Berazubi estadioko zedroak moztuko dira bihar eta etzi, atletismo pistan sortzen ari diren kalteak saihestu eta kirolarien segurtasuna bermatzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/12/03 | Obrak, Zerbitzuak
  • Tolosako Udalak lorezaintza enpresa bati eskatutako txostenean oinarrituta hartu da erabakia. Zuhaitzak hazi ahala, sortzen ari diren arazoak areagotu egingo direla jasotzen da bertan.

  • Kirolarien segurtasuna bermatzea eta atletismo pistan sortzen ari diren arazoak saihestea da lanen helburua.

  • Lanak direla-eta, Paper kalea itxita egongo da trafikoarentzat bihar eta etzi, 08:00etatik 18:00etara. Horrez gain, MJ. Iraola (Berazubi) eta Paper kaleko hiribusaren geralekuak zerbitzutik kanpo geratuko dira.

 

Berazubi estadioan dauden zedroak kendu egingo dira bihar eta etzi, instalazioetan sortzen ari diren kalteak gero eta nabari eta larriagoak direlako. Zuhaitzak hazi ahala, arazoa ere areagotzen ari da, atletismo pistako zorua altxatzen ari baita. Tolosako Udalak eskatuta, lorezaintza enpresa batek egin duen txostenean oinarrituta hartu da zedroak mozteko erabakia.

Txostenean jasotzen denez, zedroak hasieratik daude gaizki landatuta: “Zuhaitz hostoiraunkorrak dira, eta kirol instalazioaren hegoaldean daude landatuta. Horrek pistaren zati horretan eguzkiak jotzea eragozten du, eta, ondorioz, goroldioa eta hezetasuna sortzen da. Azikula eta pinaburu asko botatzen duen koniferoa da zedroa, eta horrek arazo bat sortzen du atletismo pistan, irristakorra egiten baitute. Etorkizunean arazoa larriagotzen joango da, zuhaitzak hazten eta bolumen handiagoa hartzen duten heinean”. Zedroak moztuta kirol pistaren mantentze lanak erraztuko lirateke. Horrez gainera, “eremu horretan argia eta eguzkia sartuko litzateke, eta ondoko pasealekuan dauden tiloak hazi egingo lirateke” jasotzen du txostenak.

Tolosa C.F elkarteak eta Gipuzkoako Atletismo Federazioko epaileek sarritan adierazi duten kexari erantzuna ematen zaio lan hauen bidez. Izan ere, zedroak moztuta pistan entrenatzen eta lehiatzen aritzen diren kirolarien segurtasuna bermatuko da eta atletismo pistaren mantentze lanak murriztu.

Trafikoan aldaketak

Berazubi estadioan egingo diren lanak direla-eta, abenduaren 4an eta 5ean Paper kalea trafikoari itxita egongo da 08:00etatik 18:00etara bitartean. Hiribusaren ibilbidean ere izango dute eragina lanek, MJ. Iraola (Berazubi) eta Paper kaleko geralekuak bertan behera geratuko direlako. Zehaztutako ordu tarte horretan, honakoa izango da hiribusaren ibilbidea: Rondilla – San Frantzisko – Araba Etorbidea – Iurreko biribilgunea. Hemendik aurrera ohiko ibilbidea egingo du.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA