Aste honetan hasiko dira Gernikako Arbola berurbanizatzeko lanak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/04/20 | Obrak, Zerbitzuak
  • Obra 4 fasetan gauzatuko da eta 5 hilabeteko iraupena izango dute lanek.

  • Lanen helburu nagusia da oinezkoei lehentasuna ematea eta tolosarrentzat atseginagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa izango den espazioa sortzea.

 

 

Laskorain kaleko obren eta hasi berri diren Euskal Herria plazako lanen ondotik, aste honetan emango zaie hasiera Gernikako Arbola berurbanizatzeko lanei.

 

Aurretik, informazio bilerak egin dira eta Udalak bizilagun eta merkatariek egindako ekarpenak eskertu ditu.

 

Ostegunean hasiko dira eremua obrarako prestatzen eta ondoren, datorren astean, hasiko dira lanak. Hortaz, bien bitartean eremuan aparkatu ahal izango da. Sasoi Eraikuntzak enpresa arduratuko da obra aurrera eramateaz, eta Girder Ingenieros enpresa, aldiz, obra zuzendaritzaz. 2.500 metro karratuko eremuan eskuartuko da eta guztira lanek 478.018,09 euroko kostua izango dute

 

Helburu nagusia oinezkoei lehentasuna ematea

Gernikako Arbola eraberritzeko lanek helburu dute oinezkoei lehentasuna ematea eta bertako irisgarritasuna hobetzea, tolosarrentzat, eremua atseginagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa egiteko.

Izan ere, azken urteotan herrian egin diren hirigintza lan handi zein txiki guztien bitartez bultzatu da helburu hori, oinezkoei protagonismoa ematea, hirigintza ikuspegitik ere, pertsonak erdigunean kokatzeko.

Obrak amaitzean, tolosarrek paseatzeko espazio gehiago eta irisgarriagoa izango dute, espaloiak zabaltzearekin batera, arrapalak birkokatu eta espaloi eta bidea maila berean jarriko direlako. Modu honetara, Gernikako Arbolako eremu osoari jarraitasuna eta koherentzia emango zaio material bera erabilita eta abiadura moteltzeko aglomeratu inprimatua jarriko da.

Noranzko bakarra izango du zirkulazioak eta 14 aparkaleku izango ditu eremuak.

Hiri altzariak eta lorategiak berrituko dira, baita argiztapen instalazio osoa ere. LED argiak jarriko dira energia kontsumoa murrizteko, jasangarritasun energetikoaren aldeko apustuan urratsak eginez.

Azpiegiturei dagokienez, saneamendu-sarea bereiziko da, ur horniduraren kasuan fibrozementozko hodia kenduko da, behe eta ertain tentsioko sareko kanalizazioa berrituko da eta telekomunikazioko sareko aire-linea lurperatuko da.


 

Faseak eta eraginak

4 fasetan gauzatuko da obra eta 5 hilabeteko iraupena izango du lanek. Lehen faseak, bi hilabete eta erdiko iraupena izango du, 2. eta 3. faseek hilabetekoa eta azken fasea hilebete erdian egingo da.

Lehen fasean, Beotibar pilotalekura eta 2,4,6 zenbakidun eraikinetara oinezkoen sarbidea pasarela bitartez ahalbidetuko da. Eta gauza bera egingo da, bigarren fasean, 8 zenbakidun eraikinarekin.

Kaleko aparkalekuei dagokienez, anbulatorioko ibilgailuek soilik erabili ahal izango dute eremua lehen bi faseetan eta Alondegiko aparkalekuak erabilgarri egongo dira une oro.

Anbulategira joateko oinezko hiru sarbideak ere une oro zabalik mantenduko dira.

Obrak iraun bitartean, zerbitzu sarean mozketak egingo dira eta horien berri 2 egun lehenago emango da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA