- Esneki, Euskal Herriko gazta eta esnekien azoka berezia ospatuko da Tolosan, azaroaren 3tik 5era.
- Egitarauak, besteak beste, Euskal Herriko gazta mota guztien lehiaketa, Frisoi Txapelketa, profesionalentzat kongresua edota ikastaro herrikoiak barnebilduko ditu.
- Gazta eta jogur txapelketan izena emateko azken eguna urriaren 21a izango da.
Azoka berezi bat gehiago izango du aurrerantzean Tolosak: Esneki. Eliker, Kalitatezko Elikaduraren Zentroak, Tolosako Udalaren, HAZIren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Leartiker eta Esneki Zentroaren laguntzarekin sustatuta, esnekien inguruko hitzordu gastronomikoa izango da, azpimarra nagusia gaztan jarriz.
Euskal Herriko gazta eta esneki aniztasunaren erakusle izango da Tolosa, azaroaren 3tik 5era, esnetik sortutako produktu mota guztiek izango baitute kabida azoka berri honetan. Hain zuzen, oparotasun hori balioan jarri eta gizarteratzera dator, eta horretarako hitzordu formatibo, gastronomiko eta gozagarriak uztartuko ditu.
Lehen sektorearekiko Tolosak duen konpromisoen adierazle ere bada, Xarles Iturbe, Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotziak azpimarratu duen eran: “Esnekien bueltan, produktu aniztasun handia dago; abeltzaintza, gaztagintza eta esnegintza errotuak daude Euskal Herrian, eskualdean, eta baita Tolosan ere. Duela mende askotik saltzen da gazta Tolosako Azokan; sari ugari lortu dituzten ekoizleak ere baditugu inguruan eta gure herriko sukaldaritzaren ikur ere badira esnekiak. Gaur bildu garen Iurreamendi egoitzako eraikin honetan egin ziren ere bai esne sektoreari lotutako lehen formazio saioak. Horrek guztiak eraman gaitu Esneki Tolosan ospatzera. Tradizioari eutsiz, lehen sektorea eta elikadura katea etorkizunean kokatzea da xedea, lehen sektorea indarberritzeko eta tokiko produktuak merkaturatzeko, baita lan horren aitortza modura ere. Eta esneki eta gazta ekoizle guztiei lekua eta protagonismoa emanez egin nahi dugu hori”.
Erronka horiekin bat datoz, hain justu, Eliker Zentroaren helburu nagusiak. Bere arduradun Imanol Zubelzuren hitzetan, “ezinbestean gizartean ere landu beharreko erronkak ere badira, eta herritarrengan kontzientzia hori pizteko aukera eskaintzen du Esneki bezalako hitzordu zabal eta anitz batek, profesionalen eta herritarren formazioa sustatuz”.
Esnegintza sektoreak eskatutako behar bati erantzuna emateko helbura du, halaber, Malen Sarasua, Leartikerreko ikerlari eta gazta adituak nabarmendu duenez: “Dibertsifikaziorako joera eman da. Ardi gazta ondua nagusi den arren, gero eta gazta mota gehiago ekoizten dira, horietako batzuk ia galduta zeuden euskal errezeta tradizionalak berreskuratuz sortutakoak. Ezkutuko lan asko dago horren atzean, eta oraindik ezjakintasun handia ere bai. Nolabait, aniztasun hori balioan jarri eta gizarteratzera dator azoka berezi hau”.
Euskal Herriko gazta eta esneki onenaren bila
Euskal Herriko zazpi probintzietan ekoiztutako gazta eta esneki mota guztien txapelketan zentratuko dira begirada gehienak, horixe baita Esnekiko hitzordurik nagusienetako bat. Azaroaren 5ean, larunbat goizez, ospatuko da, Beotibar Pilotalekuan.
Hamar mailatan banatuko da lehiaketa: gazta fresko eta gaztanberak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak, pasta egosiak, gazta kremak eta jogurtak. Maila bakoitzean beste bi azpi-kategoria ere izango dira: alde batetik, gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutakoena; eta, hirugarren bati esnea erosi eta eraldaldatzen dutenena, bestetik.
Azpi-kategoria horietako bakoitzean puntuaziorik onena lortzen duten lehen hirurek jasoko dute saria. Behin hori argituta, gazta maila bakoitzeko irabazleen artetik sari nagusia nork eramango ebatziko da. Gazta hori izango da txapeldunen artean txapeldun.
Epaimahaia 40 pertsonak osatuko dute eta produktu bakoitzaren ezaugarri organoleptikoak baloratuko dituzte: itxura, ehundura, zaporea, usaina eta balorazio orokorra.
Ekoizleek urriaren 21a baino lehen eman beharko dute izena esneki.eus webgunean, eta horrekin batera, aurkezten duten produktu bakoitzaren xehetasunak azaldu beharko dituzte. Fitxa horiek webgunean bertan eskuratu daitezke, lehiaketako oinarri guztiekin batera.
Lehiaketak irauten duen bitartean, gainera, gazta aukera zabal hori ezagutzeko eta jateko dastaketa gidatua egingo da pilotalekuan bertan. Ordu erdiko seina txanda eskainiko dira 10:00ak eta 12:30ak bitartean, gehienez ere 20 pertsonako taldetan banatuta. Leartikerreko adituen emango dituzte gazta bakoitzaren ezaugarrien inguruko azalpenak. Txartelak datozen egunotan jarriko dira eskuragai, esneki.eus-en, 5 euroren truke. Pertsona bakoitzak gehienez bost sarrera eskuratu ahal izango ditu.
Ez da produktuak dastatzeko aukera bakarra izango. Bezperan, hilaren 4an, esnekietan oinarritutako afaria eskainiko du Mahaia Kolektiboak, inguruko sukaldari eta ekoizleen laguntzarekin. Otordua ferialekuan izango da, eta txartelak 50€-ko salneurria izango du. Hori ere webgunearen bidez erosi ahal izango da.
Esperientzia hezigarriak abereekin eta sukaldean
Jakiak dastatuz gozatzeko ez ezik, dibulgazio eta formazio helburuak dituzten esperientziak ere barnebilduko ditu egitarauak, izan profesionalei zuzendutakoak, nahiz herrikoiak.
Azaroaren 3an, ostegunean, bi hitzordu izango dira. Batetik, gazteentzako ‘Delaletxe’ sukaldaritza ikastaroa, Fronton jatetxean. Esnekien errezetak egiten ikasi ahal izango da, Sonia Tapiaren eskutik. Beste saioa, ‘Gaztaren bueltan’ izenekoa, elkarte gastronomikoei bideratutakoa izango da, eta hain zuzen, mahaiaren bueltan jarriko ditu elkarteetako bazkideak, gaztak eta esnekiak dastatu, eta beren ezaugarriak ezagutzeko. Elkarte bakoitzeko bina pertsonak eman ahal izango dute izena, gehienez.
Hurrengo egunean, sektoreko profesionalak bilduko dituen topaketa egingo da Basque Culinary Centerren. Esnekiek gurean izan duten bilakaera, etorkizuneko erronkak, salmenta eredu berriak edo Euskal Gazten berreskurapena izango dira mintzagai, besteak beste, Malen Sarasua bera, Enric Canut, Clara Diez, Angel Nepomuceno edo Mikel Zeberioren gisako aditu eta arituekin.
Lehen sektorea herrira gerturatu, eta animalien zainketa eta ongizaterako lanak bertatik bertara ezagutzeko hiru aukera ere eskainiko dira Esnekin zehar.
Lehena, ostiral arratsaldean, ferialekuan: ‘Errapetik ahorainoko bidea’ izeneko familientzako esperientzia hezigarriak, behiak jeztetik esnea eraldatu eta produktuak sortu arteko prozesuaren berri emango du. Urrats bakoitza nola egiten den ikusi ahal izango da saioan, Leartikerreko ikerlarien, eskualdeko baserritarren eta AMA Jatetxeko Javi Rivero sukaldariaren eskutik. Izen-ematea doakoa da eta esneki.eus-en egin beharko da.
Larunbatean izango dira beste bi esperientziak. Ferialekuan Euskal Herriko XIII. Frisoi Txapelketa egingo dela aprobetxatuz, behiak ileapaindegian nola prestatzen dituzten erakutsiko da 09:00etatik aurrera. Txapelketa bera 09:45ean hasiko da.
Eta 11:00etatik aurrera, berriz, San Frantzisko pasealekuak esnetan blaitzeko hiru jarduera hartuko ditu: batetik, etxeko txikienek txekorrei esnea edaten emateko aukera izango dute; Leartikerren eskutik, hiruzpalau esne dastatzeko aukera ere izango da, bakoitzaren bereizgarriak ezagutzearekin batera; eta Orendaingo Larreta esnetegiak esnekiak zuzenean nola eraldatzen dituen erakutsiko du. Artxibo parean kokatuko den gune hau irekia izango da, eta ez da izena eman beharko parte hartzeko.
Egitaraua
OSTEGUNA, AZAROAK 3
18:30, Fronton Jatetxea.
‘Delaletxe: errezetak esnekiekin’ Gazteentzako sukaldaritza ikastaroa Sonia Tapiarekin.
19:00, Tolosako Elkarte Gastronomikoa.
‘Gaztaren bueltan’. Elkarte Gastronomikoentzakoo formakuntza eta dastaketa.
OSTIRALA, AZAROAK 4
10:00, Basque Culinary Center
Esneki, Topaketa sektoriala. Egitaraua:
10:00. Agurra
10:15. Esnekien ibilbidea Tolosaldean (Tolomendi)
10:30. Euskal Gaztagintza Sektorearen Diagnosia (Malen Sarasua-Leartiker)
10:50. Etorkizuneko erronkak (Enric Canut)
11:20. Atsedena: gazta-dastaketa
11:45. Salmenta molde berriak (Clara Diez)
12:15. Higieniko-sanitarioen ezarpena gaztagintzan (Angel Nepomuceno)
12:30. Gazta atzo, gaur eta bihar (Mikel Zeberio)
12:50. Euskal Gaztak, mahai ingurua
18:00, Tolosako Ferialekua
‘Errapetik ahorainoko bidea’: familientzako esperientzia hezigarria. Behiak jeztetik esnekiak eraldatzera, Javi Rivero (AMA), Malen Sarasua (Leartiker) eta esne ekoizleen eskutik.
20:30, Tolosako Ferialekua
‘ESNEKI’ esperientzia gastronomikoa. Esnekien inguruko afaria, Mahaia Kolektiboarekin.
LARUNBATA, AZAROAK 5
08:00, Trianguloa eta San Frantzisko pasealekua
Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka Berezia
09:00, Tolosako Ferialekua
Erakustaldia: frisoi txapelketarako behiak ileapaindegian.
09:45, Tolosako Ferialekua
XIII. Frisoi Txapelketaren hasiera
10:00 / 10:30 / 11:00 / 11:30 / 12:00 / 12:30, Beotibar Pilotalekua
Euskal Herriko Gazta Mahaia. Euskal gazten aniztasuna ezagutzeko dastaketa gidatua.
11:00, Beotibar Pilotalekua
‘ESNEKI’ Txapelketa: Euskal Herriko gazta eta esneki mota guztien txapelketa
11:00, San Frantzisko pasealekua
ESNETAN jarduerak: Frisoi elkarteak sustatuta txekorren zainketa gunea, Leartikerren esne-dastaketa gunea eta esnekiak eraldatzen ikasteko erakustaldia Larretaren eskutik.
13:00, Beotibar Pilotalekua
‘ESNEKI’ Euskal Herriko gazta eta esneki mota guztien txapelketako sari banaketa.
14:00, Tolosako Ferialekua
Euskal Herriko XIII. Frisoi Txapelketako sari banaketa.