Amaituta San Frantzisko eta Pedro Tolosako kalearen artean biribilgunea eraikitzeko lanak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/06/03 | Obrak, Zerbitzuak
  • Lehentasunak aldatu egin dira eremuan, oinezkoak erdigunean jarrita. Espaloiak zabaldu egin dira, bidegorriak autoen espazioa hartu du eta biribilguneari esker trafiko fluxuak arindu egingo  dira.  
  • Lanak Tolosa Badabil Mugikortasun Plan Berriaren baitan egin dira, mugikortasun eredu jasangarriagoen aldeko apustuan, bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.

 

Martxoan hasi ziren San Frantzisko pasealekuaren eta Pedro Tolosa kalearen arteko bidegurutzea biribilgune bihurtzeko lanak.

Gaur alkateak, udal ordezkariek eta udal teknikariek bisita egin dute obra eremura, lanak amaitutzat emateko.

Biribilgunea eraiki aurretik, lanak baliatu dira saneamendu sarea berritzeko, euri uren sarea eta ur beltzen sarea bereiziz. Saneamendu lanei esker, sare bakoitza banatu egin da, euri urak zuzenean ibaira bideratzeko eta ur beltzak ur hondakinen araztegira.

Saneamendu sareko lanak egin ahal izateko, hiru metroko baino gehiagoko zuloa egin behar izan da eta hainbat sare gurutzatu behar izan dira, hala nola, telekomunikazio sareak, saneamendua bera, elektrizitate sarea, ur-hornidura sarea eta argiteria publikoa. Edonola ere, lanak iraun bitartean zerbitzu guztiak martxan mantendu dira, une oro.

Mugikortasun paradigma berri baterantz, oinezkoak erdigunean

Mugikortasun eredu jasangarriagoen aldeko apustuan, Tolosa Badabil Mugikortasun Plan Berriaren baitan eta planean jasotako irizpideei jarraituz, oinezkoak erdigunean jartzeko helburuarekin egin dira eremua eraberritzeko eta biribilgunea eraikitzeko lanak, behin betiko irtenbidea diseinatuz oinezkoen ibilbideak, bidegorriak eta ibilgailuen zirkulaziorako galtzadak kontuan hartuta.

Lanen aurretik, autoek zuten protagonismoa osoa eremuan 3 errailekin trafikoa bideratzeko. Bidegorria espaloian kokatuta zegoen eta hainbat tokitan ere espaloiak estuak ziren oinezkoentzat. Orain aldiz, lehentasunak erabat aldatu dira eta oinezkoak jarri dira erdigunean, espaloiak zabaldu egin dira, autoen eremua erabili da bidegorrirako, trafikoa oztopatu gabe. Bizikleten eta oinezkoen kasuan, gainera, norabide ezberdinetan joateko aukera ere izango da, autoen kontrako norabidean joateko aukerarekin eta herritarrek leku gehiagotik igarotzeko aukera ere izango dute.

Trafiko fluxuei dagokienez, biribilgune berriari esker, autoen joan etorriak arindu egingo dira, Larramendin gertatu den moduan. Eta dagoeneko semaforoak ere kendu egin dira.

Egindako lanei esker, beraz, bide segurtasuna eta irisgarritasuna nabarmen hobetu dira.

Biribilgunearen baitan egindako lanez gain, inguruko kaleak ere asfaltatu dira eta Alliri auzotik San Frantziskora errei bakarra dago orain bertako espaloia zabaldu eta bidegorria ere zabaltzeko.

Eremuaren eraberritzeak, hortaz, bizilagunen eta herritarren bizi kalitatea eta erosotasuna hobetuko ditu, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeaz gain, jasangarritasun irizpideei jarraituz, emisioak murriztuko direlako geldirik dauden ibilgailuen kopurua ere murriztearen ondorioz eta zaratak ere gutxitzea lortuko delako.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA