Tolosako Azoka indartzen eta sustatzen jarraitzeko marka irudi berria eta Azoka Lagunak egitasmoa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/10/21 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Hiri ekonomian larunbateroko azokak duen pisu eta garrantzia dela eta, azokaren inguruko azterketa sakona egin da azoka etorkizunean kokatu eta mantentzeko eman beharreko urratsak identifikatzeko helburuarekin.

  • Ildo horretatik, Azoka garai berrietara egokitzea helburu estrategikotzat jo du udalak eta hori dela eta garatu eta abiarazi dira proiektu berriak: marka irudia, Azoka Lagunak proiektua eta webgune berria.

  • Olatz Peon Ormazabal: “azoka indartzea lan ildo estrategikoa da guretzat, eta hala jasoa dugu 2019-2023 Legealdi Planean. Une honetan larrialdi egoerak baldintzatuta, testuinguru berrira egokitzea da lehentasuna, azoka segurtasun eta berme guztiekin egin ahal izateko, baina etorkizunera begira jarri nahi dugu azoka proiektu berri hauekin guztiekin”

 

Azoka, Tolosaren hiri ekonomiaren oinarri garrantzitsua da, horregatik garai berrietara egokitzeko apustu sendoa egina du udalak. Eta helburu horren baitan kokatuta daude gaur aurkeztutako hiru egitasmoak: marka irudi berria, Azoka Lagunak proiektua eta azokaren webgunea.

2018ko azaroan, larunbateroko azokari buruzko aztekerta eskatu zuen udalak azokako ekosistema osoaren argazki orokorra izan, eta aurrera begira, azoka sustatzeko eta etorkizunean kokatzeko eman beharreko urratsak identifikatzeko helburuarekin, hortik abiatuta gerora egitasmo berriak abiarazteko.

Azterketaren emaitzak 2019 urte hasieran jaso zituen udalak, eta orain artean, diagnosiaren emaitza eta ondorioei jarraiki egin da lan. Diagnosiak hiru helburu nagusi zehaztu zituen: Azokaren esentzia eta balioak –kalitatea, tokikotasuna edo jasangarritasuna, besteak beste– mantenduz, itxura modernoagoa ematea, batetik; bestetik, bezero berriak lortzea, gazteengan enfasi berezia jarriz; eta, azkenik, erosketa esperientzia hobetze aldera, antolaketa eta iruditeria eguneratzeaz gain, dinamizazioa sustatzea.

Hain zuzen, helburuok, estrategikotzat ditu udalak: “Azoka indartzea lan ildo estrategikoa da guretzat, eta hala jasoa dugu 2019-2023 legealdi planean. Une honetan, larrialdi egoerak baldintzatuta, testuinguru berrira egokitzea da lehentasuna. Udal baliabide asko bideratu ditugu horretara, azoka segurtasun eta osasun berme guztiekin egin ahal izateko. Baina etorkizunera begira ere jarri nahi dugu azoka proiektu berri hauekin guztiekin”, aitortu du Olatz Peon Ormazabal alkateak.


Diagnositik hiru erronka

Azokaren oinazea abiapuntutzat hartzea ezinbestekoa izan da norabide berri horiek definitzeko. Horregatik, diagnosian azoka bere osotasunean aztertu zen: bezeroen eta saltzaileen profilak zehaztu eta ohiturak identifikatu, irisgarritasun eta antolaketa aztertu, analisi komunikatiboa egin, erabiltzaile eta eragile hainbaten testigantzak jaso, beste herri batzuetako esperientziak bildu… “Oso azterketa sakona da, zehatza, esparru eta aspektu guztiak kontutan hartzen dituena. Etorkizunean lanerako gidaliburu bat izango da”, azaldu du Nerea Letamendia, Merkataritza, Azokak eta Turismo zinegotziak.

Hiru lan ildo identifikatu zituen azterketak. Bata, “Azokan erosten badut, herriaren alde egingo dut” sinesmena gizarteratzeko beharra, konfiantzan oinarritutako harremanak sortu eta tokiko kontsumoa indartzeko. Bigarrenik, azokako hiru espazioen arteko lotura hobetzea. Eta, azkenik, azokaren eta tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren arteko sinergiak sendotzea.

Azken urtean, lan-lerro horiek jarraituz, lau proiekturen garapenean murgildu da Tolosako Udala, etorkizunean azoka indartzeko helburuarekin: identitate berria, seinaleztapenaren hobekuntza, digitalizazioa eta dinamizazioa.
 

Marka berri bat

Irudia berritzea izan zen abiapuntua. Larrialdi egoerak bere erabilpena aurreratzea behartu bazuen ere, marka edo identitate berria aplikatuko da aurrerantzean elementu guztietan. Irudia modernizatzea eta hiru guneei bateratasun bat ematea izan dira helburu.

Tolosako Chroma Estudioa arduratu da lanketaz, eta urtaro aldaketan oinarrituz, marka “dinamiko eta gazteago” bat garatu du. “Pertzepzio aldaketa bat eragin nahi dugu zentzu askotan, kontsumo-ohiturak aldatu eta azoka etorkizunean errotzeko: zentzu tradizionaletik moderno eta gaztera salto egin nahi dugu; ekoizleak ezezagun izatetik ikusgarri egitera pasa; produktuak ez ezagutzetik, jakinez erostera; edo antolaketa falta batetik, itxura antolatu bat erakustera. Marka berriak horretan lagunduko du”, azaldu du Juan Urretavizcaya Chromako sortzaileak.

Azokako hiru guneak, egoeragatik une honetan bost direnak, elkarren artean gehiago lotzeko lanean ere murgilduta dira. Zentzu horretan, espazioen arteko seinaleztapena hobetuko da, bezeroen esperientziak aberasteko.

 

Azoka Lagunak kluba: transmisioa sustatzeko tresna digitala

Tolosako Azokaren trantsizio digitalaren oinarrietako bat Azoka Lagunak kluba izango da. Larunbateroko jarduera babesteko eta sustatzeko, erosketa-ohituretan eragiteko eta ezagutzaren transmisioa gauzatzeko erabiltzaileak bilduko dituen fidelizazio taldea da.

Azokarekin eta bere balioekin konpromiso bat hartzea ez ezik, ezagutza kolektiboan eragitea bilatzen du egitasmoak. Azokak izan badituelako kontatzeko jakintza eta istorio ugari. Eta, hain zuzen, hori da klubeko kideei abantaila modura trukean emango zaiena.

Publiko gaztean jarri da fokua, batik bat, belaunaldi aldaketa eragin eta bermatu nahian. Horregatik, www.tolosakoazoka.eus webgune berria eta sare sozialak ditu ardatz proiektuak.

Kanal horietatik, nahiz posta elektronikoz, informazioa bidaliko zaie, modu esklusiboan, klubean izena-ematen duten guztiei: garaiko produktuen zerrenda eta batez besteko prezioak, ekoizleen lanari buruzko bideo-erreportajeak…

Hilabetean behin ikastaroak ere antolatuko dira, baserritar, sukaldari eta ekoizleekin, direla tailer, mahai inguru, hitzaldi edo showcooking eran. Produktuen garaikotasunean oinarrituz, elkarrekin ikastea izango dute helburu. Klubeko kideek baino ez dute parte hartzeko aukera izango, eta webgune bidez erregistratu beharko da saio bakoitzera.

Izen-ematea zabalik da http://www.tolosakoazoka.eus webgunean. Doakoa da, eta erregistratzen diren lehen 1.000 lagunek Azokako poltsa jasoko dute opari.

Datozen bi larunbatetan, gainera, etxola bat jarriko da Trianguloan, poltsa horiek banatzeko eta egitasmoaren inguruko informazio gehiago emateko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA