Tolosako txoko eta istorio ezkutuak ezagutzeko aukera, abuztuan zehar

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/07/29 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Tolosako Alde Zaharra, Azoka, Andre Maria eliza, Santa Klara komentua eta, lehen aldiz, San Frantzisko eliza ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dira astelehenetik larunbatera.

  • Herria norbere kasara ezagutzen dutenentzat azalpenak nonahi eta noiznahi entzuteko aukera ere ematen du sortu berri den audiogidak.

 

 

Urtero moduan, Tolosa eta bere bilakaera ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu Tolosako Udalak. Baina bisitarientzat ez ezik, gure herriari buruzko jakin-mina duten herritarrentzat ere aukera paregabea da aurtengo eskaintza.

Zehazki nolakoa zen Tolosa irla bat zenean? Eta zergatik ote da horrelakoa Berdura Plaza? Edo zeintzuk dira Tolosako Azoka larunbatetan egitearen eta herritik kanpo hain ezagun izatearen arrazoiak?

Bada, gure egunerokoan ikusten ditugun eraikin, plaza, artelan edo txoko ugariren atzean hamarnaka istorio daude, horietako batzuk ez oso ezagunak. Horren adibide dira Andre Maria elizako ganga, Gaztelako Atea bera, jauregiak, Euskal Herria plaza…

Uda honetako lau bisita gidatuk, Tolosako Alde Zaharrari, larunbateroko Azokari eta hiru tenplu nagusiei buruzko azalpenak emango dituzte, abuztuaren 31ra arte.

Tenpluen kasuan, bi bisita mota daude: Andre Maria elizako eskaileretan gora egin eta gangen egurrezko egitura erakusten duena, batetik; eta, bestetik, Tolosako hiru tenpluen –Andre Maria bera, Santa Klara komentua eta San Frantzisko eliza– bisita berria. Izan ere, San Frantzisko elizak bisitarientzat ateak irekitzen dituen lehen aldia da aurtengoa, orain arte ezagutu gabeko istorioak ezagutzeko aukera emanez.

Interesatuek, erreserba egin beharko dute Turismo Bulegoan, bisita zein hizkuntzatan jaso nahi duten zehaztuz: euskara, gaztelera, ingelesa edo frantsesa.

 

Audiogida, azalpenak entzuteko

Aurten, gainera, azalpen horietako batzuk nonahi eta noiznahi entzuteko aukera izango da, podcast formatuko audiogida berriari esker.

18 txoko eta eraikin esanguratsuei buruzko bi minutuko kapitulu motzak ditu audiogidak. Eta, horrela, edozein puntutan egonda ere, ikusten ez den horren inguruko informazioa ere jaso ahal izango da, herria norbere kasara ezagutzea hautatzen duten bisitaren esperientzia hobetuz.

Interes-puntu bakoitzean kokatuta dauden ondare plaketako QR kodeen bidez entzun daiteke audiogida, baita, turismoko webgunean, eta Spotify eta Google Podcast-en ere.


 

Bisita gidatuen eskaintza: uda 2021
 

Astelehenetik asteazkenera

10:00 _ Tolosako Alde Zaharra (1:25h.)

11:30 _ Tolosako 3 tenpluak, Andre Mariako ganga barne (2:00h.)

 

Osteguna eta ostirala

10:00 _ Tolosako Alde Zaharra (1:25h.)

11:30 _ Tolosako 3 tenpluak, Andre Mariako ganga barne (2:00h.)

16:00 _ Tolosako Santa Maria Parrokiako ganga (1:00h.)

17:30 _ Tolosako Alde Zaharra (1:25h.)

 

Larunbata

10:00 _ Tolosako Azoka (1:00h.)

11:30 _ Tolosako 3 tenpluak, Andre Mariako ganga barne (2:00h.)

16:00 _ Tolosako Santa Maria Parrokiako ganga (1:00h.)

17:30 _ Tolosako Alde Zaharra (1:25h.)

 

Prezio arrunta: 3€

Tarifa murriztua: 1,50€ (erretirodunak, 4 eta 16 urte bitarteko haurrak, langabeak, Nekatur edo Basquecard txartela dutenak.

Doako tarifa: irakasleak eta 4 urtetik beherako haurrak

 

Salmenta, erreserbak eta elkargunea:

Tolosaldea Tour Turismo Bulegoa (Andre Maria Plaza)

943 697 413 // tour@tolosaldea.eus

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA