Bizikleta aparkaleku berriak jartzen ari da Udala mugikortasun eredu jasangarriak sustatzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/11/19 | Obrak, Zerbitzuak
  • Azken urteetan hainbat aparkaleku berri jarri dira herriko eremu desberdinetan bizikletaren erabilera sustatzeko, esaterako kiroldegian edo tren geltoki alboan.

  • Orain 20 aparkaleku modulu berri jarriko dira, guztira 200 aparkaleku berri, eta Tolosan guztira 1200 bizikleta aparkatzeko ahalmena egongo da.

 

Tolosako Udalak “Tolosa Badabil” mugikortasun planean jasotako lan lerroetako bat da bizikletaren erabilera sustatzea eta txirrinduentzako aparkaleku gehiago jartzea, mugikortasun eredu jasangarrien aldeko urratsak emateko.

Hori horrela, iaz Udalak txirrinduentzako 80 aparkaleku sortu zituen kiroldegi alboan, eta aurten, apirilean, bizikletak uzteko gune estali berria jarri zuen Musika Eskola atzean, tolosarrentzat bizikletaz mugitzea erosoago izan dadin. Orain, Udalak 20 aparkaleku gune berri jarriko ditu Tolosan, guztira 200 bizikleta aparkatu ahal izateko. Herrian, orotara, 1200 bizikleta aparkatzeko ahalmena egongo da. Horrez gain, Belena bizikleta aparkalekuko aparkaleku kopurua handitzeko aukera aztertzen ari da Udala. Helburua da herritarrei bizikletak uzteko aukera berriak eskaintzea eta mugikortasun jasangarria sustatzea.

Bizikleta aparkaleku berrien kokapena

Bizikleta aparkaleku berrien kokapenak zehazteko azterketa sakon bat egin du Udalak. Hainbat gauza hartu dira kontuan kokapenak zehazteko: lehendik dauden bizikleta aparkalekuen kokalekuak, herritarrek egindako eskaerak, beti bizikletaz beteta daudelako eskaintza handitzeko beharra duten puntuak, mugikortasun gune erakargarriak eta bizikleten bide nagusien gertutasuna… Hortaz, behar gehien dagoen eremuetan kokatu dira bizikleta aparkaleku berriak.

Udala dagoeneko hasi da bizikleta aparkaleku berriak jartzen. Esaterako, dagoeneko erabiltzeko prest daude Batxiler Zaldibian, Agaramundun, Iurren eta Amarotzen. Jartzeko geratzen diren aparkaleku berriak Tolosako gune hauetan jarriko dira datozen egunetan: San Francisco, San Joan, Belate, Gernikako Arbola, Elkano eta Nafarroa Etorbidea-ko hainbat puntutan.

Herritarrek Tolosako bizikleta aparkalekuen kokapenak kontsultatu ditzakete noiznahi hemen. Udalak epe motzean eguneratuko du aparkaleku berrien inguruko informazioa.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA