Zuhurtzia eta erantzunkidetasuna eskatu diete udalak eta ostalariek herritarrei larunbatari begira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/06/17 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

Une zail eta gogorrak bizi izan ditu Tolosak pandemiaren ondorioz azken hilabeteotan, Covid19ak gogor kolpatu baitu herritarren egunerokotasuna eta baita jarduera ekonomikoa ere. Eta pasarterik ilunena ere ezagutu dugu, hainbat herritar utzi ditugulako bidean.

Argia ikusten hasiak bagara ere, arduraz eta zuhurtziaz jokatzen jarraitzea ezinbestekoa da gu guztion segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Beraz, egoera honetan ezinezkoa da San Joan jaiak normaltasunez eta urtero bezala ospatzea. Hori dela eta, aurten ez da San Joan jairik egingo, jende pilaketak ekidin behar direlako.

Kuadrila Eguna ere ez da egingo, antolatzaileek, udalaren babes osoarekin, hala erabakita, herritar guztion osasuna bermatzeko. Hortaz, larunbatean ez da festarik izango, arduragabekeria izango litzatekeelako milaka eta milaka tolosar kalean elkartzea. Ezinezkoa da, baina, kuadrilen topaketak ekiditea, baina udalak eta ostalariek kezka azaldu dute gai honen inguruan eta herritarrei erantzunkidetasunez jokatzeko eskatu diete.

Larunbatean hainbat eta hainbat kuadrilek bazkariak egingo dituztela jakinda, udalak neurri bereziak hartuko ditu eta plazak bereziki zaindu. Ostalariek ere beren jarduera aurrera eramateko orain arteko segurtasun eta prebentzio neurri guztiak bete beharko dituzte eta ohiko ordutegia izango dute, larunbatean ez delako festarik izango.

Gauzak horrela, udalak eta ostalariek zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko eskaera egin diete herritarrei, ardura guztiona baita eta erantzunkidetasuna partekatua. Festarako gogo eta grinak ez ditzala gainerako herritarrentzat arriskutsuak izan daitezkeen egoerak sortu.

Izango dugu aurerrago festarako tartea, baina orain, guztion osasun eta ongizatea bermatzeko, arduraz eta errespetu osoz jokatzen jarraitu behar dugu.

 

Tolosako Udala eta Tolosako ostalariak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA