcast plataformetan bilatu daitezke.

Bestelako bisitak

Bisitariei begira ere eskaintza indartuko dute herriko beste hainbat eragile eta ekoizlek. Txotxongiloen munduan murgiltzeko, txokolatearen prozesua ezagutu eta dastatzeko, edota erlezaintzaren berezitasunak eta produktu aniztasuna ezagutzeko aukera izango da, besteak beste.   

Topic, Txotxongiloen Museoa

  • Asteartetik ostiralera 10:00-13:00 / 16:00-19:00 

  • Asteburuak edo jaiegunak 10:30-14:00 / 16:00-19:30

Rafa Gorrotxategi, Txokolatearen museoa eta tailerrak

  • Bisita libreak: 

    • Larunbatetik astelehenera 09:00-14:00

    • Asteartetik ostiralera 09:00-14:00 / 16:00-18:00.

  • Bisita gidatuak eta txokolate tailerrak aurrez hitzartuta

Balerdipeko Erleak, egun batez erlezain

  • Bisita gidatuak erlauntzara eta produktuen dastaketa:

    • Larunbatetan 10:00-12:00

Sarrerak webgunean edo info@balerdipeko.eus-era idatzita.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA