- 348.198 euroko inbertsioa burutuko du Udalak. Eraikina bere osotasunean berregokituko da: barnealdeko antolaketa moldatuko da, eraikina eraberrituz ere, eta kanpoaldean arotzeria berritu, eraikina txukundu eta pintatze lanak burutuko dira.
- 2017 hasieran Amarotzeko auzotarrek erabaki zuten 2008an izenpetutako auzoaren garapen urbanistikotik eratorritako Udalaren aprobetxamendua, 1.100.000 euro, zertan inbertitu, tartean Auzo Etxearen eraberritzean.
2017 hasieran Amarotzeko auzotarrek erabaki zuten 2008an izenpetutako auzoaren garapen urbanistikotik eratorritako Udalaren aprobetxamendua, 1.100.000 euro, zertan inbertitu. Orduan Udalak bultzatutako parte-hartze prozesuan osatutako 3 proiektu sortetatik A izenduna aukeratu zuten bizilagunek: Auzo Etxe eta Anbulategiko eraikinak egokitzea, Hexagonoaren ondoan erabilera anitzeko eremu estalia sortzea, Bolatokia egokitzea eta haur parkeen erreforma (lurra eta joko elementuak), horietako bat gutxienez estalia.
Jada Auzo Etxearen eraberritze lanak abian dira eta abuzturako amaituak egotea dago aurreikusia. Eraikina bere osotasunean berregokituko da: barnealdeko antolaketa moldatuko da, eraikina eraberrituz ere, eta kanpoaldean arotzeria berritu, eraikina txukundu eta pintatze lanak burutuko dira. Apirilean hasi ziren lanak: eraispenak bukatuta daude, teilatua garbituta dago eta barrutik distribuzio-lanekin ari dira orain. Aldi berean, elektrizitate eta aireztapen instalakuntzak ere berritu dira. Zorua ere eraberritu da beharrezko guneetan. Egokitzapen lanak abuztura bitarte iraungo dute.
Behin lan guztiak amaituta, honako guneak izango ditu auzo-etxeak: KZgunea, antzokia, sukaldea, bi areto, erabilera anitzeko gela, bi bulego, 3 komun (bat kanpoaldean), biltegia eta pilotalekua. Anbulategiko komuna ere eraberritu da.
Auzo Etxearen eraberritzean 348.198 euroko inbertsioa burutuko du Udalak. Olatz Peon Ormazabal alkateak nabarmendu du auzoak bizi mantentzeko ezinbestekoa dela zerbitzu egokiak bermatu eta, bertan, aisia zein kultur ekimenak bultzatzeko, bizilagunen proiektuak garatzeko edota topaleku izango diren eremuak eskaintzea: “Auzo Etxe berriak ahalbidetuko die bizilagun zein herritarrei Amarotzen ekimen ugari garatu ahal izatea. Apustu garbia izan da auzoarekiko, 2008an bertatik eratorritako aprobetxamendua bertan inbertitzeko konpromisoa betez. Eskertzekoa eta balioan jartzekoa da, gainera, auzotarren inplikazioa uneoro, Auzo Etxearen proiektuan zein egun garatzen ari garenetan”.
Bizilagunek lehenetsitako gainerako proiektuak ere garapen-fasean daude; elkarlanean ari dira lantzen udal-ordezkariak eta auzotarrak. Aurreikusten da hurrengo esku-hartzea Auzo Etxearenkanpoaldean kokatua dagoen parkean burutzea.
2008an iturburu
Tolosako Udalak, 2008an, Orubide erakunde publikoarekin sinatu beharreko hitzarmen urbanistikoa onartu zuen. Hitzarmenaren helburua auzorako aurreikusitako etxebizitza garapenaren baldintzak zehaztea zen. Eta besteak beste, 2 puntu zehazten zituen:
-
Batetik, udalari legez zegokion aprobetxamendua auzoan bertan inbertituko zela.
-
Eta bestetik, lehentasuna sarrera-irteera berriak eta ekipamendu berriak egiteari emango zitzaiola.
Modu horretan, eta Amarozko Auzo Elkartearekin hala adostuta, lehenik eta behin auzoaren sarrera-irteeren urbanizazio proiektua diseinatu eta exekutatu zen.
2018 hasieran aprobetxamendu hartatik geratzen zen diru kopurua - 1.100.000 euro inguru - zein hirigintza dotaziotara bideratu erabaki zuten auzotarrek Amarotzen gauzatutako herri-galdeketan.