-
Paper kalea eraberritzeko lanek 5 hilabeteko iraupena izango dute eta besteak beste erdibitzailea kendu, espaloiak zabaldu eta oinezkoentzako pasabide berriak sortuko dira eremua irisgarriagoa eta seguruagoa izan dadin tolosarrentzat.
-
Asfaltatze lanekin batera, biribilgune berria sortuko da San Frantzisko eta Pedro Tolosa kaleen arteko bidegurutzean.
Urtea hastearekin batera ekingo zaie hainbat hirigintza lanei Tolosan. Datorren astean abiatuko dira Paper kalea eraberritzeko lanak eta baita ere, asfaltatze lanak eta San Frantzisko pasealekuaren eta Pedro Tolosa kalearen arteko bidegurutzea biribilgune egiteko lanak.
Aipaturiko hirigintza lanak 2021 urte amaieran hastekoak baziren ere, horien hasiera data atzeratzea erabaki zuen Udalak, hasi eta Gabonetan geldirik gera ez zitezen. Eguberri egunak igarota, hasiera emango zaie lanei datorren astean.
Datozen egunetan eremua lanetarako prestatzeko lanak egingo dira, besteak beste, hesiak jarri, makinaria ekarri, obretarako etxolak kokatu… eta ondoren hasiko dira hirigintza lanak.
5 hilabeteko iraupena izango dute Paper kalea eraberritzeko lanek
Mugikortasun Plan berriaren baitan zaharberrituko da espazio osoa, irisgarriagoa eta seguruagoa izan dadin tolosarrentzat. Sasoi Eraikuntzak enpresa arduratuko da lanak aurrera eramateaz eta guztira, 559.108,7 euroko (BEZa barne) kostua izango dute obrek.
Lanak, zehazki, Berazubi kaleko eta Iurramendiko biribilguneen artean egingo dira eta galtzadan eta erdibitzailean eskuhartuko da bereziki. Erdibitzailea kendu egingo da eta bidegorriaren zoladura eta seinaleztapena hobetuko dira.
Oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko espaloiak handitzeaz gain, oinezkoentzako pasabide berriak sortu eta goratuko dira. Halaber, kalea 30km/h eremu gisa indartuko da 3 metroko zabalerako errepideekin eta asfalto inprimatuarekin zirkulazio-abiadura murrizteko eta pertsonen segurtasuna hobetzeko.
Autobus-geralekua ere berritu egingo da eta aparkalekuen egoera hobetuko da. Motozikletentzako aparkalekuak eta bizikletentzako hiru aparkaleku jarriko dira, eta mugikortasun urriko pertsonentzako 3 aparkaleku gordeko dira. Argiteria sarea aldatu eta kale-argiteria berrituko da kontsumo baxuko Led argiak jarrita. Horren guztiaren helburua da espazioaren erakargarritasuna eta kalitatea handitzea.
Biribilgune berria asfaltatze lanekin batera
Datorren astean abiatuko diren asfaltatze lanekin batera (San Frantziskon, Usabalgo industrialdean eta Monteskueko paradetako bidean), hasiera emango zaie San Frantzisko pasealekuaren eta Pedro Tolosa kalearen arteko bidegurutzea biribilgune bihurtzeko hirigintza-lanei. Behin betiko soluzio bat diseinatu da, oinezkoen ibilbideak, bidegorriak eta ibilgailuen zirkulaziorako galtzadak barne hartuta.
Biribilgunea egitean, San Frantziskoko eta Alliri auzotik datorren kaleko bi erreiak desagertu eta bakarra utziko da espaloiaren eta bidegorriaren zabalera handitzeko. Beraz, obren hasieratik, San Frantziskoko eta Alliritik datorren kaleko errei bat kendu egingo da eta obra amaitu artean mantenduko dira semaforoak martxan.
Aldaketa honekin, eremuko bizi kalitatea nabarmen hobetzea espero da, bide-segurtasuna eta irisgarritasuna hobetu, zaratak gutxitu eta emisioak murriztuko direlako.
Asfaltatze lanak egiten Usabaldik hasiko dira, eta eremuz eremu eskuhartuko da. Lanak egingo diren azken eremua Pedro Tolosa izango da.