Amarotzeko Auzo-Etxe inguruaren berrantolaketa guztiz amaituta, eremuaren irekiera ekitaldia antolatu du Tolosako Udalak

Tolosako Udala
2022/10/19 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • Ostiralean, arratsaldeko 18:00etan Porrusalda erromeria ikuskizun musikatua eskainiko da haur zein familientzat Udalak Auzo-Etxe ondoan eraikitako estalpean.
  • Auzo-Etxearen inguruko espazioa berrantolatzeko jolas gune berria eta erabilera anitzeko espazio gisa erabiltzeko estalpea eraiki ditu Udalak Amarotzen, auzotarren eskaerei erantzuna emanez.

 

Azken urteotan, Tolosako Udalak hainbat lan egin ditu herriko auzo desberdinak eraberritu edota berrantolatzeko eta horien artean kokatzen dira, hain zuzen, Amarotzeko Auzo-Etxe ondoko espazioaren berrantolaketa lanak.

Bertan estalki berria eta naturan integratutako jolas-gunea eraiki ditu. Horretarako, parte-hartze prozesua egin zuen Udalak auzotarrekin eta bertatik ateratako ondorio zein ekarpenei erantzunez diseinatu eta eraman ditu aurrera lanak, proiektua auzotarrekin partekatu eta haiekin adostu ondoren.

Uda amaieratik daude, hain zuzen, bi espazio horiek erabilgarri eta azken hilabete honetan, estalkiko harmailak jartzeaz amaitu du Udalak. Orain, berrantolaketa lan guztiak jada amaituta, irekiera ekitaldia antolatu du Udalak datorren ostiralerako, urriak 21.

Hori horrela, arratsaldeko 18:00etan Porrusalda deituriko erromeria ikuskizun musikatua eskainiko da, Miruren telebista saioko abestiekin, haur eta familiei zuzenduta. Ekitaldia Udalak Auzo-Etxe ondoan eraikitako estalpean egingo da.

Herritar ororen eta bereziki auzotarren gozamenerako berrantolatutako gunea

Auzo-Etxearen ondoko gunearen berrantolaketak jarraipena ematen die azken urteetan Tolosako Udalak auzoan egin dituen lanei, hala nola, frontoi inguruko eremuaren berreskuraketa, asfaltatze lan ugari, Auzo-Etxearen berritzea… Lan horiek guztiek helburu dute tolosarrei, eta, bereziki auzotarrei, gozamenerako, aisialdirako edota elkargunerako espazioak dituen auzoa eskaintzea.

Horrela, eraikitako estalkia erabilera desberdinak emateko diseinatu da eta anfiteatro txiki moduko bat eta harmailak ditu, auzoan antolatzen diren ekintzak bertan egin ahal izateko. Naturan integratutako jolas gunea, halaber, egurrez eraikitako elementuz osatuta  dago, inguru naturala ahalik eta gehien errespetatuz, zuhaitzak mantenduz eta gune berde ahalik eta zabalena bermatuz.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA