- Obrak 6 hilabeteko epean burutuko dira eta 1.008.425€ko aurrekontua izango dute eta egingo diren lanen artean, naturan integratutako parke berria sortuko da, kirol instalazio berriekin (pumptrack, skate park eta trial eremua) eta ibai ertzeko pasealekuarekin, herritar ororen erabilerarako eremua izan dadin.
- Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “Usabal potentzial handiko eremua da eta proiektu berriarekin kirola egiteko espazio berriak izateaz gain, ibaiaren presentzia indartuko da eremuan eta naturan integratutako elkarbizitzarako parkea egokituko da, tolosar guztien gozamenerako eta erabilerarako”
Dagoeneko hasi dira Usabal eremuaren 3. faseko lanak. Aipatu proiektua Legealdi Planean jasotako proiektu estrategikoetako bat da eta lanen funtsa da eremua atseginagoa egiteko bertako kirol instalazioak berritu eta horien erabilera optimizatu eta indartzea.
Tolosako alkateak adierazi bezala, “Usabal potentzial handiko eremua da, aukera handiak ematen dituena, horregatik, proiektua egiteko garaian aukera ezberdinak aztertu eta landu dira, beste herrietako kirol eremuak ere aztertu dira, eta proiektua kirol eragileekin eta erabiltzaileekin elkarlanean garatu da”.
Hori horrela, esku-hartzearen bitartez, kirola egiteko eremu berriak sortzeaz gain, naturan integratutako parkea eta ibaiaren albotik igaroko den pasealeku berria sortuko ditu Udalak, ibaiaren presentzia eremuan indartzeko.
Nerco Infraestructuras S.L. enpresa izango da obrak aurrera eramango dituena eta 6 hilabeteko epean amaitzea aurreikusi da. Guztira 1.008.425€ko aurrekontua (BEZ barne) izango dute lanek.
Berdegunez inguratutako kirol parkea
Eremu berriak 14.300 metro karratu izango ditu. Tirolina tokiz aldatuko da eta albo batean kokatuko da.
Skate Park-ari dagokionez, egungo instalazioa handitu egingo da. Helburua da instalazio horrek skateboard maila altuagoko diseinu baterako bidea ematea. Horretarako, lehendik dagoen instalaziotik abiatuta zenbait elementu berri diseinatuko dira inguruan.
Pumptrack-eko pista eraikitzeko, halaber, alboko 3 trazatu/pista sortuko dira bakoitza zailtasun-maila desberdinarekin, mota guztietako erabiltzaileei parte hartzeko aukera emateko: hasiberriak/haurrak, zailtasun ertaina eta zailtasun handia.
Trial modalitaterako eremua ere berrantolatu egingo da eta amaitzeko, egoteko berdegunea ere egokituko da, hiri altzariak jarriko dira eta babes elementuak ere jarriko dira parke osoan zehar herritarren segurtasuna bermatzeko.
Horrez gain, Tolosa-Alegia biderako trazatu berria egingo da eta beraz, bidearen konfigurazioa aldatu egingo denez, oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza ahalbideratzeko bide berria egingo da, 3,6 metroko zabalera izango duena eta pasabide berria ibaira hurbilduko da, kirol-pistetarako tokia uzteko.
Beraz, erabilera anitzeko eta erabilera guztiak integratzeko obra da, natura ikuspegia txertatuta duena eta herritarrei aukera berriak eskainiko dizkiena.
Iraunkortasuna bermatzeko materialak
Parke osoari uniformetasuna emateko material bera erabiliko da eta kirol eremu guztietan hormigoia erabiliko da iraunkortasuna bermatzeko.
Paisaiari dagokionez, ibai-parkearen lerroari jarraipena eman nahi zaio eta kirol pista guztiak zuhaitzez inguratuta geldituko dira. Batez ere, espezie iraunkorrak jarriko dira, haien hosto eta fruituak ez daitezen kirol-pistetara erori.
Hortaz, iraunkortasunari eta mantentze-maila txikiari lehentasuna eman zaie eraikuntzarako materialak eta landaredia aukeratzeko orduan.
Bidegorria itxita, obrak direla eta
Lanak hasiak daude eta ondorioz, otsailaren 6tik aurrera, eremuko bidegorria itxita egongo da. Hala eta guztiz ere, oinezkoentzako ibilbide alternatiboa egokitu da lanak irauten duten bitartean bertako mugikortasuna bermatzeko.