Udaberria aurreratu da?

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/02/04 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

Larunbateko tenperatura goxoei esker, gozatzeko azoka goiza izan zen larunbatekoa. Askok, klimari erreparatuta, udaberriko produktuak espero zituzten, ilarrak edo baba freskoa, esaterako. Baina, ematen duenez, itxaron egin beharko da produktu horiez gozatzeko. Ez da denbora asko izango, ordea, larunbatean dagoeneko hainbat ekoizlek aurreratu baitzuten ilar landareek dagoeneko duten itxura ederra. Ematen duenez, eta eguraldiak laguntzen badu, ekoizpena aurrerapen pixka batekin iritsiko da eta, batez ere, primerako kalitatearekin. Ikusiko dugu.

Eguraldi iragarpenek aurreratu dutenez, aste honetan aldaketa meteorologikoa etorriko da, hotza eta negu giroa ekarriz. Askori nagia eragingo die horrek, baina naturak berezko dituen garaiak bizi behar ditu eta hotza ere beharrezkoa da prozesu fitologikoak bere osotasunean emateko. Dudarik gabe, eskiatzaileek eta riderrek eskertuko dute aldaketa, batez ere pasa den asteburuan izan ditugun tenperaturak ikusita.

Larunbatean barazki aukera zabala ikusi zitekeen azokako mahaietan, kalitate handikoa, gainera. Porruak, eskarolak, letxugak, lolloak, azelgak eta espinakak zeuden, neguko gaixotasunei aurre egiteko primerakoak. Arinkeria onartzen badidazue, seguru barazki horiek mendebaldetik datozen birusak eta pandemiak gainditzen lagunduko digutela, edo, gutxienez, bertako gripeak sendatzen edo haien ondoeza arintzen. Neguan zehar astero-astero azokako mahaietan izan dugun eskaintza eztiarena izan da, ezbairik gabe, eztulak eta katarroak gainditzeko primerakoa. Egun hauetan gora egiten du propoliaren edo jalea errealaren kontsumoak. Askorentzat edozein sendagai baino eraginkorragoak dira, eta kontsumoa neurtuta eta modu prebentiboan hartuta, neguko hilabete hotzak gainditzen laguntzen dute.

Garai honetako beste izarretako bat fruta eskaintza da. Kalitate oso oneko sagarrak, bertakoak denak, edo haietatik eratorritako zukuak eta sagar dultzea edo menbrilloa oso egokiak dira azokan aurki daitezkeen gazta barietate ezberdinekin batera jateko. Gazta horien arten dago bertako gazta berria, ardi esnearekin egindakoa. Aurten ohi baino lehenago iritsi da, eta asko dira dagoeneko gazta horrekin gozatzeko ari direnak. Azokan salgai dauden gainerako gazten heltze mailak zaildu egiten du bat aukeratzea, eta hori nabaria da azokan ibiltzen diren askoren poltsek jaregiten duten usain berezi horri esker.

Berdura plazak landare apaingarrien eskaintza handia hartu zuen, bai lorontzietan saltzen ziren loreekin, eta baita zuhaiska txikiekin ere. Udaberri atarian ohikoak izaten diren lorezaintza lanetarako egun aproposa zen larunbata. Oraindik badago aukera horretan aritzeko, baina larunbatean asko izan ziren aukera aprobetxatu zutenak, udaberri giroak bultzatuta.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA