- Udalak ez du garbiketa mota hau egiteko eskumenik, baina ofizioz jardun ahal izango du Alde Zaharrak Eusko Jaurlaritzaren ‘Monumentu multzo’ izendapena duelako; gainerako zonaldeetarako beste soluzio batzuk aztertzen ari da udala.
- Eraikin horietako jabekideekin harremanetan jarriko da udala, eta eskaera orria bete eta sinatu beharko dute, garbiketa lan hori egin ahal izateko.
Tolosako Udalak hirigune historikoko eta Euskal Herria plazako eta bere inguruetako kaleetan bide publikoan dauden eraikin pribatuetako fatxadetan pintadak garbituko ditu.
Bizilagunen aspaldiko eskaria da, baina udalak ez du eremu pribatuan halako esku hartze bat egiteko inolako eskumenik eta, nahi izanagatik, ezingo luke horrelako lanik egin. Eraikinak begirune eta apaintasun publikoko egoera onean mantentzeko betebeharra eraikinen jabeena da. Hala jasotzen du 7/2015 Legegintzaldiko Errege Dekretuak. Badira, ordea, zenbait salbuespen: esaterako, iraingarriak (sexista, arrazista edo pertsona/kolektibo jakin baten aurkakoak) diren pintadak garbitzen ditu udalak, eta hala egiten jarraituko du.
Marko juridikoa aztertu eta gero Alde Zaharrean garbiketa egin ahal izateko oinarria topatu du udalak. Euskal Kultura Ondarearen 14/2023 Legeak jasotzen du titularrek ez badituzte betetzen ondasunak kontserbatzeko betebeharrak, foru-aldundiek eta udalek ofizioz hartuko ahal izango dituztela ondasun hori galtzea saihesteko beharrezkoak diren neurriak.
Bi baldintza nagusi izango dira udalak lan hori egin ahal izateko: alde batetik, jabekideek baimena eman beharko dute; bestetik, modu antolatuan eta errepikatuan ematen direnak garbituko dira. Hau da, modu isolatuan edo antolakuntza modu bati erantzuten ez diotenen kasuan, jabekide erkidegoaren ardurapean geldituko dira.
Zergatik Alde Zaharrean?
Ondarearen babes ikuspegitik legoke justifikatuta esku hartze hau. Hau da, ulertzen da babestu beharreko ondasun juridikoa ondare arkitektonikoa dela, eta ez jabetza pribatua. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 1995. urtean ‘Monumentu multzo’ izendatu zuen Tolosako Alde Zaharra, bere osotasunean. Bizi duen egoera ikusita, biziberritzeko Hiri-Berroneratzeko Plan Integrala abian du udalak. Azken boladan, gainera, mota askotako pintadak ugaritu dira eta horiek garbitzea urrats bat izan daiteke biziberritze prozesuan.
«Kontziente gara Alde Zaharretik kanpo bizi diren eta beren fatxadetan antzerako pintadak dituzten bizilagunen beharrak ez dituela asetuko honek. Momentuz Alde Zaharrean bakarrik egiteko bide administratiboa topatu dugu, eta aztertzen ari gara zein beste eratara egin ote genezakeen zerbait Alde Zaharretik kanpo daudenak ere garbitu ahal izateko», azaldu du Ander Figuerido, Hirigintzako zinegotziak.
Baimenak
Horretarako, ordea, eraikineko jabearen edo jabeen baimena beharko du udalak, baita sor litezkeen balizko kalteengatik udala eta garbiketa enpresa erantzukizunetik salbuesteko berariazko deklarazioa ere. Pintadak detektatuko dituzte udalak eta garbiketa enpresak, eta pintada bakoitza eta fatxadaren ezaugarriak (materiala, babes-maila, etab.) kontuan izanda, bertan zerbait egiterik duen ala ez erabakiko du. Ondoren, eraikin horietako ordezkariekin jarriko dira harremanetan, baimenak kudeatzeko. Baimen bat beharko da garbiketa egiten den bakoitzeko. Datozen asteotan hasiko da udala jabeekin harremanetan jartzen.
Nola egingo dira garbiketa lanak eta zein baldintza ditu?
Behin baimenak eskuratuta, kale-garbiketaren kontratua emakidan duen enpresak burutuko ditu lanok, gradualki. Eraikinaren edota materialen ezaugarrien arabera, egin beharreko lana ezberdina izango da: batzuetan pintada ezabatzeko garbiketa lanak egingo dira; hori posible ez den beste kasuetan, aldiz, gainetik margotzera mugatuko da zerbitzua. Eskaera-orrian zehaztu beharko da egin beharreko lana zein motatakoa den.
Argitu behar da ezingo direla detektatutako guztiak garbitu, garbiketarako erabiltzen diren materialen ezaugarriengatik, osagai batzuk kalteak eragin baititzakete gainazal batzuetan. Hala, kalteak ez areagotzeko, erakusleiho, burdin hesi, arotzeria, egurrezko elementu eta beste gainazal delikatu batzuetan egindakoak ezingo dira zerbitzu honen bidez garbitu.
Bide publikotik at dauden eremuak ere ez dira zerbitzu honen barruan sartuko, hala nola: patioak, garajeetarako edo atarietarako sarbideak eta titulartasun pribatuko beste leku batzuk. Beraz, udalak pintadak bide publikoaren mugakide diren fatxadetan bakarrik garbituko lituzke, baldin eta fatxadetako materialaren izaerak eta bitartekoak horretarako aukera emango balute.
Errespetuz jokatzeko deia luzatu du Ander Figuerido zinegotziak: «Bat egiten dugu bizilagunen kezkarekin, eta herriko ondare guztia, izan jabetza publikokoa ala pribatua, zaintzeko eta babesteko dei egiten dugu».