Amaitu dira Arkauteko teilatua berritzeko lanak

Tolosako Udala
2022/09/23 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak

Tolosako Udalak Arkauteko teilatua berritzeko lanak amaitu ditu. 2022 urteko aurrekontu proiektuan jasotako egitasmoak abiarazten jarraitzen du Udalak, eta ekainean Arkaute eraikineko teilatua eraberritzeari ekin zion, egoera txarrean zegoelako eta segurtasuna bermatzeko eraberritze-beharra zuelako.

Obra hauei esker maldadun teilatua eta estalki laua (terraza) eraberritu dira, eraikin baten kontserbazio lan gisa. Teilatuak ur sarrera puntualak jasan izan ditu eta, horrek urteetan sortutako narriadura kontuan izanda, teilatuaren azterketa orokorra egin zen. Bertan aurreikusitakoa oinarri hartuta, egitura puntualki sendotu da eta, urak eragindako kaltearen ondorioz hondatuta zeuden habexka batzuk ordezkatu dira.

Obra zuzendaritza Arretxe Aholkularitza enpresari esleitu zitzaion lizitazio bidez, eta eraikuntza lana, aldiz, IZ4 Guipuzcoa S.L. enpresari. Ekainean hasi ziren obrak eta lanak aurreikusitako epean amaitu dira eta guztira 107.190,20 euroko aurrekontua izan dute, BEZ barne.

Hurrengo pausua: eraikin osoaren proiektu integrala

Aurtengo aurrekontu proiektuan aurreikusia dago baita ere, eraikina barrutik erabat berritzeko proiektua egitea.