- 'Tolosako Azoka' liburua argitaratu dute Tolosako Udalak eta Xibarit argitaletxeak elkarlanean. Azokaren historia eta ekoizle eta saltzaileen berri ematen da testu eta argazkien bitartez.
- Azokaren eta azoka-lekuen historia pixka bat egiten da lehendabizi eta ondoren Zerkausiko eta Berdura plazako 52 saltzaileren testu laburrak datoz, bere erretratu eta produktuen argazkiekin batera. Argazki zahar batzuk ere badaude tartekatuta.
- Baserritarrei postuz postu banatu diete ale bana eta nahi duen ororentzat salgai egongo da Babel liburu-dendan.
- Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “Tolosaren kokaleku estrategikoa izan da, batez ere, azokaren sorrera hura eta gerora mantenua bermatu duena. Eta egun azoka bera zaigu estrategiko, lehen sektorearen erakusleio izateaz gainera, badelako sozializatzeko gune, baita erakarpen faktore ere, eta ondorioz, aktibitate ekonomikoaren sortzaile hainbat eta hainbat sektoretan. Ezbairik gabe, azokak herriari ekarpen handia egin dio maila orotan, bereziki ekonomiko eta sozialean”.
- Argazki galeria amaieran.
Tolosako Azokak badu bere liburua jada, bere izenari omen eginez gainera: 'Tolosako Azoka'. Gaur eman da ezagutara, larunbata, abenduak 22, Gabonetako Azokaren baitan, Tolosako Udalak eta Xibarit argitaletxeak hilabeteak atzera landu duten argitalpena. Bertan, azokaren historia eta ekoizle eta saltzaileen berri ematen da testu eta argazkien bitartez. Aurkezpenean Olatz Peon Ormazabal alkateak, Patxi Izagirre azokako saltzaileak, Pablo Alberdi azokako kronika egileak, eta Xibarit argitaletxeko Joseba Urretabizkaia eta Joxemi Saizarrek hartu dute parte.
“Tolosako azokak merezi zuen liburu hau” adierazi du Olatz Peon Ormazabal alkateak. “Omenaldia azokari, baina batez ere posible egiten duten baserritar eta ekoizle guztientzat. Tolosako Azokak historia luzea dauka, 1256az geroztikoa. Ordutik, etenik gabe gauzatu da Zerkausia edo Berdura Plazan. Tolosaren kokaleku estrategikoa izan da, batez ere, azokaren sorrera hura eta gerora mantenua bermatu duena. Eta egun azoka bera zaigu estrategiko, lehen sektorearen erakusleio izateaz gainera, badelako sozializatzeko gune, ekoizleentzat zein erosleentzat, baita erakarpen faktore ere, eta ondorioz, aktibitate ekonomikoaren sortzaile hainbat eta hainbat sektoretan. Azokak herriari ekarpen handia egin dio maila orotan, bereziki ekonomiko eta sozialean”.
Olatz Peon Ormazabalen iritziz, “erronka: kontsumo ohituretan eman diren aldaketei nola heldu. Gizarteak aldaketa bat jasan du, bai erosleentzako, baina baita baserritarrentzako ere. Balioan jarri beharrekoa da tokikoa, kalitatezkoa eta garaian garaiko produktua eskaintzen digutela egunero baserritarrek, eta horiexek kontsumitzeak gainera, gure inguruan eragina duela. Belaunaldi berrien inplikazioa da erronka; baserrien biziraupena bermatu eta garapena sustatzea, jomuga. Eman ditugu pausuak horretarako azokako guneen ikerketa bat jarriz abian, Hiri ekonomiaren bueltako lanketan, azoken sustapen kanpainekin... eta beste hainbat. Eta jarraituko dugu. Aisia da askorentzako Tolosako azokara bertaratzea erosketak egitera, baina kontuan behar dugu izan asko eta asko bertatik direla bizi”.
Azokak duen garrantziari jarraiki, azaldu du alkateak, erabaki zutela, Xibarit argitaletxearekin elkarlanean,a zokari buruzko liburua argitaratzea. Testuak Joxemi Saizarrek idatzi ditu eta Joseba Urretabizkaiak atera ditu argazki berriak eta zaharrak moldatu. Horrekin batera Pablo Alberdi agronomoak eta azokako kronistak sarrera bat idatzi du, eta alkateak berak agur bat ere. “Azokaren eta azoka-lekuen historia pixka bat egiten da lehendabizi eta ondoren Zerkausiko eta Berdura plazako 52 saltzaileren testu laburrak datoz, bere erretratu eta produktuen argazkiekin batera. Argazki zahar batzuk ere badaude tartekatuta” azaldu du Joseba Urretabizkaiak.
Joxemi Saizarrek azokaren argazkian sakondu du: “Saltzaile gehienak baserritarrak dira, Tolosaldekoak, adinekoak eta emakumeak gehiago dira gizonezkoak baino. Badira beste batzuk produktuen banatzaileak, Goierri eta Gipuzkoako beste herrietakoak (Nafarroako bat eta Bizkaiko bana ere badaude) eta gazte batzuk badira tartean. Bere parte-hartzeaz, produktuaz eta azokari buruzko galderak erantzun dituzte. Badira 50 urte baino gehiago daramatenak Tolosara saltzera etortzen, kasu batzuetan gurasoen eta aitona-amonen ohitura jarraituz. Zerkausian batez ere barazkiak, fruta, esnekiak, ogia, arrautzak, perretxikoak eta txerrikiak saltzen dituzte. Eta Berdura plazan, landareak, loreak eta barazkiak”.
“Azoka honen abantaila beste denda eta supermerkatuen ondoan, garaian garaiko produktu freskoak eta bertakoak eskaintzea da, tratu zuzena eta pertsonala izanik -jarraitu du Saizarrek-. Saltzaileek onartzen dute merkatu hauen jaitsiera salmentetan, gehienbat gazteek elikadura eta erosketa ohitura desberdinak dituztelako, hala ere orokorrean itxaropentsu agertzen dira etorkizunari begira. Beste herrietako azokekin konparatuta, Tolosan nahiko ondo saltzen dutela aitortzen dute. Larunbatean izatea abantaila dela onartzen dute, beste herrietan astean zehar izaten direlako, eta hemen asteburua izanda eskualdeko eta probintziako jende asko erakartzen du”.
Formatu handiko liburua da, 200 orrialde baino gehiagokoa, argazki handi eta koloretsuekin. Baserritarrei postuz postu banatu diete ale bana eta nahi duen ororentzat salgai egongo da Babel liburu-dendan 35 eurotan.