Bedaioko XII. azoka berezia igandean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/10/25 | Obrak, Zerbitzuak
  • Garaiko produktuen azoka eta salmenta egingo dira, sagardoa nola egiten den ikusteko aukera egongo da, eta Jakoba Errekondok bertaratzen direnen kezkak argituko ditu.

  • Autobus zerbitzu berezia egongo da Tolosatik Bedaiora joan-etorria egiteko.

 

Bedaioko XII. azoka berezia egingo da igandean. Guztira 20 salmenta postu egongo dira, garaian garaiko eta bertako produktuak erosi ahal izateko. “Azoka jasangarria, bideragarria, ekologikoa, auzolanean egindakoa, berdintasunean oinarritua eta bertakoa izango da”.

Azokari hasiera 10:00etan emango zaio, eta 13:45era bitartean egingo da. Bertako babarruna, barazkiak, etxeko labe zaharrean egindako ogia, mondejuak, arrautzak, intxaurrak, sagarrak, gaztainak, piper erreak, etxean egindako postreak, goxoak, esnekiak, gazta, ukenduak, xaboiak… eta beste hainbat produktu erosi eta dastatu ahalko dira.

Sagardoa nola egiten den ikusteko aukera ere egongo da. Tolare txiki bat jarriko dute, eta lehen sagar zukua ere dastatu ahalko da. Baserriko animaliak ere ikusi ahalko dira eta erleen hainbat produktu ere eskuragarri egongo dira.

Azken urteetan izan duen arrakastaren ondoren, Jakoba Errekondo landareetan eta loreetan aditua ere Bedaioko azokan egongo da. Bertaratzen direnen kezkak argitzen egongo da eta “Landareak Lantzen” gida liburua ere salgai izango du.

Erakustoki txokoa eta bazkaria

Jendearen parte hartze handiari esker, azken urteetan azokako gune garrantzitsuenetako bat bihurtu da Bedaioko Erakustoki Txokoa. Aurten, gure amonek eta birramonek ezkontza egunerako prestatzen zituzten eta eskuz egiten zituzten zapiak ikusi ahal izango dira. Ehoziri edo bolillo bidezko eskulanen teknika erakusten egongo da Lules Gabarain, eta aurtengo artista gonbidatua Zorione izango da.

Azoka amaituta, babarrun jana egingo da Artubi elkartean. Bertako babarrunak dastatu nahi dituenak, goizean zehar pilotalekuan salduko dituzten tikeak erosi beharko ditu. 20 euro balioko du tike bakoitzak. Urtero bezala, bertako produktuak biltzen dituen saskirako errifak ere salduko dira.

Autobus zerbitzua Tolosatik

Tolosako Udalak autobus zerbitzu berezia antolatu du Bedaioko azokara joan-etorriak egiteko. Honakoak dira ordutegiak:

  • Tolosa - Bedaio

10:30 → Tolosako San Frantziskoko geltokian

10:45 → Alegin, Kikarako geltokian

10:55 → Ugarten, Bedaiorantz

  • Bedaio-Tolosa

13:30 → Bedaiotik aterako da dagozkion geldialdiak eginez (Ugarte, Alegi
eta Tolosa)

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA