- Tolosan bizikletak aparkatzeko bederatzi gune berri sortuko dira zerbitzu publikoen inguruetan. Gune horiekin 42 plaza gehituko dira.
-
Herri barruko desplazamenduetan, oinezko, bizikleta eta garraio publikoari lehentasuna eman nahi dio udalak. Hori dela eta, bizikletak aparkatzeko guneak sortzeko alternatibak bilatzen jarraituko du Udalak.
Tolosako Udalak bizikletak eta patineteak aparkatzeko sarea indartzeko konpromisoa hartu du, aparkaleku gune berriak sortuz eta lehendik dauden batzuk indartuz. Proiektu hau garatzeko, gaur egungo egoeraren analisia egin da, indartu beharreko guneak identifikatzeko.
Gaur egun, Tolosan bizikletak aparkatzeko 2.500 plaza baino gehiago daude, 86 gunetan banatuta. Horietatik, 42 gune bizilekuetatik gertu daude, kale eta auzoetan sakabanatuta, 650 inguru plaza osatuz. Auzo bakoitzean, Amaroz-San Blas/Iparragirre-Bidebieta-Itasagun/Ibarlalde/Igarondon 4 gune eta 72 plaza daude; Usabal-Lurreamendi-Iurre-Berazubin 7 gune eta 80 plaza; Erdigunean (Araba etorbidea, San Frantzisko, Nafarroa etorbidea, Gernikako arbola) 18 gune eta 196 plaza; San Esteban-Zuberoan 2 gune eta 20 plaza; Alde Zaharra-Belaten 4 gune eta 173 plaza; eta Trinkete plaza/Arramele/Sta Luzian 7 gune eta 106 plaza.
Beste 44 guneak Tolosako jarduera puntu nagusienetan kokatuta daude: hezkuntza zentroak (20 gune eta 971 plaza), osasun zentroak (3 gune eta 34 plaza), kultur ekipamenduak (5 gune eta 88 plaza), kirol instalazioak (7 gune eta 623 plaza), garraio publikoko geltokiak (3 gune eta 77 plaza), aisialdi guneak (parkeak) (4 gune eta 44 plaza) eta komerztak-merkatal guneak (2 gune eta 20 plaza).
Bederatzi gune berri sortuko dira zerbitzu publikoen inguruetan, hala nola Lanbide, Correos, Ogasuna eta Paper kaleko kirol gunean, besteak beste. Gune horiekin 42 plaza gehituko dira. Lehendik dauden beste bederatzi gune ere indartuko dira, 92 leku gehiagorekin. Esate baterako, kultur ekipamendu batzuen inguruan aparkaleku gehiago jarriko dira, hala nola Kultur Etxean, Musika Eskolan, Liburutegian eta Leidor Aretoan. Era berean, auzo batzuetan ere indartuko da: Iurre, San Esteban, Amarotz, Berazubi eta Trinkete plaza. Guztira, datozen asteotan, 134 leku gehiago izango dira Tolosan bizikletak aparkatzeko.
Udalak bizikletentzako aparkalekuak sortzeko bidean urratsak ematen jarraituko du. Korreo kalean dagoen Belena patioko bizikleta aparkalekuaren sistema aldatzeko lizitazioa prestatzen ari da, aldaketa horrekin 100 aparkaleku inguru gehiago sortuko direlarik Belena patioan. Bertatik aterako diren orain arteko aparkalekuak udalerrian zehar jarriko dira, beste 50 leku gehituz.
Bizikletentzako ez ezik, patinetentzako aparkalekuak ere jartzen hasia da udala. Udal ekipamendu nagusienetan kokatuko dira: pump track gunean, kiroldegiaren atarian, Berazubi Estadioan eta kultur guneetan.
Mugikortasun jasangarria helburu
Herri barruko desplazamenduetan, oinezko, bizikleta eta garraio publikoari lehentasuna eman nahi dio udalak. Helburu hori lortzeko bidean egingo dira urrats hauek, bizikletaren erabilera indartzeko. Zentzu horretan, bizikletak aparkatzeko gune seguruen sorreran alternatibak aztertzen eta ibilbide seguruak finkatzeko lanean jarraituko du udalak.
Tolosako Udalak mugikortasun jasangarria sustatzeko duen konpromisoa irmoa da, eta ekimen hauek herritar guztien ongizatea eta ingurumenarekiko errespetua sustatuko dute.