Eraberritze lanak amaituta, gaur zabaldu da Laskoain kalea trafikora

Tolosako Udala
2021/07/05 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • Bi fasetan gauzatu dira lanak eta zazpi hilabeteko iraupena izan dute.

  • Eremuaren irisgarritasuna hobetu da eta orain oinezkoek dute lehentasun osoa.

  • Laskoain kalean merkataritza jarduera sustatzeko, “Gune Biziak” proiektua garatuko da orain. Hortaz, eremuan egin beharreko lan guztiak abuztu amaierarako amaitzea aurreikusten da.

 

Gaur, uztailak 5, zabaldu da Laskoain kalea trafikora. Urtarrilean hasi ziren eremuaren eraberritze lanak eta zazpi hilabeteko iraupena izan dute guztira. Lanen helburua izan da oinezkoei lehentasun osoa ematea, espazioa herritarrentzat atseginagoa egitea eta eremuaren irisgarritasuna hobetzea.

Bi fasetan gauzatu dira lanak. Lehen fasean Laskoain-Nafarroa etorbidea arteko eremua berritu zen eta bigarren fasean, berriz, Laskoain eta Gudari kaleen arteko eremua.

Bertako azpiegiturak berritu dira, eta, jasangarritasunaren bidean, saneamendu sarea berritu da euri urak eta ur zikinak bereizteko, eta kale-argiztapen berria jarri da Led argiak erabilita, energia kontsumoa murrizteko. Irisgarritasuna hobetzeko, espaloiak zabaldu dira eta espaloia zein errepidea maila berean jarri dira. Hiri altzari berriak eta lorategiak ere ipini dira eremu osoan. Lanak amaituta, “elkarbizitza gune” izendatuko da Laskoain kalea, oinezkoek lehentasun osoa izan dezaten. Ondorioz, autoek abiadura murriztu beharko dute bertatik igarotzean.

Merkataritza sustatzeko Gune Biziak proiektua

Kalearen eraberritzearekin bertako merkataritza jarduera sustatu nahi du udalak, Nafarroa Etorbidea edota Gudari kaleekin gertatu den moduan. Eraberritze lan nagusiak amaituta, “Gune Biziak” proiektua garatuko da orain Laskoain kalean, merkataritza paisaia berreskuratu eta merkataritza jarduera sustatzeko. Eremuan egin beharreko lan guztiak abuztu amaierarako bukatzea aurreikusten da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

Ostegunetan 17:00etatik 19:00etara etortzeko, EZINBESTEKOA da hitzordua izatea.

ESKATU HITZORDUA