Astelehenean hasiko dira Laskoain kalea eraberritzeko lanak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/01/08 | Obrak, Zerbitzuak
  • 8 hilabete iraungo dute eta faseka egingo dira. Lanak iraun bitartean etxeetako atarietara eta saltokietara sarbidea bermatuta egongo da eta trafikoan aldaketak egongo dira.

  • Larramendiko biribilgunea egonkortzeko lanak ere datorren astean hasiko dira, eta trafikoa ez da moztuko.

 

Astelehenean hasiko dira Laskoain kalean irisgarritasuna hobetzeko obrak, oinezkoek lehentasun osoa izan dezaten. 8 hilabeteko iraupena izango dute eta faseka egingo dira.

Obrarekin hasi aurretik, datorren astean Paulo Rekondo kalea prestatuko da: obrak irauten duen bitartean trafikoa birbideratzeko seinaleztapenak jarriko dira, edukiontziak lekuz aldatu eta sarrera irteerak egokituko dira, eta obrak gauzatzeko kasetak ipini eta makinaria eramango da.

Obrak irauten duen bitartean trafikoa Paulo Rekondotik bideratuko da, betiere etxeetako atarietara eta saltokietara oinezko sarbidea bermatuz. Paulo Rekondotik sartu beharko da Felipe Digiols-Laskorain aparkalekura, Foruen Etorbidetik Lopez Mendizabal aparkalekura eta Nafarroa Etorbidetik Laskorain 14-16-18 eta Foruen 9 aparkalekuetara. Tarteka sarbidea galarazita egongo da eta abisu bidez jakinaraziko da astebete lehenago. Bestalde, biribilgune bat sortuko dute Paulo Rekondo kale amaieran autoek buelta hartzeko.

Laskoain kalearen eraberritzearekin oinezkoei lehentasuna eman eta bertako merkataritza jarduera sustatu nahi ditu udalak. Kaleko azpiegiturak eta zorua eraberrituko dira eta espaloiak zabalduko dira, eta, besteak beste, hornikuntza sarea berritu eta hiri altzari eta lorategi berriak jarriko dira. Jasangarritasunaren bidean, saneamendu sarea ere berrituko da euri urak eta ur zikinak bereizteko eta Led argiak jarriko dira kale argiztapenean.

 

Larramendiko biribilgunea egonkortzeko lanak eta asfaltatze lanak ere martxan

Datorren astean hasiko dira, baita ere, Larramendiko biribilgunea egonkortzeko lanak eta herriko 4 guneetako asfaltatze lanak.

Larramendiko biribilgunea proba gisa ezarri zen semaforoz araututako bidegurutzearen ordez, eta orain egonkortzeko lanekin hasiko dira aste honetan. Biribilgunea diseinatu eta erdiko irlatxo eta plataforma eraikiko dira, zoladura konponduko da, seinaleztapen horizontal zein bertikala egokitu eta hobetuko da, oinezkoentzako babes-hesiak jarriko dira arriskua dagoen zatitan egurrezko eta altzairuzko hesi mistoak erabilita eta oinezkoentzako pasabideetako galtzada-arrapalak murriztuko dira eremua irisgarriagoa izan dadin.

Lanek irauten duten bitartean trafikoa ez da moztuko eta beharrezkoa den kasuetan paso alternatiboak jarriko dira.

Asfaltatze lanak, berriz, asteartean hasiko dira. Guztira 4 gunetan egingo dira: Andre Mari kalean, Rondilla kalearen atzealdean, San Blas auzoko hilerrirako bidean eta Usabalen, Antenarako bidean. Asteartean Ollaungo bidean hasiko dira eta asteazkenean garbiguneko sarreran egingo dira. Eguraldiak uzten badu, Andra Mari kalea eta Rondilla atzealdeko tren geltokiko bide zatiak ere asfaltatuko dira asteazkenean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA